Atxondoko Etxebarri jatetxea, munduko hirugarrena
2021-10-06 09:30 Jan edanakThe 50 Best zerrendan dagoz, ganera, Mugaritz, Elkano eta Azurmendi.
Pandemiak behartutako urtebeteko etenaren ostean, barriro argitaratu dabe The 50 Best, munduko jatetxe onenen sailkapena. Guztiz subjektiboak dira halako zerrendak, baina The 50 Best dalakoa ospetsuenetakoa da, eta gastronomiaren munduan eragin handikoa. Kontua da ze, 2021eko sailkapenean euskal jatetxe ugari dagozala.
Bizkaiko Atxondoko Etxebarri Erretegia da euskal ordezkaririk onena, munduko hirugarrena dala dino zerrendeak. Hortaz, aurreko edizinoko, 2019ko, postuari eutsi deutso Bittor Arginzonizek gidatutako jatetxeak.
Lehenengo 50 onenen artean beste bizkaitar bat be sartu da, Larrabetzuko Azurmendi, Eneko Atxarena. Kasu honetan, postu batzuk behera egin eta gitxigaitik sartu da zerrendan, 49. lekuan. Beste euskal ordezkari biak Gipuzkoakoak dira: Erenteriako Mugaritz (14.) eta Getariako Elkano (16.). Andoni Luis Adurizen jatetxeak postu batzuk galdu ditu, eta Aitor Arregik Getarian gidatzen dauenak, ostera, gora egin dau, 2019agaz alderatuta.
Orain dala egun batzuk, zerrendearen bigarren zatia emon eben, hau da, 51. postutik 100.era doazan jatetxeena. Hor be euskal jatetxeak topau geinkez:Josean Alijak Bilbon daukan Nerua 53. postuan dago; Donostiako Arzak, ostera, 94.a da. Martin Berasategi ez da zerrendan sartu oraingoan, eta chef donostiarrak The 50 Best-en metodoak eta erespideak kritikau izana egon leiteke horren atzean.
2021eko zerrendearen goiko partera begiratu ezkero, Danimarkako uriburuan, Kopenhagen, dagozan jatetxe bi topauko doguz: lehenengo postuan, René Redzepiren Noma; bigarrenean, Rasmus Kofoeden Geranium. Anberes urian egindako ekitaldian emon ditue 2021eko The 50 Best sariak.
Ikusi 2021eko The 50 Best zerrenda osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!