Itziar Iruretagoiena: 'Berbearen indarra ukaezina da'

Koldo Isusi Zuazo 2021-09-20 07:55   Barriketan

Literaturia 2021 (Atontzailea).

Udabarritik udagoienera, zailtasunak zailtasun, Itzala izango da aurtengo gaia eta leloa, barriz, hitzaren ahala; aitatu goiburupean atondu ditue, besteak beste, azokea, errezitaldi, barriketaldi eta liburu aurkezpenak; gainera, aitatu goiburua erabiliz sortu ditu Hiru Damatxo kolektiboak Literaturiaren barri zabaltzeko bideoa, kartela eta liburuxkea.

Bestelako ekitaldi batzuk be izango dira, tartean, ibilaldi dramatizatu bat eta barriketaldiak. Era berean, omenaldi bana egingo jake (H)ilbeltza euskal nobela baltzaren asteari eta Galtzagorri alkarteari, euskal literaturan egin daben lana autortzeko.

Literaturia irailaren 24tik 26ra egingo da Zarautzen eta zehetasun guztiak Itziar Iruretagoienak emon deuskuz.

1.- Bigarrenez, udabarritik udagoienera dator Literaturia eta aldaketotan pandemiak eta konfinamenduak izango eben zeresana...

Duda barik. Hankaz gora jarri dau pandemiak dana eta igaz be bardin jokatu behar izan genduan. Hasieran ziurbakotasun egoeran ibili ginan pausuak emoten baina ez genkian egiteko modurik izango genduan ala ez. Azkenean, pausuak emon behar dirala jaubetuta, gu geu tematu egin ginan, Literaturia egin gura genduan eta ahaleginotan artistakaz eta berba egin ondoren, prest azaldu ziran udagoienera ekarteko. Murrizketak, aforoa, maskarak eta enparauak gogoan hartuta, literaturearen plazeak pubikoaren erantzun ona izatea espero dogu.

2.- Zu naiz, ni zara, Hitza da giltza eta aurten, Itzala izango da gaia eta leloa, barriz, hitzaren ahala. Letra, hitz eta berba barik ez dagoalako literaturarik, ala bai?

Ez. Literaturan berbak beharrezkoak dira, isiluneak eta gogoetarako tarteak oinarrizkoak izan arren. Ahoz edo idatziz izan daiteke baina berbearen indarra ukaezina da. 

3.- Ze hartu-emon dozue, besteak beste, eitb, EHU, MU, Tabakalera eta bertsozale bezero dituan Hiru Damatxo kolektiboagaz?

Aspaldi hasi ginan Hiru Damatxogaz beharrean. Aurten Literaturia zabaltzeko bideoaren, kartelaren sorkuntzan eta okasinorako liburuxkea be aitatu kolektiboak sortu ditu eta gustora gagoz egin dabenagaz. 

4.- 2008. urtean Larrabetzun sortutako proiektua Zarautzen dabil azken urteotan. Zelakoa izan zan prozesua?

Zehaztasun handirik ezin deutsut emon ze ni neu Zarautzen hasi nintzan baina badakit orduko Larrabetzuko atontzaileen esanetan, Literaturia hazi eta zabaldu gura ebela eta, esangura horretan, Zarautz plaza handiagoa zala, literatur tradizino handiko herria. Zarauzko Udalari laguntzea eskatu eutsen eta ordutik, 2014tik aurrera, Zarautzen egiten da.

5.- Literaturiaren kartelak deigarriak, koloretsuak eta sano indartsuak izaten dira. Aurtengoa nork egin dau?

Gerritik gora biluzik dagoan edadeko gizon bat da protagonista kartelean, eguzkitarako betaurrekoakaz eta liburu bat besapean dauela. Itzala aurtengo gaiagaz polito buztartzen da eta pozik gagoz.

Normalean geuk zehazten deutsegu gaia eta goiburua eta proposamenak bat baino gehiago izaten dira; batzuetan erraza da bat aukeratzea baina askotan burukomina izaten da aukeraketea.

Lehen esan deutsudan legez, Hiru Damatxoren ardurea izan da kartela sortzea.

6.- Lutxo Egiak idatzitako testua irakurtea izango da hilaren 24ko lehenengo ekitaldia eta jarraian Asisko Urmeneta marrazkilariaren Sugarren mende komikian oinarritutako antzezlana estreinauko dabe...

Gauza berezia gura genduan lehenengo egunean eta okurridu jakun diziplina askotan eroso dabilen Asiskogaz zeozertxu egitea, Asiskogaz eta Zarautzeko herritarrakaz ze parte-hartzaileen zerrendan danetarik dago. Gainera estreinua izango da Asisko Urmenetaren Sugarren mende komikian oinarritutako antzezlana eta sekulako ikuskizuna izango dalakoan nago; aktoreen artean dagoz Daniel Arbeletxe, Mariañes Gorostiaga, Xanmari Irigoien, Olibier Arotzarena, Helena Xurio eta Asisko, atara kontuak. Hori gitxi ez eta ume koadrila batek be parte hartuko dau: Garazi Belda, Maitexa Irigoien, Olhain Irigoien, Anje Peletra, Eneka Peletra, Gexi Urmeneta eta Leixa Urmeneta. Abizenei erreparetea, besterik ez dago.

Ganerakoan, Lutxo Egiak egingo dau barikuan, irailaren 24an, aurkezpena, berezia eta sentikorra, seguru.

7.- Gotzon Barandiaranek eta Joseba Tapiak Literaturiarako beren-beregi atondutako Apoaren itzala izeneko saioa be interesgarria izango da. Zehetasunik aurreratu zeinke?

Berbak eta musikea buztartuko ditue; orain urte batzuk Apoaren edertasuna izeneko diskoa kaleratu eben Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek eta horra batutako kantu batzuk Barandiaranen ekarpenagaz bat eginda azaltzekotan dira. 

8.- Omenaldi bana egingo jake (H)ilbeltza euskal nobela baltzaren asteari eta Galtzagorri alkarteari, euskal literaturan egin daben lana autortzeko. Zergaitik merezidu dabe autortzea?

Galtzagorrik beti ekin deutso umeentzako literaturea sustatzeko lanari eta txalotzekoa da umeen artean irakurketarako zaletasuna suspertzen egin eta egiten jarraitzen daben lana. Eredu dira eta gure autortzea eta esker ona merezidu dabe.

(H)ilbeltza euskal nobela baltzaren asteari be bultzadatxua emon gura izan deutsagu; Baztan lako parajean euskal literatureari emoten deutsen indarra eskertzekoa da.  

9.- Mahai-inguru bi aurreikusi dozuez: Euskal Herriko zientzia fikzinoa eta Saiakerearen itzulpena. Publiko espezializatuari erreparau deutsazue ala edozeinek parte hartu leike?

Zapatuan, irailaren 25ean izango dira eta edozeinentzako dagoz libre. Gai biak interesgarriak begitandu jakuz eta zientzia fikzinoak lekua behar ebala Literaturian pentsau genduan. Mahaiaren bueltan izango dira Arrate Hidalgo, Amaia Apaulaza, Danele Sarriugarte, Mochales eta Katti Olaizola.  

Bigarren gaiari jagokonez, saiakerearen itzulpena be ez da gai txarra; EIZIE taldekoakaz batera atondu genduan eta saiakera lanak be indartu behar diralakoan sartu dogu: Olatz Esteban, Amaia Astobiza, Maialen Berasategi eta Sarriugarte izango dira hizlariak.

10.- Liburu aurkezpenen harian, zein nabarmenduko zeunke?

Ez da erraza bat aukeratzea baina pare bat edo hiru aitatuko deutsudaz: Amaia Apalauzak, Ursula K. Le Guinen The Word For World Is Forest zientzia fizkinoko klasikoa ekarri dau euskerara, Oihan hitzean mundua izenburupean.

Horrezaz gan, Lizardiren Bihotz begietan liburuaren berrargitaralpena be nabarmenduko neuke, gaur egungo euskerara egokituta, Susa argitaletxearen eskutik.

Eta hirugarrena, aurkezpena izango ez bada be, komikia eta bertsolaritzea buztartzen dituan Dom Campistron komikigilearen Bekatarosak; Aldudeko eta Nafarroa Behereko beste zenbait herritako lesbiana, queer eta gayen zazpi testigantzatan oinarritu dau lana egileak eta aurkezpenean Maindi Murua eta Andoni Egaña bertsolariek parte hartuko dabe.


11.- Liburu Azokea be ez dogu ahaztuko, aurten Ahotseneak be parte hartuko dauelako. Zein izango da barrikuntzea?

Ahotseneagaz lehendik be ibilitakoak gara baina oso inportantea da guretzako Liburu Azokea, egile eta irakurleen arteko hartu-emonak hortxe izaten diralako. 

Liburu aurkezpenak, barriketak eta holakoak Ahotseneak bideratzea gura genduan eta pozarren gagoz emoitzeagaz. 

Zarautzen, Lege Zaharraren plazan egongo da azokea, zapatuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era; eta domekan, 11:00etatik 14:00etara.

12.- Sarrerak noiz eta zelan eskuratu daitekez?

Sarrerak online hartzeko aukerea be egongo da hemen eta, horrezaz gan, Modelo aretoaren lehiatilan be eskuratu ahal izango dira, ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago. Eta nabarmendu gura neuke, ekitaldi bakarrerako zein danatarako txartelak hartu daitekezala.

Beste alde batetik, Literaturia babesten daben erakundeei eskerrak emotea, besterik ez dago; aurten Berria sartu jaku baina ez doguz ahaztuko Kultura Zarautz eta Zarautzeko Udala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu