Biribilko, Bilboko dendetan euskerearen erabilerea sustatzeko programea
2021-09-29 12:50 Euskerea berbagaiUrriaren 8ra arteko epea dago matrikulea egiteko.
Bilboko Udalak, aurten be, euskera-ikastaroak eskainiko ditu Biribilko programearen barruan, uriko merkatarien artean euskerearen erabilerea sustatzeko. Ekimen hau HABEgaz, euskaltegi homologatuakaz eta BilbaoDendak plataformeagaz alkarlanean jorratuko da, bai eta urian hango eta hemengo merkatarien alkarteakaz be. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak eta Rafael Gardeazabal Bilbon merkataritzEa eta turismoa sustatzeko BilbaoDendak plataformako presidenteak ikustaldia egin deutse Bilbon euskereagaz konpromiso handia daben dendetako batzuei, euskeraz gauzatzen dabelako jarduera profesionala, besteak beste, Gili-Gili eta Mikel Zuaza landareen, hazien eta loreen dendea.
Narbaizak nabarmendu dau Udalaren konpromisoa sendoa dala euskerearen erabilerea sustatzeko arlo guztietan, baita merkataritzan be eta animatu egin ditu uriko dendak Biribilkon parte hartu deien: Gure asmo nagusia da Bilbo gero eta uri euskaldunagoa izatea. Euskerea kalera atara nahi dogu, erabili daigun, entzun daitela eta, horretarako, merkatariek aukerea izan behar dabe. Bestalde, Gardeazabalek azpimarratu dau oso garrantzitsua dala merkataritza-sektoreak euskerearen normalizazino-prozesuari emoten deutson babesa handitzea eta, era berean, gure hizkuntzan artatuak izatea baloretan daben herritarren erosketa-esperientzia hobetzea.
Biribilko programeak aurreko urteetako eskaintzeari eutsi deutso:
Euskera komertzialeko oinarrizko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta horreetan lan egiten dabenentzako, euskeraz jakin ezean edo oso gitxi jakin ezkero. Helburua da ahozko oinarrizko komunikazinoa lantzea, merkataritzan ohikoak diran egoeretarako hizkuntza-erispideak emonez.
Euskera komertziala hobetzeko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta horreetan lan egiten dabenentzako, euskeraz zeozertxu jakin ezkero. Aukera honetan, helburua da merkataritzearen arloan erabilten dan euskerea hobetzea, ahozkoa nahiz idatzizkoa.
Kasu batean zein bestean, ikastaroak 90 ordukoak izango dira. Eskolak astean bitan emongo dira: astelehenetan eta eguaztenetan edo martitzenetan eta eguenetan, 2021eko urritik 2022ko bagilera. Ordutegi bi eskaintzen dira: 8:00etatik 9:30era edo 14:15etik 15:45era.
Biribilko programako ikastaroek Bilboko Udalaren eta HABEren dirulaguntzea dabe.
1.800 persona baino gehiago matrikulau dira 12 urtean
Biribilko programea 2009an jaio zan eta ordutik Bilboko merkataritzearen esparruan dabizen 1.800 persona matrikulau izan dira eta balorazino sano positiboa egin dabe.
Euskerearen Eguna
Bilboko Udalak bere zerbitzuak euskeraz emoteko ahalegina egiten daben saltokien lana aintzatesten dau, izan be, Udalak joan dan Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatu eban uriko hainbat saltokiri egindako omenaldiagaz, hiriko kaleetan euskerearen normalizazinoaren alde egindako lanagaitik nabarmentzen baitira.
Euskereari bultzadea
Biribilko programea sustatzeaz eta zabaltzeaz gan, bilbaoDendak merkataritzan euskerearen erabilerea sustatzeko hainbat ekintza egiten ditu: Orain 13 urtetik hona, Bilboko merkataritzeak Merkataritza Sarien galan hainbat arlotan egindako lana aintzatesten dau, horreetako bat Euskerearen arloa izanik; hain zuzen be Gili-Gili eta Plantas, Haziak eta Flores Mikel Zuazua dira Euskera Sustatzeko Konpromisoaren Saria jaso daben saltokietako bi.
BilbaoDendak Hemengo Shopping ibilbide gidatuak be egiten ditu bertoko merkataritzearen alde eta arreta berezia jarten dau bezeroak euskeraz artatzea garrantzitsua dala uste dabenakan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!