Landakanda pandero jolea hil da

Bizkaie! 2021-09-27 08:08   Musikea

Laja trikitilariagaz egindako bikotea zale guztien gomutan dago. 

Ramon Zubizarreta, Landakanda ezizenez ezaguna, 88 urtegaz hil da. Ibilbide luzeko pandero jolea, erromeria ugaritan jo eban eta diskoak be plazaratu zituan. Laja eta Landakanda bikotea azken hamarkadetako ezagunenetakoa da zaleen artean, baina beste soinu jole batzukaz be jo eban Landakandak. 

Azkoitiko Altzibar auzoko Landakanda baserrian jaio zan 1932an. Lehengusuek ekarritako panderoagaz ikasi eban joten, gaztetxutan, eta laster hasi zan erromerietan agertzen. Lehenengo plazea 18 urte bete barritan egin eban, Azpeitian. Ezkondu arte ibili zan hara eta hona trikitilarien doinuei panderoaz eta ahotsaz laguntzen.

Urte batzuk plazetatik urrun ibili eta gero, 40 bat urtegaz barriro ekin eutsan jentaurrean panderoa joteari, Maltzeta soinu joleak eskatuta. Bikotekide ugari izan zituan oholtzan: Zendoia, Epelde, Eleuterio Tapia... Baina urte gehien Iñaki Garmendiagaz egin zituan, Lajagaz.

1977an Trikitixa izeneko diskoa argitaratu eben Laja eta Landakandak, eta 1981ean etorri zan Laja eta Landakanda izenekoa. Trikitixearen eta erromerien munduan puntaren puntara eroan zituen diskoek, baita plazarik plaza egindako lan bikainak be. Geroago, beste disko batzuk be argitaratu zituen: Pepe Yanciren omenez (1986) eta Gure oroitgarri (1994). 

Laja 2019an hil zan eta orain Landakandak esan deusku agur. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu