Goiatz Labandibar eta Miguel Paz, IV. Ramiro Pinilla Sariko irabazleak

Bizkaie! 2021-09-20 09:16   Kulturea

Umeentzako Txiki Baskardo lehiaketan Laia Petralanda eta Claudia Montañés izan dira onenak.

Ramiro Pinilla eta Txiki Baskardo lehiaketetako irabazleak (argazkia: Getxoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Udalaren Kultura Sailak eta Pinillesca alkarteak urtero emoten ditue Ramiro Pinilla Sariak, literaturea bultzatu eta Getxoko idazle ezaguna izan zanari omenaldia egiteko. Nobela laburren lehiaketearen laugarren edizinoko irabazleak Goiatz Labandibar eta Miguel Paz izan dira, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan, hurranez hurran. 

Goiatz Labandibar Arbelaitz oiartzuarrak Biharamuna izeneko elebarriari esker eskuratu dau lehenengo saria. Antolatzaileen arabera, gaurkotasun handiko testua da, estiloari zein gaiari jagokonez, eta gaur egungo belaunaldi gazteen kezkak batzen ditu. Ohiko bizimodua dauen emakume bat da protagonistea, baina ezusteko jazoera batek normaltasun hori krisian jarriko dau. Lan hau narrazinoaren freskotasunagaitik nabarmentzen da, irakurlea istorioan zuzenean sartu eta kontakizunak aurrera egin ahala tensino narratiboari eusten deutsalako, dino epaimahaiak.

Gaztelaniazkoan, Miguel Paz Cabanas sestaotarrak Banksy estuvo aquí idazlanari esker irabazi dau Ramiro Pinilla lehiaketea. Zehaztu bako gerra baten kokatutako istorioa da, gaur egungo gizartean irudiak dauen indarraren inguruko gogoetea egiteko asmoz. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, egileak garaiotako azalkeria nahasten jakin dau gerrearen sakontasunagaz eta igeslarien minagaz.

Ramiro Pinilla lehiaketearen laugarren edizinoan 192 nobela labur aurkeztu dira, horreetatik hamaika euskeraz, eta ganerakoak gaztelaniaz. Parte-hartzaileen artean hamabost getxoztar egon dira. Epaimahaian Juan Kruz Igerabide, Inazio Mujika eta Txani Rodríguez egon dira.

Ume eta gaztetxuei zuzenduta, Txiki Baskardo lehiaketea be antolatzen dabe Getxon, Ramiro Pinillaren omenezkoagaz batera. Aurtengo irabazlea Laia Petralanda, Julio Caro Baroja BHIko ikaslea, izan da euskerazko modalidadean, bullyinga, sexu-aniztasuna eta nork bere burua onartzearen aldeko mezua buztartzen dituan kontakizunari esker. Romo-Artaza institutuko Claudia Montañések irabazi dau gaztelaniazko atalean, irudimenez betetako istorio bati esker. 

Txiki Baskardo lehiaketan, aurten, Azkorri, Europa, Julio Caro Baroja, Artaza-Romo, Aixerrota eta Santístima Trinidad ikastetxeetako DBHko 1. mailako ikasleek hartu dabe parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu