Eusle programea 28 ikastetxetara zabaldu dau Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2021-09-28 13:37   Euskerea berbagai

Kanpotik etorri barri diran ikasleei euskeraz komuniketako gaitasuna emotea da da asmoa.

BegoƱa Pedrosa eta Lucia Torrealday (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeako Hezkuntza Sailak Eusle programearen barri emon dau. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusinorako zuzendariak hartu dabe parte Bilbon egindako agerraldian. Aurreko ikasturte bietan lau ikastetxe publikotan pilotajea egin eta gero, 2021-22 kursoan Euskal Autonomia Erkidegoko 28 ikastetxetara zabalduko dau Jaurlaritzeak egitasmoa.

Funtsean, hizkuntza arloko murgiltzea bultzatzeko programea da Eusle, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan. Kanpotik EAEko ikastetxeetara etorri barri diran neska-mutilei euskerazko komunikazino-gaitasuna emotea da helburua, horretarako beren-beregi antolatutako errefortzuaren bidez.

Pedrosak eta Torrealdayk azaldu dabenez, helburu argi bat gogoan jaio zan Eusle, eta helburu horri eusteko asmoz zabaldu dabe ikastetxe gehiagotara: ikasle etorri barriei euskeraz komuniketako gaitasuna emotea, eskola-eremuan hartu-emonak izateko lehenik eta, ondoren, jakintza-arlo guztietako edukiak jarraitu deiezen. Ikasleen inklusinoa eta hezkuntzan arrakastea izateko aukerak handitzen ditu era horretako programa batek. 

Euslen aurreikusitako laguntzinoari esker, hasierako komunikazino-gaitasuna emongo deutse ikasleei (A2), eta, ondoren, berariazko jarraipena eta laguntzinoa izango ditue curriculumean aurrera egiteko. Ibilbide akademikorako onuragarria izateaz gan, ikaslea eskolan gustura, seguru eta motibauta egotea be badakar Euslek, Jaurlaritzearen arabera.

Eusle programan parte hartzen dauen ikasle etorri barri bakotxak erreferentziazko gela bat dau, bere edadeari jagokona. Aldi berean, murgiltze-gelako kide be bada, hau da, Eusle gelakoa. Bertan, 5-10 ikasleko talde txikietan, modu sistematikoan komunikazinoko oinarrizko hizkuntzea lantzen dabe, erabileran oinarritua. Ikasle etorri barriak hasierako mailan sartuko dira (A1), eta ebaluazinoek horretarako aukerea emoten deutsenean A2 mailara sartuko dira.

Eusle gelan euskerea ikasten dabilen bitartean, pixkanaka erreferentziazko gelako jardueretan parte hartzen hasiko da ikaslea. Gitxi gorabehera, kanpotik heldu barri dan ikasle bakotxak 24 eta 36 hile bitartean pasauko ditu Eusle programan, gela arruntean behin betiko integrau aurretik. 

Egitasmoa ikastetxe gehiagotara zabaldu aurretik, oinarri sendoak ezarri nahi izan ditu Hezkuntza Sailak. Batetik, pilotajean ibili diran lau ikastetxeetako irakasle, zuzendari eta ikasleei balorazinoa eskatu, eta esperientzia positiboa izan dala ikusi dabe. Eusle taldeetan ikasketarako giro positiboak eta kohesionatzaileak sortu dirala dino Jaurlaritzeak, eta A2 mailara heltzeko bidea laburragoa eta eraginkorragoa izan dala kasu gehienetan.

Bestetik, Euslen erabilteko beren-beregi sortu dan material didaktikoa be egokitzat jo dabe pilotajeko ikastetxeetako kideek. Kontuan izan behar da, Eusle martxan jarteko, atzerriko beste esperientzia arrakastatsu batzuk aztertu zirala, Katalunia eta Kanadakoak adibidez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu