Venezuelako Pacho Flores tronpetistea Bilboko Udal Musika Bandeagaz

Bizkaie! 2021-10-08 10:00   Musikea

Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloa inaugurauko dabe urriaren 10ean.



Bilboko Udal Musika Bandeak urriaren 10ean, inaugurauko dau Euskalduna Jauregiko Hurreko erretratuak titulupeko kontzertu zikloa, 12:00etan hasiko dan konzertuagaz. Pacho Flores tronpetista venezuelarrak parte hartuko dau bakarlari. Jose R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak gidatuko dau bandea lehen hitzordu honetan. Bandeak Latinoamerikako musikea eskainiko dau, besteak beste, Silvestre Revueltasen Sensemayá, Arturo Márquezen Tronpetarako kontzertua, Arturo Sandovalen Tronpetarako kontzertua eta José Pablo Moncayoren Huapango.

Pacho Flores (tronpetistea)

Lehen Saria izana da Maurice André, Philip Jones eta Cittá di Porcia lehiaketetan. El sistema dalakoan jaso eban formazinoa eta errezitaldiak eskaini izan ditu Carnegie Hall antzokian, Pariseko Pleyel aretoan edo Tokioko Opera City entzutetsuan. Simón Bolívar metal-boskotearen fundatzaileetako bat da eta bira askotan parte hartu izan dau haregaz, Europan, Hego Amerikan, AEBetan zein Japonian. Hainbat orkestragaz jo dau, besteak beste, Arctic Philarmonic, Philarmonie Salzburg, Sinfonieorchester Babel, Tucson Symphony, Royal Liverpool Philarmonic, Stavanger-ko orkestrea, Japoniako NHK, Nacional de México, Buenos Airesko Filarmonikea, San Diego Symphony, Poloniako Irratiko Nazionala, São Pauloko sinfonikoa, Galiziako Real Filharmonía eta Venezuelako Simón Bolívar....

Hainbat maisugaz lan egin izan du: Claudio Abbado, Simon Rattle, Seiji Ozawa, Giuseppe Sinopoli, Frühbeck de Burgos, Gustavo Dudamel edo Hernández- Silva. Tronpetako Latinoamerikako Akademiaren sortzaile zuzendaria da eta sarri gonbidatzen dabe munduko osoko konserbatorioetara zein nazinoarteko lehiaketetan epaimahai-kide izateko. Artistearen errepertorioan, badira konposatzaile askoren enkarguak eta obra-estreinaldiak, berbarako, Roger Boutry, Alain Trudel, Giancarlo Castro, Santiago Báez, Juan Carlos Núñez edo Sergio Bernal; gaur dan egunean, hainbaten arteko enkargu-proiektu batean dabil beharrean, zenbait konposatzailegaz batera, besteak beste, Arturo Márquez, Roberto Sierra, Paquito D'Rivera, Christian Lindberg eta Efraín Oscher.

Floresen lehen diskoa izan zan La trompeta Venezolana (GUATACA zigilua); gaur egun, Deutsche Grammophon-entzat dabil grabetan, lehenik be baditualarik haregaz produzidutakoak hainbat lan, Cantar, Entropía, Fractales eta Cantos y Revueltas. Pacho Flores, bestalde, Stomvi etxearen artista bat da eta etxe horrek berarentzat beren-beregi egindako musika-tresnak joteaz gan, musika-tresna horreek barritzen be parte hartzen dau.

Sarrerak

Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eskuratu ahal izango dira. Prezioari jagokonez, 5 euroko kostua dabe publikoarentzat eta 4 eurokoa 65 urtetik gorakoentzat, pensinodunak, erretiratuak eta Gazte Txartelaren titularrak, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 €).

Kontzertu horren ostean, Bandea Euskalduna Jauregira bueltauko da urriaren 24an, Euskaditik izenburupean eta Pascual Vilaplanak Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordeari itxiko deutso batutea eta interpretauko daben errepertorioari jagokonez, José Franco Ribateren Euzko Gogua oberturea, José Ma González Bastidaren Etzia-Larre / El Crepúsculo de los Brujos, José Ma Usandizagaren Mendi-Mendiyan preludioa, Jantzari-Jantzea. Víctor Olaetari omenaldia, Iñaki Urkizuren beraren moldaketakaz eta Jesús Aranbarriren Aiko Maiko balletaren aukeraketea izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu