Artium Museoa, Euskadiko Filmategiaren programazinoaren egoitza egonkorra izango da
2021-10-04 13:48 KultureaBilboko Arte Eder Museoagaz eta Tabakaleragaz batera.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru uriburuetara helduko da zikloa 2021eko urritik abendura eta danetara bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak proiektauko dira.
Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Ramiro González, Arabako diputadu nagusiak; Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendariak; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari orokorrak; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak; Isabel Herguera, I. Euskal emakume zinemagileak zikloaren kartelaren egileak eta Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendariak parte hartu dabe Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak (Artium Museoa) eta Euskadiko Filmategiak sinatutako lankidetza hitzarmena aurkezteko prentsaurrekoan. Akordio horri esker, zentro arabarra Euskadiko Filmategiaren programazinoaren egoitza egonkorra izango da aurrerantzean. Erakunde bien arteko kolaborazinoa urriaren 14an hasiko da I. Euskal emakume zinemagileak zikloagaz eta horretan bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak ikusi ahal izango dira abendura bitartean. Era berean, Elías Querejeta Zinema Eskoleagaz lankidetzan zikloari keinu egingo deutson saio berezi bat atondu dabe zemendiaren amaierarako.
Euskadiko Filmategiaren patronatua Eusko Jaurlaritzeak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osotzen dabe. Erakundea 1978an sortu zan eta bere helburua zinemearen ikuspegitik interesgarriak diran filmak eta ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, artxibetea, gordetea eta erakustea da, beti bere, euskal zinemeari arreta berezia eskainita. Filmategiak 2015ean ekin eutson beharrari Donostian, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentrora lekualdatu ebanean egoitzea, hain zuzen. Gaur egun, kulturgune donostiarreko pantailea osotzen daben erakundeetako bat da. 2018an, Bilboko Arte Eder Museora eroan zituan bere zikloak, euskal zinemearen ondarea hauspotzeko eta zabaltzeko asmoagaz hainbat alditan kolaborau ondoren. 2021ean, Gasteizera salto egingo dau, Artium Museoagaz sinatutako hitzarmendari esker. Erakundearen programazinoa lurralde arabarrera heltzeak asmo historiko bat beteko dau, Arabako Foru Aldundia Filmategiaren patronatuko kidea baita 2005etik.
Holan, Euskadiko Filmategiak bere ezarpena indartuko dau Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan, izan be, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ondare zinematografikoa jagoteaz arduratzen da erakundea eta orain, gainera, haren zikloak programauko ditu Artium Museoan, Bilboko Arte Eder Museoan eta Tabakaleran.
I. Euskal emakume zinemagileak
Euskadiko Filmategiaren programazinoak euskal zinemeari eskaintzen deutso urteko azken hiruhilekoa eta aurtengo zikloak berezitasun nabarmenak ditu: Proposamena gitxienez hiru urtetan zehar jorratuko da eta film luze bat grabau daben euskal emakume zinemagileen talentua nabarmendu nahi da. Hainbat urtetarako izango dan zikloagaz bat etorrita, María Pilar Rodríguez irakaslea koordinetan dabilen argitalpena aurkeztuko da laster. Isabel Herguera zinemagileak sortu eta gauzatu dau zikloaren kartela.
Hau da filmen zikloa osatzeko egin den komisariotza-proposamena: zinemagile bakotxak hautatuko dau bere film guztien artean zein erakutsi eta jentaurrean aurkezteko eta publikoagaz eztabaidatzeko gonbita egingo jako. Lehen denporaldi honetan gure zinemearen aitzindarietako batzuk izango dira protagonista: Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1992), Euskal Herriko errepresino frankistarako hurreratze poetikoa; Denporearen gibelean (Mirentxu Purroy, 1993), umeen begiradatik eta euskerearen jazarpenetik bideratutako filma. Beste hiru dokumental oraindino bizirik dagozan arazoetara hurreratzen dira: gerra zibilari eta diktadura frankisteari buruzko memoria zinematografikoa Kamarada filmean (Julia Juániz, 2019); indarkeriak tensinoan jarritako Euskal Herri batean emakumeen bakearen aldeko apustu sendoa Mariposas en el hierro filmean (Bertha Gaztelumendi, 2012); edo errefuxiatuen ezbeharra Helena Tabernak filmautako Europa mesfidati baten atarian (Varados, 2019). Lehen denporaldi honetako eskaintzearen aniztasunaren adibide, ondokoak izango ditugu ikusgai: Bernardo Atxagaren egokitzapen literarioa, Aizpea Goenaga zuzendariaren eskuetan gatazka politikoaren oihartzunak hartu dituana (Zeru horiek, 2005); umezaroko lagunen bilera bati buruzko komedia bat (Erlauntza, Mireia Gabilondo, 2020); Kolonbiako indarkeriara hurreratzea Ana Díezen eskutik (Todo está oscuro, 1997) eta Maite Ruiz de Austrik zuzendutako umeentzako animazinoa, balioetan eduketako asmoa dauena (Lucius Dumben berebiziko bidaia, giza eskubideak dira zure tresnarik onena, 2013).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!