Xabier Lizardiren 1932ko 'Bihotz begietan' barriro argitaratu dabe
2021-10-01 09:49 KultureaOrtografia gaurkotuta dakar Susak euskerazko poesiaren harribitxi hori.
Gerra aurreko euskal berpizkundearen sinbolo eta euskal olerkigintzan mugarri, zaleek ezagutu beharreko liburua da Xabier Lizardiren Bihotz begietan, 1932koa. Jatorrizko edizinoak topetea gatxa dala ikusita eta gaur egungo irakurlearentzat aproposagoa dan edizino bat atontzeko asmoz, liburua barriro argitaratu dau Susa etxeak, egokitzapen eta gehikuntza batzuk eginda, baina liburuaren indar guztia gordeta.
Hasteko, gaur egungo ortografia estandarrera ekarri dabe testua, Lizardik olerkiei emondako erritmoa, sinbolismoa eta edertasuna ahalik eta gitxien ikututa. Zeregin neketsu horretan ibili da Susako kide Josu Landa, argitaletxeko beste batzukaz batera.
Horrezaz gan, Anjel Lertxundik berbaurrea idatzi dau, Lizardiren obrea 1930eko hamarkadako giroan kokatuz eta Bihotz begietan irakurteko giltzarriak emonez.
Irakurlearentzat liburua objektu erakargarri bihurtzea izan da Susaren asmoetako bat. Horregaitik, alderdi estetikoa ondo jagonda dago, eta Lizardiren jatorrizko edizinoaren kopia dakar amaieran. Zuhar Iruretagoiena artistea ibili da argitalpenari itxura berezia emoten, azaletik hasi eta barruko esku-hartze plastikoetaraino. Lizardiren poemen ilustrazinoak egitea ez da izan Iruretagoienaren asmoa, liburu osoari batasuna emoten deutsan itxurea bilatzea baino.
Susa argitaletxeagaz batera, Zarauzko Udala izan da edizino barriaren bultzatzaileetako bat. Xabier Lizardi jaio zanetik 125 urte bete diranez, Bihotz begietan gaurko irakurleari ekartea funtsezkoa zala erabagi eben udaleko arduradunek.
Josu Landak, hasikera baten, ez eukan horren garbi proiektu honen zentzuna, orain dala ia ehun urteko idazle elizkoi eta konserbadorea aldarrikatu behar ete zan. Baina, edizino lanean sakondu ahala, euskal literaturearen historian Lizardik egindako ekarpenaz jaubetu eta edizino honen beharra ikusi eban.
Azken ia ehun urteetako euskerazko olerkigintzan Xabier Lizardiren Bihotz begietan-ek izandako eragina azpimarratu dau Landak. Besteak beste, Gabriel Arestik berak autortu eban zarauztarraren obrea funtsezkoa izan zala bere lanetan.
Gerra aurreko euskal idazleen olerkien artean, Lizardirena salbuespentzat jo dau Landak, anomalia zoragarri bat izan zan Bihotz begietan. Estilo jakin bategaz konprometidua, erritmoa eta errimea sakon landu zituan zarauztarrak, ahalik eta berba gitxienegaz ahalik eta gehien adierazoteko. Lizardik bizirik egoala argitaratu eban liburu bakarra izan zan, besteak hil ondorengo bildumak izan ziralako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!