Arratia eta Durangaldera helduko dira Bziber lantegiak

Bizkaie! 2021-10-05 11:05   Euskerea berbagai

Sare sozialei lotutako gaiak jorratuko ditue eskualde biotako gazteek.

Azkue Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako Bziber egitasmoaren barruan, Arratia eta Durangaldeko lau udalerritako gazteentzako lantegien zikloa antolatu dabe. Igorre, Berriz, Elorrio eta Durango dira egoitzak, eta sare sozialei lotutako gaiak jorratuko ditue. Arratiako Udalen Mankomunidadeak eta Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoak lagundutako ekimena da.

Lantegion helburua gaztetxuei euskerazko erreferenteak erakustea eta euskerazko ikus-entzunezko edukiak sortu deiezen animetea da, sareko plataformetan euskerearen erabilerea handitzeko asmoz. Izan be, Azkue Fundazinoaren oinarriakaz bat, Bziber-en ardatzak dira teknologia barriak, gazteek eta euskerea. 

Ganera, sare sozialak erabiltean gazteak kontzienteago izatea bilatuko dabe lantegien bidez, eta norbere irudiak grabau eta zabaltzearen ondorioez gogoetea egin deiela. 

Gazteen artean entzute handia daben sare sozialak aztertu eta bertan eduki aberatsak igoteko pausuak erakutsiko deutsez gazteei, adibidez, bideo baten gidoitxua egin, irudiak grabau eta editau. Youtube, Instagram, Tik Tok eta Twitch landuko ditue. 

2007 eta 2011. urteen artean jaiotakoek hartu leikie parte lantegietan, doban, aitatutako udalerrietan erroldatuta egon zein ez. Interesa dabenek, Bziber webgunean topau leikie informazino gehiago eta izena emoteko modua. Urriaren 13ra arte dago izena emoteko epea. 15 plaza dagoz saio bakotxean.

Tailer bakotxa lau ordukoa izango da. Hona hemen egutegia:

- Igorreko Lasarte aretoan: urriaren 16an, 16:00 eta 20:00etan; urriaren 17an, 9:30 eta 13:30ean.

- Durangoko Berbagunean: urriaren 23an, 16:00 eta 20:00etan; urriaren 24an, 16:00 eta 20:00etan.

- Berrizko Kultur Etxean: urriaren 23an 9:30 eta 13:30ean.

- Elorrioko Ametsolan: urriaren 24an, 9:30 eta 13:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu