XVI. eta XVII. mendeetako hiru koadro heldu dira Bilboko Arte Eder Museora
2021-09-30 08:05 KultureaÓscar Alzagaren dohaintzeari esker eskuratu ditu museoak.
Beste hiru obra sartu dira Bilboko Arte Eder Museoaren bilduman, Óscar Alzaga katedradun eta abogaduak egindako dohaintzeari esker. Orazio Gentileschiren eta Salvator Rosaren koadro bana eta XVI. mendeko anonimo bat dira, hirurak Italian sortuak. Kalidade artistiko bikainekoak izateaz gan, hiru artelanek interes historiko eta ikonografiko handia dabela dinoe museoko arduradunek.
Dohaintzan jasotako hiru koadroetan zaharrena 1570 eta 1580 urteen artean egindakoa da, Dama baten erretratua mutikoagaz izenduna. Ez dau egile ezagunik, baina seguruenez artista florentziar batena izango dala uste dabe adituek. Bilboko museoaren bilduman dagozan Korteko erretratuen bilduma zabalaren osogarri aparta da honako hau, izan be, XVI. mendearen bigarren erdiko Korte espainiar eta italiarretako modea eta dekorazinoa erakusten ditu.
Orazio Gentileschik 1605 eta 1612 bitartean egin eban Judit eta haren neskamea Holofernesen buruagaz. Artistearen lehenengo etapako, Erroman bizi zaneko, erakusgarri bikaina da koadroa, eta badau bitxikeria bat be: koadroko modeloa Artemisia Gentileschi izan leiteke, autorearen alabea.
Azkenik, Salvator Rosak 1660 urtearen bueltan egindako Juda eta Tamar be Arte Eder Museoaren bildumara heldu da. Italiako beste pintore batzuen aldean horren ezaguna ez bada be, Rosa aitagarria da konposizinoen tratamendu dramatikoagaitik. Testamentu Zaharreko pasarte bat agiri da koadroan, artearen historian gitxitan erabilia.
Batez be, Francoren diktadurearen osteko Espainiako Transizinoan egin zan ezagun Óscar Alzaga Villaamil (Madril, 1942). Abogadua eta Zuzenbide Konstituzionalean katedraduna da eta gurasoak bilbotarrak zituan. UCD alderdiko kide lez, Espainiako parlamentari eta Calvo Soteloren gobernuko (1981) aholkulari izan zan. Ministro izateko eskaintzei uko egin eutsen. 1987an itxi eban politikea, unibersidadeko eta abogadutzako lanetan bete-betean sartzeko.
Kulturearen zabalkundean be ekarpena egin dau Alzagak, hainbat aldizkaritako kide izan dan ezkero. Bilduma artistiko aberatsa dauka, eta azkenaldion gizarteari helarazoteko asmoz dabil: 2017an sei dohaintza egin eutsazan Madrilgo Prado Museoari, eta orain Bilboko Arte Eder Museoaren bildumea hornidu dau hiru koadrogaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!