Abesbatzen lana herririk herri eroango dau Bizkaia Kantuan zikloak

Bizkaie! 2021-10-15 13:07   Musikea

Lehenengo hitzorduak Gorlizen, Basaurin eta Lekeition izango dira.

Euskeria abesbatzea izango da parte-hartzaileetako bat (argazkia: Bilboko Koral Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Koral Alkarteak, Bizkaiko Abesbatzen Alkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin dabe abesbatzen lana eta kantu korala sustatzeko, alor horretan dabizan taldeen arteko hartu-emonak sendotzeaz batera. Bizkaia Kantuz izeneko ziklo barria antolatu dabe, urriaren 17an hasita, eta urtero egitea da asmoa. 2021eko edizinoak dobako hiru kontzertu dakarz, Gorlizen, Basaurin eta Lekeition.

Emonaldi bakotxean jatorri, estilo eta edade ugaritako abesbatzek kantauko dabe. Euren errepertorioko piezak aurkezteaz gan, saioaren amaieran danek batera kantetako ereserki bat sortu dau Lore Rouco konpositoreak. 

Lehenengo kontzertua, urriaren 17koa, Gorlizko Sortzez Garbiaren parrokian izango da, 19:00etan, ahots mistoko hiru koru oholtzan dirala. Hasteko, bertako taldea, Lirain Abesbatzea, entzun ahal izango dogu, musika erlijiosoa, herrikoia eta modernoa lantzen dituan korua, 1994. urtean sortua. Gorlizko ekitaldi kultural ugaritan hartzen dau parte Lirain Abesbatzeak.

Gorliztarren ostean, Algortako Irutasun abesbatzearen txandea izango da, 25 ahots mistodun taldea, Inge Condek zuzendua. Musika erlijiosoko, klasikoko eta herrikoiko obrak kantetan ditue, baita gabon-kantak be.  Azkenik, Bilboko Koral Alkartea izango dogu agertokian. 1886an sortutako abesbatza horrek ehun kide baino gehiago ditu gaur egun, Enrique Azurza zuzendari artistikoaren gidaritzapean.

Bigarren kontzertua zemendiaren 6an izango da, Basauriko San Pedro parrokian. Bilboko Koral Alkarteko Umeen Korua, Basauriko Soinu Bidea Abesbatzea eta Galdakaoko Maximo Morenoren Abesbatzea batuko dira oholtzan.

Zikloaren lehenengo edizinoa amaitzeko, zemendiaren 20an, Lekeitioko parrokiara helduko da Bizkaia Kantuan. Kontzertu horretan be hiru talde entzun ahal izango doguz: Bilboko Koral Alkarteko Euskeria gazteen korua, Lekeitioko Kantakai Korala eta Markina-Xemeingo Emeki Korala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu