Sestaoko La Naval babesteko prozesua hasi da

Bizkaie! 2021-10-01 12:45   Kulturea

Babes Bereziko Kultura Ondasun izentau nahi dabe, Monumentu Moltsoaren kategoriagaz.

La Naval, airetik ikusita | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak jakitera emon dauenez, Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian argitaratu da Sestaoko La Naval ontziolako industria-gunea babesteko ebazpena. Prozesu horren bidez, Babes Bereziko Kultura Ondasun izentau nahi ditue bertako hainbat elementu, Monumentu Moltsoaren kategoriagaz.

Behin ebazpena argitaratuta, alegazinoak egiteko 20 eguneko epea zabalik dago. Alegazinorik balego, horreek konpondu eta dekretu bidez emongo deutso Jaurlaritzeak izendapena La Navali. Era horretara, dauen balio historiko eta kulturala autortzeaz gan, eremua segurtasun-baldintza egokietan konserbauko dala ziurtatuko da. 

Gaur egun jarduerarik hartzen ez dauen Sestaoko La Naval industria-eremuaren barruko monumentu moltsoak eremu bereizi bi ditu: eremuetako batek oinezkoentzako pasabidea, jantokien eta botikinaren pabilioia, bulego nagusiak, zentral elektrikoa eta makina eta galdara-tailerra hartzen ditu. Bigarrenean dike lehor bi dagoz.

Babestu nahi diran elementuen ezaugarriak honeek dira:

- Zentral elektrikoa: gaur egun geratzen diran zerbitzu-eraikinetatik zaharrena da, 1916koa.

- Jantokiaren eta botikinaren pabilioia: 1940ko hamarkadan eregia, ontziolearen modernizazinoaren lehenengo fasean.

- Bulego nagusiak: hasikerako eraikina goitik behera barritzean sortu zan hau, 1956an.

- Makinen eta galdaren tailerra: hau be hasikerako eraikinen moltsokoa da, 1916koa.

- Oinezkoen pasabidea: Sestaotik fabrikara beharginak errazago heltzeko eregi eben, 1916an. Trenbidearen beste aldean dago.

- 1. dike lehorra: Astilleros del Nervión enpreseak 1888an eregi eban, gaur egun desagertuta dagozan hiru harmailagaz batera. 

- 2. dike lehorra: 1956ko barritzean bigarren dike bat zabaldu eban ontzioleak, modernoagoa, lehenengo dikearen harmailek hartzen eben lekuan. 

Eremu horren babeserako espedienteak dakarrenez, La Naval EAEko industria-ondarearen ondasun bikaina da, eta haren balio historikoa, berezitasuna, gizarte, zientzia, paisajea, urigintza-balioa eta berrerabilteko ahalmena nabarmentzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu