Santutxu auzoko historia ahaztua batuko dau Argazkinetak
2021-10-01 08:29 KultureaUrrian auzoan ibiliko da Bilboko Udalaren furgoneta berezia.
Argazkineta ekimenaren beste edizino bat martxan ipiniko dau Bilboko Udalak urrian, oraingo honetan Santutxu auzoaren historian arretea jarrita. Hilaren 13tik zemendiaren 3ra, Argazkineta izeneko furgonetea auzoko kaleetan ibiliko da, jenteak etxean gordeta daukan material zaharra eta argazkiak batzen.
Helburu nagusi bi ditu Argazkinetak: Santutxu aurreko hamarkadetan zelakoa zan modu grafikoan dokumentetea; eta historia gizarteratzea.
Horretarako, auzotarrei eskatu deutse, etxean materiala gordeta izan ezkero, Argazkineta ibilgailura hurreratu eta erakutsi deiela. 2000. urtera arteko argazkiak, diapositibak, bideoak, planoak, egunkarietako zatiak, kartelak, pegatinak, eskuorriak... Danetariko materialaren bila dabiz, Santutxuko auzoaren historia ahaztua azaleratu eta gizarteratzeko.
Ikus-entzunezkoei jagokenez, Udalak zehaztu dau formatu guztiak onartuko dituela, Super 8, Beta, VHS eta antzekoak tartean. Bideoak zein batutako beste material guztia digitalizau egingo dabe Argazkinetakoek. Era horretara, jenteak etxean gordetako materialaren bizitzea luzatuko dabe. Behin digitalizauta eta ondo dokumentauta, material originala jaubeari bueltauko deutse.
Argazkineta furgonetea Santutxuko hiru lekutan egongo da: Julian Bolivar kalean (urriaren 13tik 19ra), Juan de la Cosa kalean (20tik 26ra) eta El Carmen plazan (urriaren 27tik zemendiaren 3ra). Goizean, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta arratsaldean 17:00etatik 21:00etara.
Batutako material guztia erakusteko, Argazkineta Show izeneko ekitaldia egingo dabe abenduan, auzotarrek XX. mendeko Santutxuren historia modu dibertigarri, atsegin eta parte-hartzailean ezagutu deien. 2022an, Santutxuko udaltegiko pantaila baten materiala erakustea be aurreikusi dau Udalak.
Bilboko auzoetako historia txikiak, desagertutako txokoak eta gomutak batu, dokumentau eta zabaltzeko asmoz sortu eban Udalak Argazkineta 2019an. Lehenengo edizinoan Zorrotza auzoan ibili zan furgonetea, eta, ondoren, Elorrieta, Ibarrekomanda, Sarriko eta San Inazioren txandea izan zan. Orain, Bilboko auzorik ezagunenetako eta jentetsuenetarako batera begira jarri dira, Santutxura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!