Gabriel Erkoreka bilbotarrak irabazi dau Espainiako Musika Saria
2021-10-14 08:03 MusikeaKonposizinoaren arloan agertu dauen bikaintasuna nabarmendu dabe.
Espainiako Musika Sari Nazionalen 2021eko edizinoan, bilbotar bat izan da protagonista nagusietako bat, Gabriel Erkoreka konpositorea hain zuzen. Espainiako Kultura Ministerioak jakitera emon dauenez, konposizinoaren arloan saritu dabe Erkoreka, orain arte egin dauen ibilbide luzean beti agertu dauen bikaintasuna eta nazinoarteko oihartzuna kontuan hartuta.
Sarietako epaimahaiaren arabera, euskal tresnen soinu tradizionala bestelako doinu batzukaz buztartzen abila da Erkoreka, eta hori konposizino aberatsak sortzeko bidea izan da bilbotarrarentzat. Bertoko eta beste herrialde batzuetako musika tradizionala sartzen dau sarri, eta naturea be elementu garrantzitsua da bere sorkuntzetan.
Pianoko bakarlari lez, agertoki ospetsuetan jo ditu kontzertuak. Konpositore lanean be, munduko txoko guztietara heldu da Erkorekaren musikea, zuzeneko kontzertuen, diskoen zein irratiaren bidez. Londresen irakasle ibili zan eta, gaur egun, Musikeneko konposizino irakaslea da.
Ez da Erkorekak irabazi dauen lehenengo sari entzutetsua. Eusko Jaurlaritzearen Musika Garaikideko Konposizino Saria emon eutsen, baita Josiah Parker, SGAE, Musika Bulegoa eta Sofia Erregina izenekoak be. Espainiako Sari Nazionala irabazteagaitik, 30.000 euro emongo deutsez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!