'Bertoko antxinako kontuak maite dodaz eta holakoakaz gozauko dozue'

Egoitz Campo 2021-09-14 08:02   Antxinakoak Geurera

Zamakoladea eta orduko gorabeherak.

'Zamacola eskribauei diktetan'. © Bilboko Arte Eder Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Egoitz da nire izena, bilbotar sentiduten naz 8 urte bete arte San Inazion bizi izan nintzalako eta senide eta lagun ugari han daukadazalako baina egun Derion eta Larrabetzun bizi naz.

2008an, Historiako ikasketak amaitu eta handik hona pare bat ordezkapen egin badodaz be ikastetxe pribatu bitan gizarte edo gaztelaniako ikasgaiak emon nituan eta 2007tik AEK-n nabil beharrean baina bertoko antxinako kontuak maite dodaz eta horrexekaz ekingo deutsat Bizkaie!-ko atal honetan. Espero dot zuon gustokoak izatea

Zamakoladea

Bizkaian Aro Garaikidearen hasikerako matxinada bat izan zan. Bolada gogorra bizkaitarrentzako, izan be, orduko krisi ekonomikoari krisi soziala batu jakon eta horri guztiari gehitu behar deutsagu XVIII. mendearen amaierako gerrea Frantzia eta Espainiaren artean, Konbentzino Gerrea, hain zuzen be. Jazoera haretan Frantziako tropa iraultzaileek Euskal Herria inbadidu eta gure herrialdearen zati handi bat euren kontrolpean geratu zan. Frantziarrek Bizkaia eta Gipuzkoa konkistau ostean herrialde bakotxeko juntetxeak deuseztatu zituen.

Gipuzkoan, Donostia aldean, euskal burgesiaren babesa izan eben frantsezek, beraz, han erresistentzia handirik ez eben erakutsi euskaldunek. Urtebete pasau ondoren Basileako akordioaren eraginez frantsesek euskal lurraldea laga eta Pirineoak zeharkatu zituen. Euskaldunen, baita bizkaitarren bizitza kalidadeak be behera egin eban.

Burdinolen gainbeherea etorri zan, euskaldunek ezin ebelako lehiatu sasoi haretan Ingalaterran egiten zan burdinaren kostuagaz; horrezaz gan, urte horreetan goseari ezin eutsita bizi zan jentea eta hori guztia gogoan hartuta, sekulakoa izan zan urte horreetako beheraldia. Ezinegon horren ondorioz uriaren eta landa munduko herrien arteko tensinoak be gora egin eban. Uria burgesiaren gotorlekua zan eta landa mundua, ostera, betiko erregimeneko usadioen lurraldea. Testuinguru horretan Zamalakoladea subertau zan, askoren ustez lehen aitatutako uriaren eta uritik kanpokoen arteko hasarrea izan zan. Zamakola Diman jaiotako politikari bizkaitarra Gernikako Batzarretxean ibilten zan eta XIX. mendearen hasieran Bilbori kalte egin leikion Bakearen Portua eregiteko proposamena egin eban. Espainiako Gobernuaren oneretxia jasoteko, Abandon eregiko zan kai horren truke Zamakolak bizkaitarrek zerbitzu militar espainiarrean parte hartzen hasiko zirala berbea emon eutson Godoy, orduan Espainian egoan gizon boteretsuenari.

Dimarrak bultzatu gura zituan neurriak Bilbo inguruko herritarrei ez jaken bape gustetan, besteak beste, ez ebelako gura euren semeak behartuak izatea
armada arrotzean parte hartzerik eta horren ondorioz, inguruko eleizateen gizon eta emakumeak altzau ziran.

Matxinadea

1804an, garagarrilean, Gernikan Batzar Nagusiak Orokorrak batu eta Jaurerriko gobernua abuztuaren 12an eratu zan. Egun haretan Bakearen Portua-ren gaineko
azalpenak emon zituen. Bilbokoak ez ziran jauntxoak pozik egozan plan barriagaz, Bilbok mendeetan izandako monopolio komertziala amaituko zalako eta Bilbo eta Lurra Lauren arteko hartu-emonak aldatuko ziralako azkenengoen alde. Halan da be, baserritarrak ez egozan pozik plan horregaz: Derrigorrezko zerbitzu militarra Bizkaiko gizonentzat, foruaren kontrako neurria zan eta bizkaitarrei kalte egiten eutsen, pobreak ziranei, izan be, horreek izango baitziran alistau beharko ziranak. Espainiako Koroak gerra sasoian Bizkaiko Jaurerriari 500 soldadu inguru eskatzen eutson noiz edo noiz, baina neurri horri esker erreklutetea orokorra izaten zan.

Begoñatarren erantzuna

Erabagi horren kontra altzautako lehenengoak Begoñatarrak izan ziran. Abuztuaren 16an, herriko jaietan, Begoñako auzokideek orduko korrejidoreari, Jose Nicolas de Batizi, galdetu eutsen zertaz berba egin zan azken Batzar Nagusietan eta zer erabagi hartu zan Bakearen Portuaren zein zerbitzu militarraren inguruan.

Korrejidorearen erantzun zakarrak begoñatarren hasarrea ekarri eban eta azkar atxilotu zituen beste persona batzuekaz batera. Begoñatarrek korregidoreari hainbat eskera egin eutsezan: herriko udaletxera joan eta azalpen zehatzak emoteko eta azken Batzar orokorretako dekretuak agindutakoa betetako, hau da, armak entregetako. Prest egozan burrukarako, Begoñan ez eze, baiita Bilbo inguruko eleizate batzuetako gizon eta emakumeak be; Sondika, Abando, Erandio, Deusto edo Barakaldokoak, armak hartu eta jauntxo edo jaurerriko karguak zituakana joan ziran. Matxinatuek indarra erabiliz Pedro Abendaño eta sindiko, diputadu eta boteretsu asko atxilotu zituen.

Bien bitartean, Zamakolak, plan polemikoaren buruak, Nafarroara iges egin eban bere bizitza arriskuan egoalakoan. Matxinatuek Gernikako Batzarretxean ezohiko batzarra egin eben; Bakearen Portuaren plana bertan behera ixteko eskatu eta holan egin eben. Begoñako ordezkariek Batzar Nagusietan erregeari idatzitako dekretuan eskatu eben persona armatuak lako esapideak kentzeko erregearen erantzunaren bildur ziralako.

Azkenean, bizkaitarrek eta Batzarretxean sortutako gobernu barriak ezohiko batzar horreetatik gitxira erabagi eben derrigorrezko zerbitzu militarra kentzea milo bat errealen truke.

Edozelan be, Godoyren tropak handik gitxira Bizkaian sartu eta errepresinoa hasi zan. Irailaren amaieran Bilbon sartu ziran epaile espainiar baten
gidaritzapean eta matxinatu asko kondenau egin zituen. Heriotza zigorrik ezarri ez zan arren gehienek isun handiak ordaindu behar izan zituen eta asko erbesteratuak izan ziran. Matxinadan zehar hartutako ebatziak deusestatu eta kaltetuek kalte-galerak hartu zituen.

Azken buruan, derrigorrezko zerbitzu militarra ez zan ezarri baina Independentzia Gerrea amaitu arte korregidorearen figurea kendu eta Kapitan orokorraren figurea ezarri eta indartu zan, Koroak Bizkaiko administrazinoan eskua sartu ebalarik. 1814an, frantsesek Euskal Herria itxi eben arren, Zamakoladearen aurreko egoerea ez zan barriro bueltau Espainiaren kontrola herrialdean indartu egin zalako.

Horrezaz gan, emakumeen parte-hartzea matxinada honetan oso garrantzitsua izan zan ze ez eben gura izan monarkiak euren senar eta semeak
armadara bialtzerik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu