Senez aldizkariaren 52. zenbakia argitaratu dau EIZIEk

Bizkaie! 2021-10-01 08:35   Kulturea

Itzulpengitzea lanbide ikus-entzunezkoa, Itzulpengintzearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko.

Itzulpengintzearen Nazioarteko Egunaren bueltan ikusi dau argia Senez aldizkariaren 52. zenbakiak. Sarreran dinoenez, Itzulpena bidaia luze bat da, inoiz be amaitzen ez dana; dana dala, lantzean behin, bazterrean atseden hartzen gelditu eta beste bidaideei agur esateko auekerea emoten deusku. Orain be, itzulpengintzeagaz lotutako arlo ugari jorratu nahi izan ditugu, gogoetak eta jakinkizunak konpartiduteko, horretarako sortua be bada-eta aldizkaria.

Poema itzuliak aurkezten ditu aldizkariak hasierako orrietan eta, aurten, poeta biren lagin bana ekarri deuskuez: Derek Walcott (Joannes Jauregik) eta Lupe Gómez (Jon Kortazarrek eta Juan Kruz Igerabidek). Hain zuzen, Juan Kruz Igerabide izan dau berbalagun aldizkariak alkarrizketan, ahozko euskal tradizinoaz, euskal literaturaz, itzulpenaz, sormenaz, hizkuntzaz eta bestelakoez berba egiteko.

Itzulpenak literatura-sisteman dauen garrantziaz berba egin eben igaz EIZIEk Literaturian atondutako barriketaldian (Itzulpengiltzaz: mundura zabaltzeko eta mundua ekarteko) eta han adierazotakoak ekarri ditugu orriotara.

Euskal emakume itzultzaile aitzindariak izan ditu gogoan Ainhoa Salaberria Garmendiak, saiakerearen itzulpenari buruzko erradiografia bat egin deusku Olatz Esteban Ezkatik eta Amanda Gorman-en itzulpenak nazinoartean sortutako eztabaidearen harira itzultzaile zuri euskaldun baten gogoeta-ariketea ekarri deusku Ane Garcia Lopezek.

Liburuen –itzulpenen– berredizinoak eskatzen dauen zuzenketa-lanaz jardun dau Fernando Reyk, bere esperientzian oinarrituta zenbait gogoeta eginez. Roberto Serranok, barriz, Dostoievskiren urteurrena izan dau berbagai artikuluan.

Irakaskuntzearen ikuspegitik jardun dau Miren Ibarluzeak, itzulpenaren balio pedagogikoa ardatz hartuta itzulpenak (euskal) irakaskuntzan izan leiken agerpideen eta funtzinoen inguruan hausnartzeko abiapuntu legez.

Teknologia barriek be badabe lekua aldizkarian eta artikulu bi topauko ditu irakurleak: batetik, EIZIEk atondutako Postedizino Lantegiaren kronika moduko bat, irakasleen eta zenbait parte-hartzaileren ekarpenak jasoten dituana eta, bestetik, itzultzaile automatiko neuronalak Administrazinoan zer leku dauen, Manu Arrasateren ekarpena.

Bestalde, urruneko interpretazinoa jorratu dau Maria Colerak, pandemia garaian indar handia hartu dauen interpretazino-modalidadea. Aldizkaria ixteko, itzulpengintzako liburu-aldizkarien barri jaso dogu, zenbait iruzkinen bitartez.

Horrezaz gan, Juan Azpeitiaren irudiz apaindua dator aldizkaria, dotore eta ikusgarri.

Itzulpengitzea lanbide ikus-entzunezkoa, Itzulpengintzearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko

Lanbide honetan gabizanon lana ezagutarazotea izan da helburua eta, horretarako, hamar profesional gonbidatu ditugu, nork bere alorrari buruz labur-labur kontau daiskun zein diran alderdirik jakingarrienak:

Garazi Ugalde (itzultzaile-interpretea): Hizkuntza ezagutzea.

Isabel Etxeberria (itzultzailea eta EHUko irakaslea): Formazinoa.

Joannes Jauregi (itzultzailea eta irakaslea): Literaturea.

Beatriz Zabalondo (itzultzailea eta EHUko irakaslea): Ikus-entzunezkoa.

Natalia Elvira (Osakidetzako itzultzaile-interpretea): Osasun arloa.

Patricia Jorge (Basauriko Udaleko itzultzailea): Administrazinokoa.

Saroi Jauregi (Elhuyarreko itzultzaile-zuzentzailea): Tekniko-zientifikoa.

Gotzon Egia (GFAko Hizkuntza Zerbitzuko itzultzailea): Itzulpena eta makinak.

Mirentxu Larrañaga (Berriako itzultzaile-zuzentzailea): Zuzenketea.

Itziar Otegi (itzultzaile-interpretea): Interpretazinoa.

Bideoa Aritz Brantonek egin dau, Amaia Arakistainek egin ditu aurkezpen-lanak eta Bego Montorio arduratu da gaztelaniazko azpitituluez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu