Urriaren 3an hasiko da 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2021-09-21 13:10   Bertsolaritzea

Sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta abenduaren 18ko finala dagoz egitarauan.

Erakundeetako eta Bertsozale Alkarteko arduradunak, Bilbon (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jagokona baino urtebete geroago dator Bizkaiko Bertsolari Txapelketea, igazko udagoieneko saioak bertan behera itxi behar izan zituen eta, pandemiaren eraginez. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak jakitera emon dauenez, urriaren 3an hasiko da txapelketea, Durangon, eta abenduaren 18an amaitu, Bilbon. Hamar saio izango dira guztira: sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala.

Igazko irailean jokatutako aurrekanporaketetan sailkatu ziran parte-hartzaileetako batzuk, 28 hain zuzen (fase hori be udabarritik uda ostera atzeratu behar izan eben). Beste zortzi, 2018ko edizinoko finalaurrekoetan egoteagaitik zuzenean sailkatu dira kanporaketetara. Azkenik, finalaurrekoetan sartuko dira beste zortzi, 2018ko finalistak hain zuzen. Danetara, 44 bertsolari, txapel bakarra irabazteko lehian.

Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Alkarteko presidentea, Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketako arduraduna eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputadua egon dira Bilbon egindako aurkezpenean. Hantxe emon dabe urriaren 3an hasiko dan Txapelketearen nondik norako eta asmoen barri.

Atzerapenak atzerapen eta pandemiak oraindino kulturgintzea estutzen dauen arren, bertsoaren plazea berreskuratzeko aurrerapausua izango da Bizkaiko Txapelketea. Plazea berraktibau eta Txapelketea ahalik eta duinen antolatzea izan dira helburu nagusiak, Bertsozale Alkarteak Bilboko agerraldian zehaztu dauenez.

Horrezaz gan, komunidade euskaldunari eta euskal kulturgintzeari ekarpena egitea be funtsezkotzat jo dau Alkarteak, euskerazko sorkuntza kalidadezko eta eredugarriaren bidez. Bizkaiko bertsolaritzearen erakusgarri nagusia eta askotariko gizartearen isla izatea be bada helburua.

Betiko lez, Bizkai osoa kontuan hartu dabe saioak antolatzeko orduan. Kanporaketez gozau ahal izango dabe Durangon, Igorren, Ortuellan, Mungian, Elorrion eta Getxon; finalaurrekoak Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun jokatuko dira. Finala, azken urteotako leku berean, hau da, Bilboko Miribillan. 

Sarrerak erosteko bide bi egongo dira. Batetik, interneten, Bertso Sarrerak atarian; bestetik, saio bakotxaren aurretik, txarteldegian. Osasun egoereari lotutako edukiera mugak egon leitekezanez, sarrerak aurretiaz erostea gomendatu dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteak. 

Informazino guzti-guztia webgune berezi baten batu dabe, saioen ordutegiak, bertsolarien datuak, argazkiak eta bestelako jakingarriak zaleen eskura jarteko. Loturea hemen. Sare sozialetan be zabalduko dabe informazino eguneratua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu