'Atzeraka dabil Nafarroa'
2021-10-15 08:29 Euskerea berbagaiKezkagarria da azken hileotan Nafarroako hizkuntza-politikearen arloan jazotakoa.
Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea neurri batean aldatzen dauen Foru Legea onartu dau egunotan Nafarroako Parlamentuak. Prozedura barriaren helburua izapidetzea arintzea, interpretazinoak argitzeko betebeharrak zehaztea eta salbuespenak zuzenketa teknikoen bidez zuzentzea bazan be, zenbait alderdik aukerea erabili dabe hizkuntza-eskubideen arloan atzerapausuak emoteko.
Jokera atzerakoia
Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, etsigarria da, beste behin, hizkuntza-eskubideen bermeari begirako ezelako neurri barririk hartzen ez dala ikustea. Izan be, Kontratu Publikoaren lege barrian hizkuntzeari lotutako mozino batzuk izan dira eztabaidagai: 64. eta 106. artikuluen zuzenketak egon dira mahai gainean, hain zuzen be, euskerea erabilteari lotutako gauzatze-baldintza bereziak sartzeko aukerea jasoteko: Kontuan hartuta kontratauko diran enpresa askok zerbitzu publikoak eskaini behar dituela, oso garrantzitsua da enpresa horreei baldintzetan hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismoak aurreikusi deiezala eskatzea, bestela, enpresearen borondateak erabagiko dauelako eskubideak bermatu ala ez azaldu dau Kontseiluko ordezkariak.
Horri lotuta eta hizkuntza-erispiderik ez egotearen ondorioak salatzeko, oraintsu Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Sortzen alkarteagaz eta hainbat gurasogaz batera, eskaerea egin eutson Nafarroako Gobernuari; eskaera horren helburua ikastetxeakaz lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen dituen enpresei hizkuntza-erispideak ezartzea izan zan, izan be, gurasoek azaldu eben lez, hizkuntza-erispideak ez ezartzeak eragin zuzena dau seme-alabek zerbitzuak euskeraz jasoteagaz: Ondorioz, oso garrantzitsua da kontratu publikoetan hizkuntza-erispìdeak ezartzea herritar guztiek zerbitzuak baldintzatan jaso deiezan. Zoritxarrez, ez dago benetako borondaterik herritarren eskubideak bermatzeko mekanismoak abian jarteko esan dau Bilbaok.
Barriro be atzerapausuak
2018ko apirilean onartutako legearen hamabosgarren xedapen gehigarriak jenteari erantzuteko zerbitzuetan euskerearen presentzia sustatzeko neurria jaso eban. Xedapen horren arabera, kontratua beteteak jenteari erantzuteko zerbitzu bat emoteko beharrizana dakarrenean, enpresa azpikontratatuek euskera plan bat atonduko leukie, jenteari erantzun ahal izateko hizkuntza horretan trebatzeko.
Legea onartu zanean, Kontseiluak ontzat hartu eban xedapena, izan be, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko erispidea jasoten zan lehen aldiz era horretako lege batean. Holan, lehen pausu interesgarria zan xedapena Kontseiluaren eretxiz.
Halan da be, aipatu xedapena atzera bota dabe eta, beraz, ez da ezelako betebeharrik ezartzen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Paul Bilbaoren esanetan, aukera hau aprobetxau beharrean, gitxieneko konpromisoa be alboratu dabe, azken boladako beste atzerapausu bat emon dabe. Nahi baino gehiagotan esaten gabiz hizkuntza-bardintasunean aurrera egiteari uko egiteaz gan, atzerapausuak emoten dabiz esan dau Kontseiluko ordezkariak: Arduratuta gagoz azken hileotan Nafarroako hizkuntza-politikearen aerloan jazoten danaren aurrean. Eremu batzuetan 2000. urtean martxan jarritako politikara goaz eta, ondorioz, mugak jarteko sasoia dala uste dogu gaineratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!