Murgiltze eredua eskatu dabe ikastolek

Bizkaie! 2021-09-27 08:05   Euskerea berbagai

Ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko.



Ikasleen euskerearen ezagutzak eta kalidadeak behera egin dabe eta egoera horren aurrean eta ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko murgiltze eredua ezartzeko eskatu dabe ikastolek, jakinik harek bakarrik ez dauela hori ziurtatuko, baina, ha barik, ez da lortuko. Eskaera hori Mungian egin dabe, bertan egin dabelako Ikastolen 2021-22 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Ekitaldian ondoetorria egin deutse Xarnegu ikastoleari, Ikastolen Alkarteko 112. Ikastoleari, ikasturte honetan edegi baititu lehenengo aldiz ateak, Bardozen: Euskeraz berba egiten ez dan eskualdean, euskeraz marrazten hasi gara etorkizuna, azpimarratu dau Ikastolen Alkarteko buru Koldo Tellituk. Euskerea eta euskal kulturea izan ditu ardatz Tellituk berbaldiaren zati handi batean; nabarmendu dau, ikasturte honen hasieran D ereduak berak be ikasle guztiak euskalduntzeko arazoak ditualako erreportaje eta artikulu ugari agertu diran arren, ikastoletan orain ia hiru urtetik dabizela ikasleen euskerearen ezagutzak eta kalidadeak behera egiten eta egoereari bueltea emoteko egungo hizkuntza ereduak baztertu eta benetako murgiltze eredu bat ezarri behar dala aldarrikatzen: Oso garrantzitsua da diagnostikoagaz asmau eta danok bat etortea, horren ondorioz jakingo dogulako zer eta zelan egin, non eta zelan eragin. Erronkea handia da, baina orain mehatxu edo arrisku lez ikusten doguna aukera bihurtu geinke, azaldu dau Ikastolen Alkarteko buruak. Ikastoletan lanean dabizela esan dau, egoereari hezkuntzatik eragin guran eta azken ikasturteotan arlo estrategikoen artean ikastolen Hizkuntza Proiektua berraztertzea jarri dabela jomugan: Gogor gabiz beharrean, baita alkarlanean be, Huhezigaz, UEUgaz eta Euskal Herriko Unibersidadeagaz. Adierazo dau hezkuntzatik bakarrik be ezin dabela eragin eta euskalgintzeak eta kulturgintzeak be esku hartu behar dabela gehitu du, erakundeek esku-hartu behar daben moduan, gizarteak, osotasunean, esku-hartu behar dau.

Hezkuntzeari jagokonez, murgiltze eredua ezinbestekoa dala azpimarratu dau eta zezeilaren 25ean ikastolek aurkeztutako Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemarako oinarrien Endekalogoan honela batu ebela: Euskerea eta euskal kulturea ardatz dituan sistemea behar dogu. Benetako murgiltze eredua gauzatuko dauena, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituen desbardintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko deutsena euskeraz osotasunean bizi ahal izateko mailea eta bizi diran errealidade soziolinguistikoan bizi dirala. Murgiltze ereduari jagokonean, gaineratu dau berak bakarrik ez dauela konponduko egoerea. Euskereak, gainera, integrazinorako be balio behar dauela esan dau Ikastolen Alkarteko buruak: Euskereak izan behar dau integrazinorako bitarteko handienetako bat, atzerritar jatorriko ikasleak geugaz hartzeko orduan, geugaz bat egiteko orduan, ‘hareek’ be ‘geu’ izateko orduan.

Euskereak ofiziala ez dan eremu luze-zabal bat dau adierazo dau eta ikastolak dabizela eremu horretan ikasleak euskalduntzen, etorkizuna euskeraz marrazten, izan Ipar Euskal Herrian, izan Nafarroan, izan Trebiñun: “Euskerearen lurraldea dogu, euskerea ofiziala dan eremutik harago doa. Horregaitik, aldarrikatzen dogu ikastolok Euskal Herri osorako hezkuntza sistema bat, egungo errealidadetik abiatuta be gauzagarria izan daitekeena”. Holan, ikastolak Europar Kooperatibara batuta, saretuta eta alkarlanean, Europa mailako partzuergo bat izan daitekeela egungo errealidadetik abiatuta hezkuntza sistema propio bat Euskal Herri osoan eregiteko tresnea; erakunde publikoez gan, hezkuntzeagaz konprometiduta dagozan bestelako erakundeek be babestua izango dana.

Ikasturte hasiereagaz batera, Eusko Jaurlaritzeak, Eusko Legebiltzarreko taldeek, alderdiek eta Eusko Ikaskuntzeak beren-beregi atondutako jardunaldietan parte hartzen dabizan hezkuntza eta hezkuntzatik kanpoko eragileetatik hezkuntza hitzarmenaren inguruan sortutako ekimen eta egin diran adierazpenak ontzat hartu ditu Ikastolen Alkarteak: “Aspaldiko aukerarik handiena dogu agintari, ordezkari politiko eta sindikal eta hezkuntza eragileok adostasun handi bat lortzeko gure etorkizuneko hezkuntza sistemea abian jarteko”, azpimarratu dau Tellituk; “izan daitela hori eztabaida zabal eta sakon baten emoitzea, danon artekoa eta hemen jorratua eta gure hezkuntza sistemak dituan bakotasun nagusiei aurre egiteko balioko duaena; alkarlanerako borondateari eutsiz”.

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euseara, Kultura eta Kirol diputadu Lorea Bilbaok eta Mungiako alkate Ager Izagirrek be egin dabe berba. Hezkuntzea, kooperatibea, euskerea eta kultura munduko ordezkari multzo bat be izan da, hautetsi eta ordezkari politiko eta sindikalakaz batera.

Omenaldia

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldietan ohikoa da omenaldirako tarte bat eskaintzea; ikastolentzat oso garrantzitsuak diran edo izan diran personei autortzea egitea, edota urteurren batzuk gogorarazotea. Aurten, ikastolen komunidadea osotzen daben guzti guztiei egin nahi izan deutse autortzea: ikasle guztiei, irakasle, hezitzaile eta laguntzaile guztiei, zuzendaritzetako kideei, idazkaritza, harrera, mantenu, garraio, garbitasun eta jangelako langile guztiei eta guraso guztiei. Autortzea, azkeneko urte biotan egin daben guztiagaitik. Autortzea, sekula ezagutu bako egoera bati aurre egin deutselako, alka jagonez, alkar babestuz, guztia alkarregaz aurrera eroanez.

Ekitaldiari Mungiako Amilotx jantza taldeak jarri deutso kolorea: Jantza bi eskaini ditue: Jose Maria Usanditzagaren Mendi-Mendiyan operako doinuakaz Aurreskua egin dabe jantzan hasieran eta Bernat Etxeparek idatzi eban Kontrapas poemeagaz Xabier Letek eginiko abestian oinarritutako jantzea izan da bigarrena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu