Astelehenean hasiko da Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketea

Bizkaie! 2021-10-14 12:44   Bertsolaritzea

Urriaren 18an hasi eta zemendiaren 29an amaituko da.

Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketea urriaren 18an hasiko da Leioan eta zemendiaren 29an jokatuko da finala Bilbon. Aurkezpenean egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Alkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arloko arduraduna eta Oihana Bartra bertsolaria.

Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketea da eta talde bakotxean, gitxienez, sei kidek kantauko dabe, multzo bitan:

 A mailan: 18 urtera arteko hiru bertsolari.

 B mailan: 19 urtetik 26 urtera arteko hiru bertsolari.

Aurten be, azken urteetan moduan, sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dabe parte eta, beraz,
55 bertsolari inguruk kantauko dabe. Eskualde bakoitzak talde bat osotuko dau: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.

Bertsolari Gazteen BBK sariketea taldeka jokatzen da, taldekideen lana talde moduan baloretan da eta saio bakotxean puntu gehien batzen dituan taldeak egiten dau aurrera.

Kanporaketa bakotxeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da eta finalaurreko bakotxeko irabazlea finalera.

Egutegia

BBK Sariketeak aurreko urteetako egitureari eutsiko deutso: Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero eta azkenik, finala.

Saio guztiak eskola-ordutegian egiten dira, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritzea lantzen dabizenak izatea da normalena. Dana dala, saioak edegiak dira eta gura dauena hurreratu daiteke.

Finala Bilboko BBK Salan izango da zemendiaren 29an, 18:00etan.

Sariak

Talde izakerea indartu eta alkarren arteko hartu-emonak indartu guran, aurten be, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko ditue baina sari nagusia Txapelketan parte hartuko daben gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da.

Horrezaz gan, finalaren egunean, parte-hartzaile bakotxak erregalua be eroango dau eta aurten, gainera, igazko moduan, kantakera onenaren saria be egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu