Euskerea desagertzeko arriskua
2021-09-22 10:22 Euskerea berbagaiDerrigorrezko hizkuntza-kuotak ezarri behar dira.
Azken egunotan hainbat hedabidek aurreratu dabe Espainiako Ministroen Kontseiluak epe laburrean onartuko dauela Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra. Aurreratutako barri horretan guztietan berezko hizkuntzei buruz egindako alegazinoak kontuan hartuko ez dirala jasoten gabiz.
Hizkuntza-eskubideak bermatzeko eskaerei entzungor
Garagarrilean zabaldu eban Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezko Lege Orokorraren aurreproiektuari ekarpenak egiteko bigarren aukerea eta Euskalgintzearen Kontseiluak, Topagunea, Hekimen, Tokikom eta Pantailak Euskeraz alkarteakaz batera, ekarpen zehatzak egin eutsozan legeari.
Kontseiluak orduan be ardura handia agertu eban lehen zirriborrotik bigarrenera ez ebalako ezelako aldaketarik ikusi berezko hizkuntzen presentziari jagokonez: Gobernuak aukerea izan eban bigarren zirriborro horretan berezko hizkuntzen erabilerea bermatzeko neurriak txertatzeko baina ez eban halakorik egin, eta gurea lako hizkuntzei ezelako tarterik ez esleitzeko aukerea zabalik itxi eban barriro, esan dau Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Holan, euskerearen aldeko eragileek hainbat alegazino helarazo zituen: Hizkuntzen erabilereari buruzko artikulu guztietan kuota zehatz batzuk agintzeko eskatu genduan, horixe baita hizkuntza gitxituen erabilerea bermatzeko bide bakarra adierazo dau Bilbaok. Euskerearen aldeko eragileek ez eze, galizierearen edota katalanaren aldeko gizarte eragileek be antzeko zuzenketak egin eutsiezan legearen aurreproiektuari.
Azken barrien arabera, zuzenketa horreek guztiak baztertu egin ditu Espainiako Gobernuak eta beraz, lege honek geurea eta geurea lako hizkuntzen desagerpena ekarri leike ikus-entzunezkoen eremuan, azaldu dau Kontseiluko eledunak.
Estrategia bateratua adostu beharra
Euskalgintzearen Kontseiluak argi dau estrategia bateratua eregi behar dala lege barriak geurea eta geurea lako hizkuntzen presentzia bermatzeko neurriak jaso daizan: Azken boladan behin eta barriro esaten gabiz bat eginda aldatzeko aukerak izango ditugula eta honetan be holan izango dala uste dogu adierazo dau. Bilbaok azaldutakoaren arabera, leitekeana da hurrengo martitzenean bertan Ministroen Kontseiluak legearen tramitazinoari ekitea. Horrexegaitik, Kontseiluak eragile sozial eta alderdi politikoakaz erantzun bateratua emoteko estrategia adosteari ekingo deutso datozen egunetan: Alde batetik, zelan erantzun zehaztu behar dogu ekarpenak geugaz egin zituen eragileakaz zein Estaduko gainerako eragileakaz.
Bestalde, Madrilen ordezkaritzea daben alderdiakaz bilerak egiteko asmoa dau Kontseiluak, azken finean, euren esku be badagoalako behin betiko legea: Beti dinogun lez, danon erantzukizuna da, eta zeinek bere funtzinoak bete beharko dituan legeak bere horretan aurrera egin ez daian, gaineratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!