Urriaren 12ra arte zabalik Argia Ereiten Sarirako hautagaitzak proponiduteko epea

Bizkaie! 2021-09-23 08:20   Euskerea berbagai

Igaz Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasek irabazi eben.

Datorren urriaren 12ra arte zabalik egongo da Euskera Saria Argia Ereiten XII. Lehiaketarako hautagaitzak aurkezteko epea. Ekimenaren helburua da euskerearen gizarte erabilerea babestea, sustatzea edo zabaltzeko zereginetan nabarmendutako erakunde, alkarte edo persona fisiko nahiz juridikoak goraipatzea. Getxoko Udalak atonduta, beste urte batez herritarrak animau nahi ditugu beren inguruan, familian, kuadrillan, kultur, kirol eta bestelako alkarteetan euskerearen alde egunero zeozer egiten daben personak aurkeztu daitezan, herriaren esker onez jaso ahal izateko, nabarmendu dau Irantzu Uriartek, Euskera zinegotziak.

Hautagaiak aurkezteko fitxea posta elektronikoz euskara@getxo.eus helbidera bialdu daiteke edo posta arruntez Getxoko Udaleko Euskera Zerbitzura (Foru kalea 1. 48992 Getxo) eta www.getxo.eus/euskara webgunean dagoan formularioa bete daiteke. Saria Ibon Garagarza eskultore getxotarraren lana da:

Saridunak

Lehen edizinoaren irabazlea Laura Lapeyra izan zan. Saridunak Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Alkartean euskerearen erabilerearen alde egindako lanagaitik jaso eban saria. Bigarrena, ostera, Bittor Egurrolarentzat izan zan, bizitza osoa hizkuntzea sustatzen ibilteagaitik; hirugarrena San Nikolas
Ikastoleak eroan eban, 50.urteurrenean euskerazko heziketan egindako lanagaitik; laugarrena Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzearen alde egindako lanagaitik; bosgarrena Gobela Ikastoleak irabazi eban, 50.urteurrenean; seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskerearen alde egindako lana eta udalerrian orain 20 urte baino gehiago martxan jarritako Berbalaguna autortzeko; zazpigarrena Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagaitik; zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari, kirol jardueran euskerea sustatzeagaitik; bederatzigarrena ALBE taldeak eroan eban 1980an sortu zanetik euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lanagaitik eta hamargarrena Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzaileari, klubaren barruan euskerea sustatzeagaitik eta igaz Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasi, toponimia ibilbideen diseinuan eta edukien lanketan egindakoagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu