2021eko Gure Artea Sariak emon deutseez Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirreri

Bizkaie! 2021-10-06 08:36   Kulturea

Kultureak pandemian egindako ekarpena txalotu dabe agintariek, Gasteizen egindako ekitaldian.

Hiru sarituak, Gasteizen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arte plastikoen arloko autortza nagusia dira Gure Artea Sariak, eta bagilean iragarri zituen 2021eko irabazleen izenak: Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirre. Orain sariok emoteko ekitaldi instituzionala egin dabe, Gasteizen, hiru irabazleak eta erakunde publikoetako ordezkariak bertan dirala. 

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta sail horretako Kultura zuzendari Koldo Iturbe izan dira ekitaldiaren buru, Gure Artea Sariak Jaurlaritzearen ekimenez emoten diralako. Gasteizen izan dira, ganera, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran. 

Gure asmoa, nahia eta gogoa da zuen lana autortzea eta zuen ekarpena ezagunagoa egitea, esan deutse Iñigo Urkulluk hiru sarituei. Azken aldian bizi izan doguzan sasoiak oso gatxak izan arren, zeregin horretan ez dogu etsi.

Osasun larrialdiak dana hankaz gora ipini badau be, bertoko artista garaikideen lana babesteko konpromisoari eutsi deutso Jaurlaritzeak, Lehendakariak azpimarratu dauenez. Igazko moduan, aurten 150.000 euro bideratuko ditue gaur egungo euskal artisten obrak erostera. 2020ko inbersinoari esker, 24 artistaren 34 artelan eta edizino grafikoko zortzi ale erosi ziran, Gasteizko Artium, Donostiako Tabakalera eta Bilboko Arte Eder Museoaren bidez. 

Pandemian kultureak izan dauen oinarrizko zeregina gogoan hartu dau Bingen Zupiria sailburuak. Herritar askok kulturearen babesa bilatu dabe pandemiak ezarritako mugen barruan seguru sentiduteko eta pena asko osatzeko

Gure Artea Sariaren ordain lez, oroigarria eta 18.000 euro emon deutsez irabazle bakotxari. Aditu talde bat egon da epaimahaian: Alicia Fernandez, Pello Irazu, Ion Munduate, Mikel Onaindia eta Jone Alaitz Uriarte. Honakoa nabarmendu dabe irabazleen inguruan:

- Ibilbide artistikoa autortzeko saria, Dario Urzay. Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbide artistikoa egin dau bilbotarrak, beti sorkuntzeagaz konprometiduta. Bakarkako zein taldeko erakusketa ugaritan ikusi doguz Urzayren obrak, batzuk nazinoartean. 

Epaimahaiaren ustez, Urzayk azaleren plastikea eta horretarako teknikak ikertzen ditu, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pinturea esploretan dau, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozedurearen arteko interakzinoaren problematikeari jarraipena emonez, ikuslearen begirada inoiz be ahaztu barik.

- Sorkuntza-lanak autortzeko saria, Damaris Pan. Euskal artean azken urteotan loratu dan pinturearen berbizkundearen ordezkari nagusietako bat da mallabiarra. Pinturearen autonomia aldarrikatzeko bidean, bilakaera aberatsa izan dau Panek azkenaldion. Produkzino artistikoa eta irakaskuntzea buztartzen ditu.

Epaimahaiak dinoanez, Panen obrea pausatua da, planoak eta koloreak gainjarteagaitik berezia, eta umoretsua, itxurazko presentzia biluziaren atzean konplexutasuna gordez. Inspirazinoa eguneroko bizitzan topetan dau eta forma geometriko indartsuz, ingeradez eta giza gorputzeko zatikiz osotutako natura hiletan zein erretratuetan lan egiten dau. Iges egiten deutso errepresentazino-asmoari, errealidade barrien bila, lehengaien artean, formak, koloreak, prozesuak eta barne-eraketak daukazala

- Agenteek egindako lana autortzeko saria, Peio Aguirre. Idazlea, arte-kritikaria, editorea eta erakusketen koordinatzailea da Aguirre elorrioarra, artearen eta sorkuntzearen gaur egungo eragile nagusietako bat. Plataforma eta proiektu ugariren bidez, artearen ikerketan eta zabalkundean parte hartu dau.

Epaimahaiaren arabera, euskal artisten sarea sortzen lagundu dau Aguirrek. Diskurso kritiko garaikideei buruzko interesa agertu dau eta, bere begiradearen bidez, hurreko jarduerak eta egungo praktika artistikoen mundu zabalean jazoten dana buztartu ditu. Lan kritikoa eta bitartekariarena egin ditu, eta aukerea emon deutse bere belaunaldiko eta geroko euskal artista ugariri esperientzia eta hartu-emon barriak izateko; ondorioz, bere gogoetek eta ekarpenek belaunaldi baten mapa edo memoria-balioa dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu