Jantzan Bilaka 2021
2021-10-07 08:19 KultureaUrriaren 8an, 9an eta 10ean, Artium Museoan.
Esperientziak eta koreografia-sorkuntzako prozesuak buztartzeko esparru bat zabaldu eta idea eta hizkuntzen aniztasuna sustatuz Euskal Herriko praktika koreografikoa indartu nahi dauen programea.
Programeak hartu-emonak erraztuko dituan lan-testuinguru bat eskaini nahi dau, koreografo barrien sorkuntza-prozesuak babestu, lagundu eta ikusarazoteko.
Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak hartuko dau programearen aurtengo edizinoa eta azken deialdian hautatutako sortzaileen lanak aurkeztuko ditu bertan. Hiru egunez, zazpi artistak beren koreografia-sorkuntzako prozesuak konpartiduko ditue ikusleakaz, hainbat formatutan, Artium Museoako aretoetan.
Jantzan Bilakaren jarduerak urtean zehar izaten dira eta azken jardunaldiokaz amaitzen, partaideen aurkezpeakaz.
Aurten, programeak aldaketa garrantzitsuak izan ditu, helburuen inguruan egindako hausnarketa luzeen ondorioz; esangura horretan, programearen aldaketa nagusietako bat honakoa da: programetan parte hartzeko hautatutako personei diru-laguntzea emoteak programako jarduera guztietan parte hartzeko beharra dakar. Horri esker, 2021ean, egonaldi artistiko bo egin ditue, bakotxa astebeteko iraupenagaz, bata Artium Museoan eta Azala Kreazino Espazioan bestea, beren sorkuntza-prozesuetan sakontzeko.
Aste bi horreetan, Ion Munduateren Play, Work eta Sport eta Carol Mendonçaren El lenguaje de los pájaros tailerrakaz gozau eta, gainera, Jantza Bilakako batzorde artistikoaren (Maria Ibarretxe eta Ibon Salvador) laguntzea (mentoringa) izan dabe.
Batzordearen ustez, aldaketa horreek aparteko garrantzia izan dabe programa honegaz jarraitzeko proposamenetan eta gehiago hurreratu dabe programea bere helburuetara.
Egonaldi artistiko horreen bidez partaideei beren esperientziak, prozesu artistikoak eta bizitzea konpartiduteko aukerea emoten deutsen esparru erreal bat sortu da, etorkizunean be ondorioak ekarriko dituan aldi baterako komunidade artistiko bat.
Hamabosgarren edizino honetan, Oihana Altubek, Leire Aranberrik, Rafa Arenasek eta Idoia Rodriguezek, Lorea Burge & Hannah Parsonsek, Denis Martinezek, DPVillanuevak eta Ohiana Vesgak urtean zehar landutako prozesu artistikoak emongo dira ezagutzera.
Koreografia-sorkuntzeari eskainitako hiru egun, danok aberastuko gaituen esperientziak alkarregaz konpartiduteko.
Sarrerak doban dira jarduera guztietarako, baina aldez aurretik izena emon beharko da, baita kanpoko jardueretarako be: info@addedantza.org.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!