Bilboko Arte Eder Museoko obrak, 16 emakumeren ikuspegitik
2021-10-07 08:43 KultureaArtelanak ulertzeko modu personal eta askeagoa aldarrikatzen dau Ikuspuntuak ekimen barriak.
Bilboko Arte Eder Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak eta Tamara García Iglesias zinemagileak bat egin dabe museoaren ekimen barria martxan jarteko, Ikuspuntuak. Artea eta artelanak ulertzeko betidanik gailendu izan dan ikuspegi akademizistea atzean itxi, eta Arte Ederren bildumako obrak modu aske eta subjektiboan interpretetea da asmoa, horretarako 16 emakumeren begiradea eta ikus-entzunezkoak buztartuta.
Gizartearen alor ugaritan ibilbidea egin daben 16 emakumeok bikoteka jarri eta museoko bildumako obren inguruko gogoetea egingo dabe, bost minutuko zortzi ikus-entzunezkotan. Parte-hartzaile bakotxaren testuinguru sozial eta kulturala izango da abiapuntua, betidanik artea ulertzeko ezarritako jarraibideak ahaztu eta norberaren interpretazinoa bilatzeko.
Ikuspuntuak erakusketako lehenengo zortzi bideoetan parte hartu daben emakumeen artean dagoz Karmele Jaio idazlea, Izaskun Landaida politikaria, Miriam Ocariz artistea, Loola Medicci trans emakumea, Isabel Herguera zinemagilea, Tania de Sousa musikaria, Marta Macho-Stadler irakaslea...
Ikus-entzunezko pieza bakotxean jorratzeko aukeratutako artelanak be danetarikoak dira, Arte Eder Museoaren bilduma aberatsaren erakusgarri. XVI. mendetik gaur egunera arteko piezen inguruko gogoetak topauko doguz, beraz, Ikuspuntuak erakusketako bideoetan. Jan-edan umoretsua (Jan Mandijn, c. 1550) da zaharrena eta Hispanista (R.B. Kitaj, 1977-78) barriena.
Martin de Vos, Ángel Larroque, Ignacio Zuloaga, José Gutiérrez Solana, Robert Delaunay eta Antonio Saura dira beste artistak. Museoko Hezkuntza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak aukeratu ditue ikus-entzunezkoetan lantzeko obrak.
Museoko BBK Aretoan dago Ikuspuntuak. Obra bakotxa 4x2 metroko proiekzinoan erakusten da, jagokon ikus-entzunezkoagaz batera. 2022ko martiaren 27ra arte egongo da zabalik.
Erakusketearen osogarri, barriketaldi-eztabaida saioen zikloa jarriko dau martxan Bilboko Arte Eder Museoak, Alicia García Santos gidari dala. Emakumeek artean daben presentziaz gogoetea egiteko saioak izango dira, zortzi guztira, bakotxa Ikuspuntuak erakusketako obra bategaz lotua. Lehenengo hitzordua urriaren 18an egingo dabe, Ignacio Zuloagaren Mathieu de Noailles kondesaren erretratua pinturea (1913) oinarri dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!