Eskubideak urratzen dituen lan deialdiak eteteko eskatu dau Kontseiluak
2021-10-01 12:16 Euskerea berbagaiNafarroako oposizinoetan, eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskereak ez dau punturik emoten.
Nafarroako Gobernuak erizainen 424 lanpostu beteteko deialdi publikoa zabaldu dau, baina, Euskalgintzearen Kontseiluak salatu dauenez, euskerea baztertuta dago beharginak aukeratzeko prozesuan. Legeak ezarten dituan eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, euskeraz jakiteak ez dau punturik emoten, ez da kontuan hartzen. Ingelesa, frantsesa eta alemaniera jakiteak, ostera, badau balioa.
Kontseiluak gogora ekarri dau euskerea Nafarroako berezko hizkuntzea ez eze, ofiziala be badala. Ingelesa, frantsesa eta alemaniera, kontrara, ez dira ez berezkoak ez ofizialak Nafarroako Foru Erkidegoko ezein eremutan. Hortaz, erizainen oposizinoetan euskereari baliorik ez emotea hizkuntza eskubideen urraketatzat jo dau.
Oposizino horretan jazo dana ez da barria Nafarroan, euskalgintzako eragileek behin baino gehiagotan salatu daben politikearen ondorioa da. Urtea amaitu baino legen, Foru Erkidegoan mila langile ingururentzako deialdiak egingo dirala aurreikusi dabe, eta, orain arteko arauei eutsi ezkero, hizkuntza eskubideen urraketak betikotu egingo dirala dino Kontseiluak.
Horrezaz gan, herritarrek osasun-arreta duina jasoteko daben eskubidea be dudan jarten dala salatu dau Kontseiluak, euskaldunek arazoak izango dituelako euren hizkuntzan berba egiten daben profesionalak topetako. Europako Kontseiluaren gomendioen kontra egiten dau horrek, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, osasun-asistentzia berezko hizkuntzan jasotea garrantzitsua dalako.
Bilbaok azaldu dau lan deialdietan euskerea baztertzearen estrategia Nafarroako Gobernuaren sasoi ilunenetatik datorrela. 2000n hasi ei zan orduko gobernua euskaldunen eskubideak urratzeko estrategia indarrean jarten. Euskereari prestigioa kentzeko eta euskerea bera desagerrarazoteko politika bortzitzean kokatu behar dogu, dino Kontseiluak.
Hizkuntza eskubideen urraketea amaitzeko, administrazinoan euskerea arautuko dauen dekretua beharrezkotzat jo dau Kontseiluak. Alderdi politikoei gitxieneko adostasuna eta irmotasun handiagoa eskatu deutse Paul Bilbaok
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!