Koldo Tellitu: 'Euskeraz marrazten hasi gara etorkizuna'

Koldo Isusi Zuazo 2021-10-04 07:55   Barriketan

Ikasleen euskerearen ezagutzak eta kalidadeak behera egin dabe eta egoera horren aurrean eta ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko murgiltze eredua ezartzeko eskatu dabe ikastolek, jakinik harek bakarrik ez dauela hori ziurtatuko, baina, ha barik, ez dala lortuko. Eskaera hori Mungian egin dabe, bertan egin dabelako Ikastolen 2021-22 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia.

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldietan ohikoa da omenaldirako tarte bat eskaintzea; ikastolentzat oso garrantzitsuak diran edo izan diran personei autortza egitea, edota urteurren batzuk gogoratzea. Aurten, ikastolen komunidadea osotzen daben guztiei egin deutse autortzea: ikasle,, irakasle, hezitzaile eta laguntzaile guztiei, zuzendaritzetako kideei, idazkaritza, harrera, mantenu, garraio, garbitasun eta jangelako langile guztiei eta guraso guztiei. Autortzea, sekula ezagutu bako egoereari aurre egin deutselako, alkar jagonez, alkar babestuz, alkarregaz dana aurrera eroanez.

Amaieran, Mungiako Amilotx Jantza Taldeak jantza bi eskaini ditu: Jose Maria Usanditzagaren Mendi-Mendiyan operako doinuakaz Aurreskua eta Bernat Etxeparek idatzitako Kontrapas poemeagaz Xabier Letek eginiko abestian oinarritutakoa.

1.- Azken urteotako jokerea ei da baina datuak hain gordin emoteak ikarea eragin deusku: Hizkuntza ereduak baztertu eta murgiltze eredua martxan jarri. Orain arteko ereduok ez dabe balio? Gazteek ez dabe euskeraz egiten?

Itaun potoloa eta erantzuna be ez da hain erraza eta golpera emoteko modukoa. Jakina, gazteek euskeraz egin egiten dabe eta gure kostako herrietara, Lea Artibai edo Arratiara joatea besterik ez dago. Azterketa eta ikerketa lanek erakutsitakoa baino ez gabiz zabaltzen, hau da, ikastetxe eta euskera zein
kulturgintzako eragile askok egindako lanaren ondorioz azken urteotan gora egin dauela euskerearen erabilereak baina nabarmentzen doguna da euskeraz berba egitea eta euskera horren zuzentasuna ez datozela bat; jente asko euskerearen oinarrizko mailan dabil eta nahikotzat joten dabe baina gure eretxiz gehiago behar da ze gazteren batek erraztasunik ez badauka euskeraz gaztelania zein ingelesa erabiliko ditu, lagunartean zein sare sozialetan eta enparauetan.

A, B eta D ereduan harian, zaharkituta edo geratu diralakoan gagoz, desorekak eta sortu diralako. Murgiltze ereduaren alde gagoz danon mesederako izango dalakoan, euskerea ahalik eta arlo gehienetan izan daiten.

2.- Euskeraz egin arren, erabilten daben euskerearen mailea ez dala ona dinozu baina zerk eragin dau hori?

Arrazoiak asko dira eta batzuk nabamentzearren, sasoi bateko militantziaren indarrik ez dagoala gaur egun, lehengo estrategia eta jarrerak desagertu egin dirala, aldaketa bizkorreko munduan bizi garela, globalizazinoa eta ikastola eta ikastetxeen esku itxi dogula euskerearen ardurea; euskerea eta euskal
kulturea sano txikiak dira munduan eta azken aldian smartphone eta enparauen indarraren kaltea be ezin dira baztertu; hizkuntza gitxitua izaten jarraitzen dau euskereak, egoera diglosikoa bizi dogu eta horren guztiaren aurrean, euskereak bultzadea behar dau, alkarlanean, erakunde, kultura, euskera eta gizartearen babespean, bide barriak urratu behar doguz eta, jakina, zereginotan asmetea be nahitaezkoa da.

3.- D ereduak berak be ikasle guztiak euskalduntzeko arazoak ei ditu eta, antza, publikotasun eredu barria eregitea da konponbidea?

Azken aldian egin diran balorazinoetan holako datuak nabarmentzen dira: gazteen euskalduntzea ames, D ereduak berak be arazoak dakarz, desorekak, bereizkuntza edo pribilegioak eta holakoak; urteak daroaguz hau guztia azpimarratzen eta bistan da publikotasun eredua beharko geunkela, euskerea eta euskal kulturea ardatz izango dituan sistemea, hain zuzen be. Hezkuntzearen arloan, indarrak batu eta legearen babesa lagungarria izango litzateke baina badago zeregina. Helburua da euskeraz jakin, barruratu eta euskerea maitatzea da eta hezkuntzearen arloan legea behar bada, alkarlanean bide hori urratu.

4.- Egoereari bueltea emoteko egungo hizkuntza ereduak baztertu eta benetako murgiltze eredu bat ezarri behar dala aldarrikatzen dozu baina erronka handi horretan adostasunik ez badago, zer?

Adostasun faltarik ez dago eta datu lez baino ez bada be nabarmenduko deutsut Euskalgintzearen Kontseiluaren barruan gagozan danok ikasle euskaldun eleanitzen alde gagozala eta konpromiso horretan pausuak emon beharko badoguz be, oinarria ez da txarra. Alkarlanean ibiliko gara eta gizarte mailako eragileak erakartea erraza izango ez bada be hor egin behar dogu indar.

Benetako murgiltze eredua ezinbestekoa da, ikasleen arteko hartu-emonak euskeraz izan daitezala lortu behar dogu baina badakigu jakin beste neurri batzuk be hartu beharko doguzala.

5.- Euskal Hezkuntza Sistemeak behar dituan oinarrietan kulturgintzan eta euskalgintzan ze jarrera dago?

Ona. Beti dagoz euskal kultura eta hizkuntzearen harian aldarrikatzen dan guztiaren kontra dagozanak baina zorionez Eusko Jaurlaritzea, Legebiltzarra eta Hezkuntza Saila bat datoz geugaz.

6.- Eta politikan?

Alderdi batzuk batuko dira eta beste batzuk ez, hori da politikearen mundua. Batzuk proiektu propioa zehazten dabiz eta beste batzuk kontra dagoz. Kontua da ze hezkuntza ikuspegia, arlo pedagokioa ardatz hartuta erraz edo egingo dogula aurrera; helburua bada euskerearen normalizazinoa hezkuntzan, derrigor hartu behar dira neurriak eta, esangura horretan, murgiltze eredua erreferente nagusia izango dan arren, beste arlo batzuk ahaztu barik, euskerea administrazinoan zelan txertatu, baliabideak, ikastetxeetako hezkuntza proiektuari zentralidadea emon, euskearearen aurrean motibazino handiagoa bermatu...

7.- Urriaren 3an, Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek aurtengo Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaia atondu dabe, egun bakarrean barik egun askotan zabalduz jarduerak. Jaiok be aldrebestuta dabiz azken aldion, estrategiak eta jarrerak...

Ez da oraingo kontua. Gogoeta eta barriketaldi askoren ostean etorri zan hori guztia baina gaia ez dogu baztertu eta pentsetan dot 2022ko ikastolen aldeko jaiotan ikusiko dogula aurtengo aldaketon eragina. Jakingo dozunez, 2021eko Ibilaldia, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolok atondu genduan eta bertan egunean jarduerak izan baziran be, egun bakarreko jaia barik, egun eta aste askotan eskaini genduzan jarduerak. Baina Gipuzkoara salto eginda, lehenengo aldia da hiru ikastola batuko dirana holako egun baten bueltan. Edozelan be, Kilometroak 2021 jaiaren inguruan be urte osoan zehar atonduko dira jarduerak eta jai handiaren egunean bertan ardatz izango da Herri bat gara, euskerea gara, komunidade bat gara goiburua, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara, hau da, ikastolen kolektiboa azpimarratzeko erabiliko da, gure hezkuntza komunidadearen aniztasun eta batasunagaz bat eginez.

Ganerakoan, Nafarroa Oinez be gero eta hurrago dago eta pandemiaren eraginez hartutako neurriak bertan behera geratu badira be, atontzaileek pandemiaren barruan gengozala atondu zituen jarduerak eta, beraz, ikusteko dago burukomin horrek ze eragin izango daben.

8.- Iparraldeko ikastoletan be saltsea...

Bai, burukomin handiak Seaskak dituanak be. Ziurbakotasun egoerea etenik bakoa da eta Konstituzionalaren ebazpenaren ondorioz jota geratu dira Iparraldeko ikastolak eta aurtengo ikasturtean ez da aldaketarik espero. Frantzian hauteskunde presidentzialak datoz eta mobimentu gitxi izango da. Euskal Herri osorako erakunde bat, babes juridiko-ekonomikoa izango leukena beharko geunke holako egoeren aurrean jokatzeko.

9.- Xarnegu ikastoleak txaloak merezidu ditu ikasturte honetan edegi baititu lehenengo aldiz ateak, Bardozen...

Pozarren gagoz. Euskeraz berba egiten ez dan eskualdean, euskeraz marrazten hasi gara etorkizuna, Ipar Euskal Herriko 38.a eta Euskal Herri osoko 112. ikastolea da Bardozeko Xarnegu eta gure proiektuaren sendotasuna erakusten dau.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu