Euskaltzaindiak 2021-2024 epealdirako esparru-hitzarmena barritu dau

Bizkaie! 2021-09-15 13:04   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek sinatu dabe.

Erakundeok bosgarrenez sinatu dabe hitzarmena, lehenengoa 2000-2004 epealdikoa izan zan. Helburua erakunde sinatzaileen lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzea da. Euskerea ikertzeko eta zabaltzeko jardueren ikuspuntu integratu baten barruan, epe ertain eta luzera erronka barriak planteetea ahalbidetuko dau hitzarmenak.

Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, egin dan ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendari Lexuri Ugartek, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabalek parte hartu dabe, Andres Urrutia euskaltzainburuagaz batera.

Bilboko agerraldian, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzarmenaren nondik norakoak zehaztu ditu: Hitzarmenaren helburua eskuragarri dagozan baliabideen kudeaketea optimizau eta helburu eta erronka barriak planteetea da epe ertain eta luzera. Zupiriak azpimarratu dauenez, Euskaltzaindiak XXI. mendeko behar eta preminei erantzuteko apustua egin dau eta erakundeok lagundu egin behar deutsagu. Euskerearen sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako Euskaltzaindiak egiten dituan egitasmoak ezinbestekoak dira. Gainera, herritarren eskura jarten dabe egiten daben lana eta hori be azpimarratzekoa da.

Arabako Foru Aldundiko Euskera eta Gobernu Edegiko zuzendari Lexuri Ugartek nabarmendu dauenez, Euskaltzaindia ezinbestekoa da euskaldunok euskaldun izaten jarraitu daigun, gure hizkuntzea ezagutu eta erabilera egokia izan daiten bermatzen jarraitzen dabei, danok ulertuko dogun euskera batuan eta tokian tokiko euskalkiei berez jagoken indarra eta izatea azpimarratuzHorregatik, orain 100 urte baino gehiago hartu genduan konpromisoa barrituko dogu, Lurraldeari proiektu estrategikoetan; toponimian, ikaskuntzan, euskerearen sustapenean… laguntzen jarraitu daian.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari Xabier Arauzok be erakundearen babes zabala eskaini deutso Akademiari: 1918an sortu ebenetik, Euskaltzaindiak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa, onespena eta dirulaguntzea izan ditu. Eta holaxe izaten jarraituko dau. Gaurko ekitaldian balioa emon nahi deutsagu epe luzeko akordioari, honegaz erakunde biek euskerearen sustapenean dituen helburuakk beteteko baldintza onetan egongo garela sinistuta. Hitzarmenean zehaztutako konpromisoez gan, Bizkaiko Foru Aldundiak babes berezia adierazoten deutso Euskaltzaindiari, egoitza nagusia dan eraikina lagapenean itxita 1985tik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek ondokoa esan dau: Euskerearen bizibarritze prozesua indar betez hauspotzeko eta bultzada barri bat behar dau eta horretarako, ezinbestekoa da arlo eta maila guztietan alkarlana bultzatzea. Herritarron eta herri erakundeon indarra arrasto beretik bideratzeko sasoia da eta, duda barik, euskerearen geroa bermatzeko jardun horretan Euskaltzaindiak oinarrizko zeregina beteten dau. Eten barik sasoi barrietara egokituz, barrituz, euskeraz sano eta bizi ibilteko eta sortzeko tresnak eta bideak eskaintzen deuskuz akademiak. Ahalegin horretan bidelagun izan nahi dogu.

Andres Urrutia Euskaltzainburuak gaineratu dauenez, hitzarmen honek berresten dau erakundeen arteko alkarlana euskerearen alorrean, izan be, erakunde aholku-emoilea da Euskaltzaindia eta horrek eskatzen dau beren-beregiko engaiamendua bere zereginetan. Hori bideratzeko, ezinbestekoa da alkarlana. Beraz, eskerrik asko sinatzaile guztioi eta goazen aurrera. Obrak mintzo!.

Hitzarmena

Hitzarmenaren sinatzaileek Euskaltzaindiak epe ertaineko finantziazinoa egonkortzeko eta behar diran ebaluazino eta segimendu mekanismoak ezarri ahal izateko lankidetzan jarraitzearen beharra azpimarratu dabe: Euskaltzaindiari finantziazinoa bermatuko jako, euskerearen gainean dituan arau, konsulta, ikerketa eta zabalkunde eginkizunak bete daizan. Eusko Jaurlaritzeak 5.040.000 euroko urte anitzeko dirulaguntzea emongo deutso Euskaltzaindiari, Arabako Foru Aldundiak 400.000 eurokoa, Bizkaikoak 1.420.000 eurokoa eta Gipuzkoakoak 900.800 eurokoa.

Ondokoak dira hitzarmenaren helburu nagusiak:

Herri-erakunde sinatzaileen eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazino-hartu-emonak eta mekanismoak atontzea, konpromisoak hartzean eta aldizka kontuak emotean oinarrituta.

Helburu horreek bermatzeko behar diran lerro estrategikoak eta helburu orokorrak eta ebaluetako mekanismoak ezartzea, alderdi guztiak ados jarrita.

Helburuak beteten jarraitu daian, baliabideak emotea Euskaltzaindiari, hitzarmen honetan hartutako konpromisoen arabera.

Ikerketa-programen finantziazinoa egonkortzea, epe ertainean.

Euskaltzaindiaren proiektuen eta batzordeen ikerketa-jarduerak bultzatzea eta areagotzea.

Euskaltzaindiak euskerea zabaltzeko eta sozializetako egiten dituan jarduerak sustatzea.

Euskaltzaindian, giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa eraginkorra bideratzea, informazinoaren eta komunikazinoaren teknologien erabilerea bultzatzea eta komunikazinoa bermatzea eta hobetzea erabiltzaileei eskaintzen jakezan arreteari eta zerbitzuei jagokenez.

Hitzarmena sinatzen daben bost erakundeetako ordezkariek Jarraipen Batzorde bat eta Batzorde Tekniko bat osotu eta ardurea izango dabe hitzarmenaren betete mailearen jarraipena egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu