Bizikleten Bigarren Eskuko Azokea eta txikientzako bide-hezkuntzako zirkuituak, Bilbon

Bizkaie! 2021-09-15 10:27   Pil-pilean

Mobikortasunaren Europar Astearen barruko jarduerak dira.

Irailaren 19n, Bilboko Arenalean jai giroa izango da, umeek eta edadekoek hainbat jarduera izango baititue aukeran, bizikletea izango dalarik protagonista.

Europar Mugikortasun Astearen jardueren barruan dator ekitaldia, Zure osasunagaitik, mobidu era jasangarrian. Errubera biren gaineko jardueretarako familia osoarentzako deialdia baita, Alfonso Gil Bilboko Udalaren alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi-ordezkariak herritar guztiak animau ditu, izan be, familia osoaren mobikortasun aktiboa da gai nagusia. Helburu horri eutsiz, Euskadi Fundazinoak eta Laboral Kutxak hiru jarduera atondu ditue familia osoarentzat eta, horreen artean, bada ekintza barritzaile bat, Bigarren Eskuko Bizikleten Azokea, hain zuzen be.

Ekimenaren helburua da dagoeneko erabilten ez diran bizikletak trastelekuetatik atara eta salgai jartea, urian ekonomia zirkularrari eragitearren eta eguneroko mobikortasunerako aukera jasangarrien alde egitearren, adierazo dau Andoni Madariagak, Euskadi Fundazinoaren erakunde-arduradunak.

Pedro Vallejok, ostera, Bizieskola proiektuaren arduradunak, bizikletearen erabilera arduratsua nabarmendu eta azokearen funtzionamendua azaldu dau: Salgai jarriko diran bizikletei altea emon behar jake, aldez aurretik; horretarako, interesdunak mezu elektroniko bat bialdu beharko dau helbide honetara: arrigobizieskola@gmail.com.

Persona bakotxeko bizikleta bi jarriko dira salgai, gehienez, eta bizikleta bakotxeko prezioa, gehienez, 500 euro izango da. Domekan bertan, irailaren 19an, saltzaileek bizikletak entregauko ditue, 10:00etatik 12:00etara arteko ordutegian, izena emoteko momentuan adierazo jakonaren arabera. Atontzaileek sailkatu egingo dabe entregautako bizikleta eta barrutian kokatuko; 11:00etatik 14:00etara bitartean, lekuan bertan salgai jarriko ditue. Azokea amaitutakoan, ugazaba zaharrari ordainduko deutse bizikletearen ordainetan berbatutakoa eta Decathloneko teknikariek egokituko dabe bizikleta ugazaba barriarentzat. Bizikletea saltzea lortu ez daben personentzat, barriz, Vallejok azaldu dau aukeran dabela Bizieskola proiektuari dohaintzan emotea, migratzaileei gizarteratzen eta laneratzen laguntzen jarduten baita.

 Bien bitartean, Arenalean, irailaren 19an, olgetak izango dira eta horreetan parte hartzea saritzeko, bizikleta bat eta txirrindularitzako materiala laga dau Decathlonek. Jardueren eskaintzea askotarikoa da eta ez da behar besterik parte-hartzaileek euren bizikletak, kaskoak eta esku-larruak ekartea.

Beraz, 6 eta 12 urte arteko umeentzako trebetasun probak izango dira eta aukerea izango dabe erakusteko zer trebetasun daben ibilgailuak kontroletan; 400 metro koadroko eremu hesitu bat izango da horretarako. Izena emotea posta elektronikoaren bidez egin behar da, arrigobizieskola@gmail.com helbidera idatziz.

Parte-hartzaileek aukerea izango dabe familiagaz eta lagunakaz bizikletaz Ginkana bat egiteko eta horretarako talde bi egingo dira. Ez da eragozpena izango persona batek talderik ez izatea, izan be, aukerea izango dau izena eoateko eta atontzaileek sartuko dabe talde batean edo bestean.

Beste alde batetik, MAPFRE Fundazinoak Bide Hezkuntzako Zirkuitua diseinau dau umeek segurtasunez zirkuletan ikasi deien eta zirkuitua edegita egongo da 10:00etatik 15:00etara.

Ordutegien eta izena emoteko moduen gaineko argibide gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu