Lazkozek eta Illarregik finalaurrekoetarako txartela eskuratu dabe

Bizkaie! 2021-10-11 08:30   Bertsolaritzea

Datorren zapatuan jokatuko da laugarren eta azken final-laurena, Donezteben.

Tafallako final-laurenean nagusi izan da Etxarri Aranazko bertsolaria eta, ondorioz, zemendiaren 6an Berriozarren izango dan bigarren finalaurrekorako txartela eskuratu dau. 150 lagun inguru batu dira Tafallako Kultur Etxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Tafallan jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurena eta Lazkozegaz batera kantau dabe Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Alemanek. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tafallako Udalaren babesa izan dau saioa atontzeko orduan.

Sei bertsolari horietatik, Eneko Lazkoz Martinezek eskuratu dau puntu gehien (357,5) eta saioa irabazi eta finalaurrekoetarako pausua emon dau, izan be, zemendiaren 6an Berriozarren izango dan bigarren finalaurrekoan izango da Etxarri Aranazko bertsolaria; haren atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza Guallar (356), Erika Lagoma Pombar (350,5), Alazne Untxalo Erregerena (320), Ekhiñe Zapiain Arlegi (316) eta Urko Gartzia Aleman (272) eta horreek final-laurenetako fasea amaitu arte zain egon beharko dabe, hurrengo fasera pasauko diran ala ez jakiteko. Oraingo 24 bertsolarietatik, 18k egingo dabe aurrera.

Zangozan


Joanes Illlarregi kantetan

Karmengo Auditorioan, 17:30ean, Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien batu dira Zangozako Udalaren lbabesari esker.

Bertsolarien artean, Joanes Illarregi Marzol (349) izan da puntu gehien eskuratu dituana, eta ondorioz, saioa irabazi eta finalaurrekoetarako pasea ziurtatu eta zemendiaren 14an Leitzan egingo dan hirugarren eta azken finalaurrekoan izango da Leitzako bertsolaria. Haren atzetik gelditu dira Xabat Illarregi Marzol (344,5), Sarai Robles Vitas (329,5), Xabier Silveira Etxeberria (328), Mikel Lasarte Cia (314) eta Oier Lakuntza Irigoien (300,5). Horreek final-laurenen fasea amaitutakoan jakingo dabe finalaurrekoetan izango diran ala ez; oraingo 24 bertsolarietatik 18k lortuko dabe sailkapena.

Saioaren puntuazinoa:

1. Joanes Illarregi Marzol. 349
2. Xabat Illarregi Marzol. 344,5
3. Sarai Robles Vitas. 329,5
4. Xabier Silveira Etxeberria. 328
5. Mikel Lasarte Cia. 314
6. Oier Lakuntza Irigoien. 300,5

Datorren zapatuan jokatuko da laugarren eta azken final-laurena, Donezteben; han izango dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Sahats Aleman Sadaba, Maialen Belarra gai-jartzaile dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu