Ibon Ajuriagojeaskoa nagusi lehenengo kanporaketan

Bizkaie! 2021-10-04 07:51   Bertsolaritzea
Ibon Ajuriagojeaskoa, Durangon (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

2020an jokatzekoa zan Bizkaiko Bertsolari Txapelketea, baina urtebete atzeratu behar izan dabe, pandemiagaitik. Azkenean, zaleen itxaronaldia amaitu da, eta martxan da orain 2021eko bihurtu dan txapelketea. Lehenengo saioa Durangoko San Agustin Kulturgunean jokatu da, eta Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra izan da irabazlea.

Aretoa jentez beteta egon da lehenengo kanporaketako sei bertsolariak kantuan entzuteko. Lan puntuagarrietan, Ajuriagojeaskoaren eta Ander Elortegiren arteko lehia estuaz gozau ahal izan dabe bertaratutakoek: lehenengoari 479 puntu emon deutsez epaileek eta bigarrenari, 477,5. 

Atzerago geratu dira beste laurak: Asier Galarza (451 puntu), Iruri Altzerreka (433,5), Inazio Vidal (421) eta Beñat Bilbao (398,5). 

Leire Garatxena Larrabe izan da gai-jartzailea. Epaileak honeek izan dira: Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea; idazkari, Itziar Basterretxea Olarreaga.

Finalaurrekoetara zuzenean pasau da Ibon Ajuriagojeaskoa, saioa irabazteagaitik. Etxebarrian zemendiaren 21ean kantauko dau. Durangoko saioko ganerako bertsolariek itxaron egin beharko dabe kanporaketa guztiak jokatu arte, ze puntuen arabera emongo ditue finalaurrekoetarako libre geratzen diran lekuak.

Bizkaiko Txapelketako hurrengo kanporaketea, bigarrena, Igorreko Lasarte aretoan izango da, urriaren 9an. Oholtzan Ander Ucelay, Garazi Navarro, Gorka Pagonabarraga, Ibai Amillategi, Julen Arzanegi eta Mikel Goiriena entzungo doguz kantuan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu