Udagoiena kulturaz blai dator Bilbora

Bizkaie! 2021-10-04 11:07   Kulturea

Besteak beste, musikea, antzerkia, jantzea eta literaturea dakarz #BilbaoUdazkena2021 ekimenak.

Urtaro barrian sartu gara, baina Bilboko Udalak kulturearen aldeko apustuari eutsiko deutso hurrengo hileetan be. Horretarako, #BilbaoUdazkena2021 izenburupean batu ditu urian antolatuko diran ekitaldiak, 0 kilometroko kulturea barruti guztietara eroateko asmoz. Abendura arte, era guztietako hitzorduak dagoz: musikea, zinemea, antzerkia, jantzea, magia, literaturea eta danetariko adierazpide artistikoak.

Ziklo eta jaialdiak dira udagoieneko kultur eskaintzearen ardatza Bilbon. Esate baterako, laster hasiko da BAD, urriaren 14an. Antzerki eta jantza garaikidearen jaialdia ondo finkatutako hitzordua da uriko agendan, beste adierazpide artistiko batzukaz buztartuko ditue bertoko eta kanpoko sortzaileen proposamen barritzaileak. Hamar eguneko egitaraua atondu dabe aurten.

Bazterfest jaialdiak, ostera, helburu bi ditu: Ibaiondo barrutiko kultura eta gizarte ekimenak ezagutarazotea eta babestea; eta hip-hop munduko emakumeen lana, presentzia eta ikusgaitasuna bultzatzea. Aurtengoa zazpigarren edizinoa izango da, eta Bilborocken egingo dabe zemendiaren 6an.

Bilboko Zirkuitua, ostera, uriko barruti guztietara heltzen da urtero. Aurtengo edizinoa (XXI. denporaldia) martxan da dagoeneko, eta, betiko lez, bertoko antzerki talde amateur edo erdi-profesionalen lanak erakusten dabil, oraingoan hamar konpainiaren 16 proposamen.

Auzorik auzo dabilen beste egitasmo bat Expodistrito da. Kasu honetan, pinturea eta argazkilaritzea herritarrei hurreratzea da asmoa, aldi baterako erakusketen bidez. Gehienbat, bertoko sortzaileak aukeratzen ditue, eta, beraz, euren lana ezagunagoa bihurtzeko bidea be bada. 

Jaialdi eta zikloak aitatzen hasi ezkero, ezin da ahaztu Zinebi, Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia. Ikus-entzunezkoen arloan, Bilboko jaialdi entzutetsuenetako bat da, eta 2021eko edizinoa zemendiaren 12tik 19ra egingo dabe. Oscar, Bafta eta Goya sarietarako sailkatze-kategoria dau. 

Bidebarrieta Kulturgunearen eskaintzea be askotarikoa izango da. Astero antolatzen ditue hitzorduak bertan, ondo finkatutako zikloei esker. Adibidez, Eztabaidak literatureagaz idazle ezagunen obrak jorratzeko aukera ederra da. Ganera, literatura sariketak egingo ditue, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketea eta Blas de Otero-Angela Figuera Poesia Saria. 

Udagoieneko eskaintzea biribiltzeko, Bilbao Izan programearen auzoetako bisita gidatuak, Mila Musika Haria zikloa eta auzoetako historiaren inguruko Argazkineta be Bilbora datoz, besteak beste. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu