SGAEk hil-ondorengo Ohorezko Dominea emongo deutso Alfonso Sastreri

Bizkaie! 2021-10-04 07:45   Kulturea

Bilboko Campos Eliseos Antzokian da hitzordua urriaren 5ean.

Fermín Cabal erakundeko presidenteordeak Juan Sastre hildako egilearen semea danari egingo deutso autorpen berezi hau eta, horrezaz gan, Antonio Onetti SGAEko presidenteak, Julen Ezkurra, Manuel Sagarna, Pascual Barturen, Enrique Fernandez de Garayalde, Sabino Lopez de Guereño, Jose Maria Oiarzabal eta Carlos Zubiagari, autoreen etxeko giltzak emongo deutsee, 50 urte baino gehiago emoteagaitik bazkide.

Euskadin SGAEko zuzendaria dan Ignacio Casadok gidatuko du ekitaldia eta Oskar Castaño 'Garbitxu', hau da, euskal Kontseiluko presidentea, anfitrioi lanetan ibiliko da.

Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiak bere Ohorezko Dominea emongo deutso Alfonso Sastreri, hil ondorengoa, martitzenean, urriak 5, 12:00etan Campos Eliseos Antzokian (Bertendona kalea 3 Bis, Bilbo). Juan Sastrek, irailaren 17an Hondarribian 95 urte zituala hil zan antzerkigile bikainaren semeak, Fermin Cabal SGAEko presidenteordearen eskutik jasoko dau ohorezko autortzea, hildako aitaren izenean.

Gauzak holan dirala, SGAEko bazkideen agindua gauzatuko da, izan be, Zuzendaritza Batzarrak 2021eko martian autorpen hau egitea adostu eban, XX. mendeko Espainiako antzerkiaren egile adierazgarrienetako batentzat, haren literatur ibilbide luze eta oparoagaitik, olerkia, saiakerea, antzerki-kritikea eta zinemea be barrubatzen dituana. Alfonso Sastre SGAEko kide zan 1946tik, erregistrautako ehunka letrek zein antzerki-lanek osotutako errepertorioari esker.

Ohorezko Dominea emonaz, SGAEk eskertu egiten dau kulturearen arloko gizon eta emakume garrantzitsuek gizarte zibilari egindako ekarpena. Francisco Ayalak, Antonio Buero Vallejok, Marilyn Bergmanek, Francisco Nievak, Lina Morganek edo, oraintsu, Antonio Banderasek jaso dabe autorpen berau, besteak beste.

Omenaldia beteranoei


Ekitaldi berean, Antonio Onetti SGAEko presidenteak, egileen giltza emongo deutse honako musikagileei: Julen Ezkurra (Izartza, 1930); Manuel Sagarna (Hernani, 1935); Pascual Barturen (Bakio, 1936); Enrique Fernandez de Garayalde (Altsasu, 1939); Sabin Lopez de Guereño (Bilbo, 1941); Jose Maria Oiarzabal (Andoain, 1946); eta Carlos Zubiaga (Bilbo, 1941), azken hau Mocedades edo eta El Consorcio taldeetako kide izanagaitik ezaguna; horreek guztiek 50 urte baino gehiago bete ditue bazkide eta horregaitik, SGAEk garrantzia emon gura deutse ibilbide artistiko luze eta emonkorrari.

Egileen giltza-ren emaria SGAEko kide lez 50 urte daroezenei erakundeak egiten deutsen omenaldia da, hau da, kulturako profesional anonimo zein ezagunak, sorkuntzako beteranoak, eurenlanak beren arpegiak baino ezagunagoak izaten diranak, hamarkadetan zehar artista, antzezle edo aktoreen ahotsetan edo arpegietan talentu bikaina egiaztatzen dabenak.

Ignacio Casado eta Oskar Castaño 'Garbitxu', Euskadiko SGAEko zuzendaria eta Euskadiko lurralde Kontseiluko presidentea, hurranez hurran, ekitaldian omendutako egileak hartu eta gidatuko ditue.

Orain arte omendutako egileak

Joan Manuel Serrat, Manolo Sanlúcar, Antón García Abril, Ramón Arcusa, Manuel de la Calva, Dyango, Joan Guinjoan, Carlos Saura, Javier Elorrieta, Josefina Molina, Albert Boadella, Alfredo Amestoy, Manuel Moreno Buendía, Antonio Gala, Manuel Lopez Quiroga edo Jaime de Armiñán dira, besteak beste, SGAEn 50 urte bete dituen sortzaileak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu