Litri: 'Sokatirea ez da indar hutsa, taldeko guztiek ondo ulertu behar dabe alkar'

Dabi Piedra 2021-09-27 08:01   Barriketan

Gaztediko tiralaria.

Irailean Getxon jokatu dan Munduko Lur Ganeko Sokatira Txapelketan, etxeko tiralariak nabarmendu dira, kluben atalean zein Euskal Selekzinoaren izenean. Suitzarrek 14 domina irabazi ditue, eta euskal herritarrak etorri dira ondoren, zazpi dominagaz, tartean urrezko lau. Gaztedigaz zein Euskal Selekzinoagaz igon dau podiumera Jose Antonio Goirigolzarri Litri tiralari beteranoak, eta bietan urrea jantzi dau. Laukizko taldeak, kluben atalean, gizonen 560 kiloko eta emakumeen 500 kiloko urreak eta B taldearen brontzea irabazi ditu.

16 urtegaz hasi zan Litri sokatiran, eta 45 urtez lehiatu da etxean zein nazinoartean, Gaztediren eta Euskal Selekzinoaren ordezkari. 61 urte beteta eta Getxoko Munduko Txapelketan lan bikaina egin eta gero, erretiroa hartuko dauela iragarri dau, baina Gaztedi taldean laguntzen segiduko dau, sokatirea barru-barruan daroalako. 

1.- Getxoko Munduko Txapelketan birritan igon dozu podiumaren gorengo mailara, Gaztedigaz eta Euskal Selekzinoagaz. Gustura egoteko modukoa da...
 
Ederra izan da, txapelketa ona egitea beti izaten dogu buruan, baina oraingoan ia alde guztietatik izan da bikaina: neskak zein mutilak, kluben zein selekzinoen txapelketetan... Ez dago gehiago eskatzerik, guk pentsetan genduana baino gehiago egin dogu. Egia da kategoria batzuetan ez dogula geure mailea emon, esaterako, 580 mistoan zeozer gehiago egiteko esperantzea izan dogu, 640koan be hobeto egiteko modua egon da. Danak ezin dau perfektu urten, baina gustura gagoz txapelketeagaz.
 
Bestetik, bene-benetan eskertuta gagoz txapelketa hau egiten lagundu daben guztiakaz. Egoera honetan ez da erraza era honetako ekitaldi bati bultzadea emotea. Igaz bertan behera itxi eben, eta zalantzak izan doguz aurten egingo ete zan. Gazteak arduratuta ibili dira, Munduko Txapelketarik ez zalakoan egongo, eta beteranoak ibili gara animoak emoten, baietz, baikorrak izan behar ginala. Baina, benetan, geu be ez gengozan bape seguru. Horregaitik, chapeau instituzino eta antolatzaile guztientzat, 
 
2.- Suitzarrak indartsu ibili dira maila guztietan, baina Euskal Selekzinoak final bi irabazi deutsez.
 
Bai, suitzarrena talde gogorra da, baina pronostikoak ez dira beti beteten, lehiaketea zelan doan begiratzea be inportantea da. Adibidez, guk tirada gogor-gogorra izan genduan Goiherriren kontra, talde biok sano nekatuta urten genduan, eta hori igarri egin zan hurrengo tiraldietan. Guk errekuperau ahal izan genduan, baina... Ganera, suitzarrei baino, alemaniarrei begiratu deutsegu guk, 560 kilokoan eurek irabazi ditue txapelketa gehienak azken bi-hiru urteotan. 
 
3.- Tiraldi gogorretatik ondo errekuperetea giltzarria izan da, hortaz.
 
Bai, ze tiraldi gogor baten ostean beste kontrario on baten kontra jokatu behar badozu, azkenean ez da erraza errekuperetea. Baina txapelketea beti da holakoa, eta aurrera egin behar da. 
 
Gu onak gara tiraldi luzeetan. Gaztedin bakarrik ez, euskal sokatiran orokorrean. Nazinoarteko lehiaketetan, tiraldi luzeetan gehiago irabazten dogu euskaldunok. Tiradea luzatzen hasten bada, normalean Euskal Herriko taldearentzat izaten da azkenean, laburretan ez gara horren onak, beharbada atzerrian potentzia gehiago lantzen dabelako. 
 
4.- Sakrifizio handia eskatzen dauen kirola da sokatirea?
 
Bai, ze sarritan entrenau behar da. Ganera, gu asko arduratzen gaituen beste kontu bat pisua da. Beti zabiz pentsetan pisuan, ia kilo gehiegi edo gitxiegi dozuzan, egunero buruari eragiten. Normalean, tiralaririk handienetako batzuk pisu txikiagoan sartzen doguz, orekatzeko, baina ez da erraza kalkulua ondo egitea. 
 
5.- Laukizkoa da Gaztedi taldea, herri txiki batekoa. Zertan oinarritzen da kluba hainbeste urtean goi mailan egon ahal izateko?
 
Sekreturik ez dago, entrenamenduak dira oinarria. Ez badozu pilo bat entrenetan, ez dago zereginik. Sokatirea ez da indar hutsa, faktore askoren arteko baturea da, eta taldeko guztiek ondo ulertu behar dabe alkar. Horretarako, ezinbestekoa da urte askoan alkarregaz ibiltea, aldaketa asko barik, horrek asko laguntzen dau. Gaztedi, hain zuzen be, esperientzia handiko taldea da, urte pilo bat daroaguz hemen eta atzerrian lehiatzen. 
 
Horrezaz gan, atzetik jente gaztea etortea be inportantea da. Entrenamenduak gogorrak dira, eta gogotsu etorri behar dira. Getxoko Munduko Txapelketan, esaterako, zaharrak eta gazteak egon gara. Nik 61 urte daukadaz, eta nire aurrekoak 18 eta atzekoak 23 urte. Etorkizuna hor dago. 
 
6.- Batzuek dinoe taldeko arimea zeu zarela.
 
Ez, ez, keba! [barrezka] Duda barik, taldeko beteranoa naz, mila urte daroadaz sokan. Ezin naz kejau, beste taldekideek errespetu handia deustelako, baina taldeko bat gehiago naz, ez jat egoa inora igon. Ahal dodan gauza guztietan laguntzen deutsiet gazteei, eta niretzat ohorea da. Gero, egia da batzuek esaten deustela erreferente bat nazela eta ez dakit zer, eta holakoak entzunda sano gustura sentiduten naz. 
 
7.- Gazterik hasi zinan Gaztedin, zerk animauta?
 
Ni Gatikakoa naz, baina nire etxea Laukizko mugan dago, eta han beti egon da tradizino handia. Nire osabak, lehengusuak eta anaiak Gaztedin ibili ziran eta holan hasi nintzan. Sokatirea da niretzako kirolik aproposena, gehien maite dodana, beste kirol batzuk be probau dodazan arren. Beste batzuek gurago ditue pelotea, futbola edo saskibaloia; ba ni sokatireak erakarten nau. Gauza asko emoten deustaz, baina sokatireagaitik be gauza asko itxi behar izan dodaz, sakrifizio handia da. Familia airean itxi behar dozu batzuetan, oporretan joan eta sokea eroan izan dot nik, ariketak egiteko. 
 
8.- Gaztedi kluba da zure bigarren familia.
 
Nik 45 urte egin dodaz sokatiran, eta horretarako ulertzen zaituan familia bat behar dozu eta fisikoa beti ondo landu. Eta Gaztedi, bai, beste familia baten modukoa da. 16 urtegaz hasi nintzan eta erreferenteak taldekideak ziran. Lehenengo tiraldia Igorren egin neban, sasoi haretan Arratian eta inguruetan pilo bat talde egozan. 16 urte nik, eta lehiatu behar izan nintzan ni baino 15-20 urte zaharragoak ziranakaz, ume mokoa nintzan gizonen artean. Baina harek erakutsi eustan sokatirea ez dala indar hutsa, faktore asko kontuan izan behar dirala. 
 
9.- Hasi zinanetik hona asko aldatu da euskal sokatirea?
 
Bai, pilo bat. Lehen sokan baino ez genduan entrenamendua egiten, alkarren kontra edo zutabe baten kontra. Orain entrenamendu espezifikoak dagoz, gimnasiora joaten gara... Ganera, gaur egun mila bideo daukaguz eskura, zer hobetu ahal dogun ikusteko, adibidez. 
 
Sokatiran egiteko modu hobeak ikasi doguz. Ni hasi nintzanean mundu guztiak esaten eustan sokatiran ez ibilteko, lepoa eta gerria txiki-txiki eginda geratuko jatezala, tiralari guztiak herniak jota egozala. Astokeriatzat hartzen zan, baina ez da holan, mitoa da. Jakina, entrenamendurik ez badozu egiten, lesinoak eta minak datoz, baina behar dan moduan landu ezkero, sokatirea ez da arriskutsua. Futbolean be ibilita nago ni, eta han bai belaunak eta orkatilak apurtzeko arriskua!
 
10.- Hobekuntzak egon dira sokatiran, baina lehen baino talde gitxiago dagoz Euskal Herrian.
 
Lehen esan dot Arratian talde asko egoten zirala, Igorren bat baino gehiago. Enkarterrin eta Ezkerraldean be asko eta asko ibilten ziran, hori faltan dogu orain. Hiru-lau talde baino ez gabizanez, gure lehiaketak laburrak dira, eta nazinoartean dagoanagaz konparauta eskasa da hori. Suitzan, Ingalaterran eta Herbereheetan talde asko dagoz eta lehiaketak gogorragoak dira. Hori igarten da, hobeto preparau ahal diralako, tirada gogor asko izaten ditue. Guk zelan konpentsetan dogun hori? Ba, ondo entrenauta. Lehen esan dot, tirada luzeetan euskaldunoi irabaztea gatxa da. 
 
11.- Lehiatzen 45 urtez ibilteko motibazinoa behar-beharrezkoa da. Zu zerk lotzen zaitu sokatirara? 
 
Herri txikia da Laukiz eta konpromiso handia dau gugaz. Gogoan dot kanpora joan ginan lehenengo aldian, bueltan itzelezko ospakizunak eta ondoetorria egin euskuezala. Horrek motibazinoa emoten dau aurrera segitzeko. Udalak zein jentea zure pentsuan, zu babesten, ikusten dozunez berezia zarela sentiduten dozu, sano gustura. 
 
12.- Makina bat pasadizo izango dozuz batuta 45 urtean.
 
Begitu, guk tiradarik luzeenaren errekorra dogu, 55 minutu tira eta tira egon ginan behin. Uste dot 1996an izan zala, Herberehetara joan ginan txapelketa batera eta finalaurrekoetan Irlandako talde baten kontra tokau jakun. Horren ostean, nazinoarteko federazinoak arauak aldatu zituan pixka bat, tiraldiak laburtzeko. Hamar minutura heltzen danean, tiraldia lur barrira aldatu behar da.
 
Beste anekdota bat zaharragoa da. Lur ganeko sokatiran hasi ginanean, teknikari ingeles bat etorri zan modalidade horretan zelan egin behar zan erakusten. Handik denpora batera, 1989aren bueltan, Italiako Riminiko txapelketan, teknikari haren taldearen kontra lehiatzea tokau jakun. Berak erakutsi euskuzan gauza guztiak alderantziz egin genduzan, pentsauko eban kasurik ez geuntsala egin Ingalaterrarik Laukizera etorri zaneko aldi haretan. Eta geuk irabazi genduan tiraldia. Baina beragaz asko ikasi genduan, oso eskertuta hartu genduzan bere irakaspenak, ze beti da ona beste leku batzuetan egiten dana ezagutzea. Entrenamenduetan poleak erabilteko esan euskun eta guk halakorik ez geunkan, gaur egun gauza normala dan arren. 
 
13.- Zein izan da zure momenturik pozgarriena sokatiran?
 
Hiru momentu daukadaz beti gogoan. Lehena, Getxon, lehenengo Munduko Txapelketea jokatu genduanean, goma ganean. Egun berean urre bi eta brontze bat atera genduzan, sei laguneko taldea aldatu barik. Modalidade baten amaitu eta hurrengora, goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko zazpirak arte parau barik. Kirol lorpen itzela izateaz gan, herriko jente guztia geu ikusten etorri zan, egundokoa izan zan. Beste txapelketa askotan tiratu dogu, eta emoitza hobeak be atera doguz inoiz, baina ez egun bakarrean hiru domina.
 
Bigarren momentua 1996an izan zan. Euskal Selekzinoa ofiziala izatea lortu genduan Suediako Malmöko Munduko Txapelketan, eta txapeldun izan ginan. Gure ereserkia entzutea pozgarria izan zan. Eta hirugarren momentua aurtengo Munduko Txapelketakoa da, Getxon. Ez da bape erraza klub batek dominak irabaztea A eta B taldeakaz. Eta horri gehitu nesketan be dominak irabazi doguzala. Hori Gaztediri jagokonez, baina Euskal Selekzinoagaz be lan bikaina egin dogu. 
 
14.- Erretiroa hartzeko zagozanez, agur esateko modu biribila izan da Getxokoa. Baina, hainbeste urte Gaztedin egon eta gero, benetan hartuko dozu erretiroa?
 
Zalantzak badodaz, munduko guztiak. Telebistan be esan neban hau zala amaierea, erabagi sendoa izan behar da, ze neure burua ez badot behartzen sokatirea ixtera, badakit barriro bueltauko nazena. Barruan daroat. Entrenamenduetara banoa eta esaten badeuste taldea osotzeko baten bat falta jakela, ba hori igual bai. Ez dodana gura da lehiaketetan segitzea, goi mailan, beti neure burua jagoten, beti sakrifizioak egiten. Gazteen aldean, ni hiru bidar gehiago preparau behar naz euren mailara heltzeko, eta pentsau zenbat ordu diran horreek. Beste zeregin batzuetara pasauko naz, Gaztedi ez dot itxiko sekula be, behar danerako hor egongo naz, laguntzeko. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu