Maite Larburu: 'Gure barruan apurtutako hormek bihotzerainoko bide zuzena erakusten deuskue'
2021-10-18 07:58 BarriketanMusikaria.
Musikari eta performertzat aurkezten dau bere burua Maite Larburuk. Esku artean darabizan proiektuen artean, oraintsu aurkeztu ditu Krak diskoa (Zart) eta Amua antzezlana (Axut! eta Artedrama), biak be artistearen eta personearen arteko mugak zeharkatzen dituen lanak. Zelanbait lotuta datoz Krak eta Amua, antzezlaneko doinu batzuk entzun geinkez diskoan. Carlos Taroncher (klarinete baxua) eta Carlos Aranceguiren (bateria) laguntzinoa izan dau Krak-en; Amua-n, ostera, Manex eta Ximun Fuchs anaiakaz igoten dau oholtzara.
Larburuk berak, abesteaz gan, biolina eta klarinetea joten ditu, bai diskoan eta baita antzezlanaren momentu batzuetan be. Izan be, musika klasikoari lotutako ikasketak ditu, eta antxinako musikan eta mugimendu historizistan sakondu eban Amsterdamgo Konserbatorioan. Herbehereetako uriburuan bizi izan zan 2002tik 2018ra, orain Hernani jaioterrira bueltau dan arren. Antxinako musikako lan profesionalaz aparte, baina, proiektu personalagoak landu zalea da, adibidez, barruko arrakalak aldarrikatzen dituan Krak edo antzerkigintzara lehenengoz eroan dauen Amua.
1.- Krak izen adierazkorra dauka lan barriak. Krak egin dozun bakotxean osatzen joan dan diskoa dalako?
Hori izan dala esan leiteke, bai. Krak egin edo apurtu naizenetan, pozez, inspirazinoz, tristeziaz, nekez… Hunkitzen garenean krak egiten dogula esan leiteke, beraz, kasu horretan bai. Edozelan be, arraila, pitzadura, erreten, zulo, arrakala asko dagoz kantu honeetan, erretenak sarrerak eta urteerak be badiralako eta kantuak, sarri, halako zeozer dira, portal intergalaktikoak, leku edo egoera batetik bestera iragatekoak. Horretaz guztiaz gan, gehituko neuke disko honetan proiektu desbardinetako kantu asko alkartu dodazala. Mosaiko bat joan naz eratzen, kantu zati desbardinakaz. Hara hor: puska pila bat, objektu barri bat osotzen.
2.- Krak edo gure barruko pitzadurak ezkutatzen ahalegintzen gara sarri, baina zuk hareen balioa aldarrikatzen dozu, ezta?
Oso galdera esanguratsua da hau. Bai, gure zartadurek lotsea emoten deuskue, inseguridadea eragin, bildurtu… Gure inperfekzinoa agirian ixten dabelako. Baina, hain zuzen, gure barruan apurtutako hormak dira bihotzerainoko bide zuzena erakusten deuskuenak. Japonian bada Kintsugi deitzen dan arte bat. Ontzi apurtuak urrezko hautsagaz itsasten ditue… Originalek baino balio handiagoa dabe, bizi izandakoa erakusten dabelako. Eta bizi izandakoa baliotsua da, gure tximur ederrak bezela.
3.- Zuk idatzitako musikaz eta berbez gan, Harkaitz Cano be ibili da letragintzan eta Raymond Carverren poema baten itzulpena be badago. Zer gehitu deutse zure lanari Canoren eta Carverren ahotsek?
Cano aspaldiko laguna da, eta bere ahotsa hain familiakoa egiten jat, ze dagoeneko etxeko txapinak jartearen antzeko zeozer da niretzat, bere berbak irakurri eta kantu bihurtzea. Carverregaz barriz konexino oso eder bat dot: ibaia asko maite eban harek eta baita nik be. Ibaiaren atzetik ibilten naz beti, baita olerkietan be.
4.- Emakume batek idatzi eta ezkutatu zituan bertsoak be sartu dozuz diskoko kantu baten. Zein da bertso-sorta horren historia?
Tolosako Aldaba mendian dodaz nik zuztarrak, familia eta lagun ugari. Hareek jakinarazo eusten egurrezko kutxa bat agertu zala, barruan bertso zaharrak eta harmonika bat zituana. Emakume anonimo batek zortziko txikian bertso batzuk idatzi zituan… Nire gozamenerako, emakumeon pitzadura edo arraila horren istorioa kontetan eban: bulbearena! Hilekoa zelan etorri jakon kontetan dau, oso modu gogorrean. Benetan ederrak dira bertsoak eta kontetan dauena.
5.- Antxinako musikan, Konserbatorioan eta formakuntza akademikoan goi mailako ikasketak eta ibilbide oparoa dozuz. Krak diskoan ze arrasto igarriko dogu zure Amsterdamgo etapatik?
Amsterdamgo etapea nigan dan beste krak horreetako bat da. Nire tximurretako asko bertan eratu ziran, ez soilik nire formakuntza eta garapen musikal eta profesionalari begira! Munduari begiratzeko modua be aldatu egin zan, gizarte desbardin bategaz alkarbizitzea egiteagaitik. Bestalde, Carlos Taroncher klarinete jotzailea be Amsterdamen topau neban, eta disko honetan parte hartzen dau.
6.- Neighbor lehenengo, bakarkako Hezurren azpian diskoa gero, orain Krak. Ze bilakabide izan dozu proiektutik proiektura?
Nire albo proiektuak izan dira aipatu dozuzan guztiak, antxinako musika profesionalean ibilteagaz batera eginak. Musikagintza garatzeko erabilten dot sormena. Eta neure burua adierazoteko tresna gehiago eukitzeko. Uste dot tresna horreek oparotzen joan dirala, biolinista jarduerearen alboan. Krak diskoa sortu zan gizarteak pandemiaren ondorioz krak egin ondoren. Hor bada alderik aurreko lanakaz. Europara bidaiatzea eta bertan kontzertuak emotea urte luze batez debekatua izan danez, sormenerako denpora gehiago izan dot eta albo jarduera izatetik nagusia izatera pasau da disko honen eraketea.
7.- Oraingoan, ganera, Amua antzezlanagaz lotuta dator zure disko barria. Zelan buztartu dozuz antzerkiko testua eta diskoko musikea?
Ez dodaz diskoko musikea eta antzezlanaren testua buztartu. Amua antzezlanerako kantuak sortu nebazan, eta kantu horreetako batzuk diskoan jaso dodaz; AMU(R) kantua, barriz, Amua-ko ekipoari eskainia da, kantu horretarako antzezlanaren gidoia erabili neban, hiru personaien arteko alkarrizketa zatiak kantu bakarrean buztartuz.
8.- Zelan sortu zan Fuchs anaiakaz lan egiteko aukerea?
Neighbor-en garaitik nire oso fan dan emakumezko batek emon eutsen nire barri Fuchstarrei. Neska hau Artedramako produktoreetako bat da eta Fuchstarrak Amua-ko emakumezko personaiaren interprete bila ebizala jakin ebanean(musikari bat nahi eben), zera esan eutsen: Maite ezagutzen dozue?. Ximun eta Manex nire kontzertu batera etorri ziran eta handik gitxira gonbidapena egin eusten.
9.- Publikoaren aurrean, behintzat, lehenengo antzezlana da Amua zuretzat. Lehendik izan dozu antzerkigintzarako jokera edo gogoa? Aktore sena barruan izan dozu ala orain agertu da?
Ez dot Amua aurretik antzerkirik egin. Ez bada umea nintzalarik, ikastolako lagunakaz. Aktore sena ez dakit badodanik be. Ni musikari sentiduten naz eta performerra. Beharbada, azken horrek laguntzen deust aktoregintzara hurreratzen, edo bestela, guzurtera itzela izateak!
Argazkiak: Zart Kolektiboa, Arriaga Antzokia eta maitelarburu.art.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!