AIZU! aldizkaria barrituta dator, papelean zein webgunean
2021-09-30 09:19 Kulturea40. urteurrenean, diseinua aldatu dau aldizkariak.
Barritasunak dakarz 2021/2022 ikasturtean Aizu! aldizkariak, AEK-k euskerea ikasten dabizenentzat beren-beregi argitaratzen dauen hilabetekariak. Nobedadeak bai papelean baita webgunean be. Batzuk zein besteak aldizkariaren 40. urteurrenean datoz, 1981ean sortu baitzan AIZU!, euskera ikasleen bidelagun eta lagungarri izateko asmoz. 40 urte honeetan, hainbat aldaketa izan ditu, irakurlearen mesedea helburu.
Diseinu barria
Papeleko aldizkariari jagokonez, diseinu barria dakar 460. zenbakiak, 2021eko irail-urrikoak. Aldaketa nagusiak itxureagaz lotuta dagoz: Irakurterrazagoa izan daiten, diseinu arin eta argiagoa dau orain. Horretarako, besteak beste, irudiak aparteko garrantzia hartu dau.
Forman eta edukian aldaketak izan ditu: Aldizkariaren atal nagusiak egokitu eta barriak sortu dira; azkeneko horreek behe mailetako euskera ikasleak izango ditue gogoan, batez be. Esaterako, galdera labur eta arinak eskainiko jakez irakurleei hilero kultur orrietako Idazlea kontu kontari eta Musikaria mintzo atalen bidez. Xabier Etxaniz Rojok eta Maite Arroitajauregi Mursegok estreinau ditue, hurranez hurran, atal barri bi horreek.
Edukiei jagokenez, ohiko gaiak lantzen jarraituko dau: kulturea, gizartea, kirola, euskerea, bitxikeriak... Beti be euskerea ikasten dabizenentzat propio moldatuta eta euskerea ikasteaz batera euskal kulturea ezagutzeko bideak zabalduta. Era berean, aldizkariaren erdialdeko Ez da hain fazila 8 orrialdeko atalak bere horretan jarraituko dau, denpora-pasez, hizkuntz-olgetezz eta dudak erantzuteko zerbitzuaz osotuta.
460. zenbakiak dakarzan eduki nagusien artean honako honeek dagoz: Hedoi Etxarteri eta Aiora Mujika Probatxoari eginiko alkarrizketak; Araban proiektu eolikoek sortu daben eztabaideari buruzko erreportajea; eskuzko emakume pelotari profesionalen Ados Pilota alkartearen gaineko erreportajea; konsumitzaileen eskubideei buruzko erreportajea; AIZU!-ren historiako pasarteak...
aizu.eus barritua
Diseinua, ostera, ez da AIZU!-k irailean abiaturiko aldaketa bakarra, izan be, Aizu.eus webgunea be barritu dau, bai itxurea baita izakerea be.
Orain arte, aizu.eus papelezko aldizkariaren erakusgarri izan da; aurrerantzean, barriz, papelekoa eta digitala alkarren osogarri izango dira. Papeleko zenbakiko eduki asko bardin-bardin sareratuko dira baina beste zenbait harpidedunen eskura baino ez dira egongo. Horretarako, harpidetza mueta barriak eskainiko ditu AIZU!-k: papeleko harpidetza arruntaz gan, harpidetza digitala edota digitala eta papelekoa buztartzen dituana. Harpidetza digitalari esker, hileroko zenbakia e-postaz jasoko da PDF formatuan. Digitala eta papelekoa egiten dauenak, barriz, papeleko zenbakia postontzian eta digitala e-postaz jasoko ditu, eta aizu.eus-eko harpidedunen txokoan zenbaki zaharrak eta eduki guztiak be ikusi ahal izango ditu. Beraz, AIZU!-ren eduki guztiez
gozetako, harpidetzea papelean edo digitalean egitea ezinbestekoa izango da, edota kioskoan zenbakia eskuratzea.
Bestalde, eduki barriak be izango ditu webguneak:
- Izenen izana atala, orain arte papelean baino argitaratzen ez zana eta irakurleek eskatzen dituen izenen jatorria arakatzen dauena.
- Argazki galeria, alkarrizketa nagusiko eta erreportajeetako irudiak batzen dituana.
- Papeleko aldizkariak hilero atontzen dituan lehiaketa bik webgunearen bidez bideratuko dira.
Edozelan be, aizu.eus-en barrikuntzea ez da amaitu. Apurka, moldaketak egingo jakoz webguneari, edukiak osotzeko edota barriak gehitzeko.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!