Nestor Basterretxearen obrearen errepaso zabala Gasteizen
2021-10-13 12:42 KultureaArtista bermeotarraren 300 pieza eta agiri inguru dagoz erakusketan, batzuk orain arte erakutsi bakoak.
Azken hamarkadetako euskal artista esanguratsuenetako baten, Nestor Basterretxearen (1924-2014), atzera begirako erakusketa handia aurkeztu dau Vital Fundazinoak Gasteizen, publikoak sortzaile bermeotarraren ibilbide artistikoa zehaztasunez ezagutu deian. Abenduaren 8ra arte egongo da, Vital Fundazinoaren erakusketa-aretoan (Posta kalea, 13-15, Gasteiz).
Basterretxeak sortutako 300 pieza ingururen bidez, artista polifazetiko horren obrearen errepaso zabala egiten dau atzera-begirakoak. Artistearen uniberso sortzailea hurreratu nahi deutsagu publikoari, XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturearen barritzaile nagusietakoa dalako, nabarmendu dau Vital Fundazinoko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak. Atzera-begirakoa aurkezteko ekitaldian Gorka Basterretxea artistearen seme eta erakusketearen komisarioa be egon da.
Nestor Basterretxearen ibilbide artistiko luze, oparo eta askotarikoa erakusketa bakarrean batzea ez da lan erraza. Gorka Basterretxea komisarioak azaldu dauenez, artistearen sormen-prozesuaren elementu bitan oinarrituta antolatu dabe material guztia. Lehenengo elementua marrazkian oinarrituta dago, Basterretxearen pieza askoren abiapuntua formatu horretan dagoalako.
Ganera, artista bermeotarraren sorkuntza gehienak, disziplina guztietakoak, zeharkatzen dituan elementua da marrazkia. Pinturak, esaterako, marrazketan hasten zituan Basterretxeak, ondoren zirriborroetara pasau eta behin betiko lanean amaitzeko. Eskulturen kasuan be, bolumetria marrazkien bidez adierazoten eban, piezea sortzen hasi aurretik.
Erakusketearen oinarrizko bigarren elementua bersinoak izenekoa da. Basterretxearen lana ulertzeko ezinbesteko kontzpetua da hori, artisteak bere obrea behin eta barriro berrikusteko erabilten ebana. Pieza bat beste formatu baten behin eta barriro birsortzeari esaten eutsen Basterretxeak bersinoak, eta, modu horretara, momentu baten eskulturea izan zana collage, marrazki edo proiektu arkitektoniko bihurtzen eban handik urte batzuetara.
Era berean, atzera-begirakoa Basterretxearen obrearen bilakaerea ezagutzeko bidaiatzat be aurkeztu dau komisarioak. Figuratibotik abstraktura, planotik espaziora... 60 urteko ibilbide artistikoaren laburpena da. Formatu edo generoen aldetik be aberatsa da erakusketea, Basterretxeak berak danetarikoak probau zitualako: eskulturea, pinturea, diseinu industriala, ikus-entzunezkoak eta kartelgintzea, besteak beste.
Sagraduaren kontzeptuaren inguruko lanakaz hasten da ibilbidea. Buenos Airesen 1950eko hamarkadan egindako pinturen segida luzeko hiru ekarri ditue Gasteizera, baita Arantzazuko kriptarako proiektuen zirriborroak be.
Euskal segida kosmogonikoan sartuko da ikuslea ondoren, personaia mitologikoen, naturearen indarren eta objektu tradizionalen inguruan egindako seriearen bidetik, 1977ko Ilargi-amamaren maskarak ahaztu barik. Disko formako sorkuntzak be ikusi lietekez.
Erakusketearen hurrengo pausuan, herri-lanetan Basterretxeak 1960ko hamarkadan egindako ekarpena nabarmentzen da, Euskal Herrian gitxi landutako alorra izan zalako ordura arte. Irudimenean baino ez dagozan bolumetriak be ezagutuko doguz, baita fotomuntaketak, argazkigintza esperimentala, kartelak eta diseinu industriala be.
Vital Fundazinoak azaldu dauenez, atzera-begirakoan ikusgai dagozan pieza, objektu eta agirien artean, batzuk sekula ez dira jentaurrean erakutsi orain arte.
Basterretxea urratsez urrats bisita gidatuak
Asteotan Nestor Basterretxeagaz lotutako hiru erakusketa ikusi geinkez Gasteizen. Vital Fundazinoaren egoitzakoaz gan, Eusko Legebiltzarrak Izaro eskultura sinbolikoaren inguruko beste bat dakar, eta, azkenik, Artium Museoak Zeru bat, hamaika bide antolatuko dau, beste artista askoren artean Basterretxearen obrea kontuan hartzen dauen erakusketa zabala.
Hori aprobetxauta, Vitalek, Legebiltzarrak eta Artiumek Basterretxea urratsez urrats izeneko bisita gidatuak antolatu ditue, artista bermeotarraren eskutik hiru erakusketak buztartzeko asmoz. Oinez egingo ditue bisitaldiok, Gasteizko erdigunean, Artiumen hasi eta Legebiltzarreraino. Ordu eta erdikoak izango dira.
Urriaren 16an hasi eta abenduaren 8ra arte, bisitaldiok zapatu, domeka eta jai-egunetan antolatuko dira. Txanda bi egongo dira egun bakotxean, 11:00etan (gaztelaniaz) eta 11:30ean (euskeraz). Parte hartzea doban da, baina izena emon behar da aurretik, Artium Museoko txarteldegian edo 945 209 020 zenbakira deituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!