Webguneak 6 hizkuntzatan irakurteko aukerea Elhuyarren teknologiei esker

Bizkaie! 2021-10-13 12:30   Euskerea berbagai

Edukiak euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz irakurri daitekez.

Elhuyar-en jorratutako teknologiek webguneen edukiak sei hizkuntzatan irakurteko aukerea emoten dabe etahorriesker, lehenengo aldiz, euskerazko hedabide bi, zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus, beste hizkuntza batzuetan irakur daitekez jatorriz euskeraz egon arren; hedabide horreen sareko erabiltzaileek aukera izango dabe edukiak euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz irakurteko, hori guztia Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoari esker.

Aitatutako webgune bi horreek zientzia-dibulgazinoan puntako edukiak sortzen dituen hedabide euskaldun bi dira. Webgune horreetan, Elia Elhuyar-en itzultzaile automatikoa txertatu da eta holan zientzia.eus webguneko hasiera-orrian bertan ikusi daiteke edukia beste hizkuntzatan irakurteko aukerea. Artikulu bakotxean klik eginda, artikulua beste hizkuntzatara itzultzeko aukerea agiri da, eskuman. Artikulua automatikoki itzulitakoa bada, erabiltzaileak ohar baten bidez jakingo dau eta beti egongo da aukerea jatorrizko euskerazko bersinora joateko. Elhuyar aldizkarian, barriz, artikulu baten barruan sartu
behar da edukia beste hizkuntzetan irakurri ahal izateko; horretarako, goiko menuan agertzen dan itzulpen automatikoa aukeratu behar da.

Hau guztia estrategikoa da euskerea eta euskerazko edukiak bultzatzeko, beste hizkuntzetako hiztunei gure edukiak irakurteko aukerea emoten deutselako. Hedabideotan Elia txertatu ebenetik bisita gehiago jasoten dira atzerritik. Zientzia.eus-en, esaterako, erabiltzaile-kopurua % 126 hazi da igazko lehen seihilekoagaz alderatuz; Espainiako erabiltzaileen kopurua bikoiztu egin da, Frantziakoena laukoiztu, AEBetako. Elhuyar aldizkarian, barriz, % 70 igon da erabiltzaileen kopurua, eta webgune hori gehien erabilten daben herrialdeak Espainia, Erresuma Batua, AEBaak eta Pakistan dira, hurranez hurran.

Haln da be, Elia ez da webgune horreetan txertatutako Elhuyarreko teknologia bakarra, izan be, webguneotako irakurleek aspalditik dabe aukerea edukia irakurri beharrean, entzuteko; testua ahots bihurtzeko ahots-sintesiko sistemak erabilten dira horretarako. Erabiltzaileak zenbait aukera ditu: eduki osoa modu jarraituan entzun, zati batzuk bakarrik, bolumena egokitu, ahotsaren generoa aldatu edota audioaren abiadurea egokitu. Ahots-sintesiko sistemak beti markauko dau irakurten dagoan esaldia, itzal urdinez.

Horrezaz gan, analitiken atala gehitu dira zientzia.eus-en. Testu zabalagoen bidez, erabiltzaileak aukerea izango dau artikuluetako kontzeptu, ikertzaile eta erakundeen barri jasoteko Wikidatako informazino gehigarriagaz eta analitiketan, barriz, edukiei buruzko informazinoa eskainiko da hainbat grafikotan. Zazpi izango dira grafikoak, hain zuzen be eta zenbakitan emongo dabe albisteetan gehien agertzen diran ikertzaile emakumezkoen eta gizonezkoen zerrendea, haren lanbideak, agertzen diran ikertzaile emakumezkoen artean zenbat diran Euskal Herrikoak eta zenbat kanpokoak.

Aldizkaria.elhuyar.eus eta zientzia.eus webgunea

Elhuyar aldizkariaren webguneak Euskal Herrian kultura zientifikoa lantzea dau helburu. Informazino tekniko hutsa ez eze, zientzia eta teknologiaren norabideari, erronkei eta arriskuei buruz informetan dau euskal gizartea, nork bere erispide kritikoak osotu daizan. Gaurkotasun zientifikoari erantzuten deutso egunero albisteen bidez eta arnas luzeko gaiak lantzen ditu analisi, alkarrizketa eta erreportaje sakonagoen bitartez. Elhuyar aldizkaria da zientzia-gaiez euskeraz eta dibulgazino mailan argitaratzen dan aldizkari bakarra.

Zientziari lotutako edukiak batzen dituan webgunea da zientzia.eus, zientzia euskeraz gozetako lekua. Formatu askotan Elhuyarrek sortutako edukiak eskaintzen ditu zientzia modu errazean ulertzeko. Albisteak, bideoak, audioak eta erretratuak gaika sailkatuta, 23.000 edukitik gora ditu webguneak. Horrezaz gan, STEAM Hezkuntzeari lotutako edukiak, pentsamendu kritikoa lantzekoak eta bardintasunagaz zerikusia dabenak be eskaintzen ditu. Era berean, asteroko buletina bialtzen deutse harpidedunei edukien eta agendearen barri emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu