Harribitxi: Sustraiak, tradizinoa, garaikidetasuna...
2021-09-16 08:30 MusikeaHarribitxi Iker Álvarez González eta Aitor Urquiza Cirauqui musikariek osatzen daben bikote musikala da.
Bikote artistikoaren eskaintza eta ikusmira artistikoa sorkuntza barriko musika tradizionala (konposizino propioen bitartez) eta errepertorio tradizionalaren obra handien interpretazinoaren buztarketan oinarritzen da, pieza musikalak dueto formatuan modu berezi eta dinamikoan moldatuz.
Proiektuaren ardatz nagusia txistua da, bere familiako eta beste tradizino eta kulturetako musika tresnen laguntzaz. Izakera multi instrumentala dauen proiektu honetan txistuaren soinua tanbolin, bonbete, ttun-ttun edo salterio, pandero, shruti box indiarra, glockenspiel, gitarra, mandolina eta ezohikoak diran beste hainbat musika tresna harrigarrigaz batera entzun daitekez.
Errepertorioa konposizino propioez gan, estilo zein jatorri anitzeko obrek osotzen dabe: euskal folklore tradizionala, musika zeltea, tangoa, balsa, ‘choro’ brasildarra, jantzarako piezak...
IKER ALVAREZ GONZALEZ (Bilbo, 1988)
Magisteritza musikalean diplomatua Euskal Herriko unibersidadean (EHU), Goi Mailako musikari tituduluna (txistu) eta Ikasketa Amaierako Sariduna Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzarako irakasleen prestakuntza Masterduna (VIU).
Bigarren Hezkuntzako musikako irakaskuntza eta hainbat musika eskolatan txistu irakasle lanak (Bilbao Musika, Gernikako Segundo Olaeta Musika Eskola, Berrizko Udal txistu ikastaroak) buztartzen ditu txistulari eta musikari profesionalaren jardunagaz.
Txistulari legez Musikaren Koloreak, Txistu y Órgano, más que una tradición (Nafarroako Gobernuko kontzertu zikloa), 1521 (Euskal Herriko Txistulari Alkartea Nafarroak sortu eta produzidutako disziplina anitzeko ikuskizuna), Pau eta Donibane Lohitzuneko txistu eta organo kontzertuak, Gaur: Txistuaren etorkizuna irudikatzen (sortzaile, zuzendari eta txistulari lanetan) eta Hiru (antzerkia, musika arabiarra, jazz-a eta txistua batzen dituan ikuskizuna) lako proiektuetan parte hartu dau.
Txistularia eta gitarrista be bada Garilak 26, Musikaren koloreak, Printzesa Zelta eta Iruñako Txistularien Alardean. Horrezaz gan, musika tradizionala, jantza plaza, rock eta pop estiloak jorratzen dituen proiektu musikal askotan parte hartzen dau jotzaile zein konpositore lanetan.
AITOR URQUIZA CIRAUQUI (Burlata, 1987)
Goi Mailako musikari tituduluna eta Ikasketa Amaierako Sariduna Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan txistuko eta konposizinoko espezialidadeetan. Interpretazino eta Ikerketa Musikaleko Masterduna (VIU).
Gaur egun txistu irakasle lanetan dabil Iruñako Pablo Sarasate Konserbatorio Profesionalean eta Mutiloako Lino Otano Udal Musika eskolan.
Iruñako Txistularien Alardeko eta 1521 ikuskizunaren zuzendaria (Euskal Herriko Txistulari Alkartea Nafarroak sortu eta produzidutako disziplina anitzeko ikuskizuna) izateaz gan, Suakai taldea, Hego haizeak txistulari taldea, Garaikideak ensemble, Oberena jantza taldea, Amaiur jantza taldea, Basakaitz jantza taldea, Karrikadanza eta Iruñako Erraldoi eta Buruhandien konparsako kidea da.
Horrezaz gan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzailea izan da txistulari bakarlari bezela Urtzi Iraizoz konpositorearen Euri obrearen estreinaldian. Aiko Taldea eta Danserie ensemble-aren kolaboratzailea be bada.
Jentilen gaua ikuskizunean (Txistulari eta zuzendari musikal moduan), Txistu y órgano, más que una tradición proiektuan (Nafarroako Gobernuko kontzertu zikloa) eta Pau zein Donibane Lohitzuneko hainbat txistu eta organo kontzertuetan be parte hartu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!