Bizkaiko Torrea, uriko errefente
2026-02-05 09:51 Antxinakoak GeureraEraikinak 21 pisu eta 88 metro ditu.
Bizkaia Torrea (88 metro) Bizkaiko eta Euskal Herriko eraikin altuena izan zan, 2012an Iberdrola Torrea (165m) eregi eben arte. Bizkaia Torrea 1969. urtean inaugurau eben. Bertan, 1901ean fundautako Bizkaia Bankuaren (Banco de Vizcaya) egoitza nagusi konbertidu zan. José Enrique Casanueva, Jaime Torres eta José María Chapa arkitektoek diseinau eben. Haren ezaugarri nagusietako bat fatxadea da, izan be, beira tintatuz eginda dago. Garaian, itxura oso moderno eta barritzailea emoten eutson torreari.
Eraikinak 21 pisu eta 88 metro ditu eta Bizkaian altzau zan lehenengo etxe-orratzetako bat izan zan. Torreak 30.400 metro koadroko azalerea dauka bulegoetarako eta eraikin bitan zatituta dago. Azpiegitureari jagokonez, metalezkoak diran zutabeez osotuta dago, hormigoiz estalita. Eregiteko modu horrek segurtasuna bermatzen dau suteen aurrean, erresistentzia hobetuz. Erdian eskailera eta igongailu zabalak dagoz eta horreek eraikinari egonkortasuna emoten deutse, baita zirkulazino bertikala erraztu be.
Lehen esan dogun bezela, han Bizkaiko Bankua edo Banco de Vizcaya jarri zan. Ezin dogu ahaztu Banco de Vizcaya izeneko bankua gero eta boteretsuagoa izan zala, izan be, 60ko hamarkadearen amaieran eta hurrengoaren hasieran Mexikon edo New Yorken bulego barriak edegi zituan. 1988an BBVko (Banco Bilbao Vizcaya) bulegoak jarri ziran Banco de Vizcaya eta Banco de Bilbao fusionau ziranean.
Handik urte batzuetara Eduardo Chillidak egindako eskulturea jarri eben eraikinaren aurrean, Elogio al Hierro III, baina gero Arte Ederren Bilboko Museoara eroan eben.
XXI. mendean, 2009-2022ra artean, aldaketak egin zituen. Halanda ze, 2018an Angelo Gordo inbersoreak torrea erosi eta handik 4 urtera egungo jaubeei saldu eutsen, Beraunberri eta Onchena inbersoreei hain zuzen be. Halanda be, 2009an BBVAk (BBV eta Argentaria bankuak) torrea saltzeko lehenengo saiakerea egin eban, baina 2018ra arte ezin izan eban saldu, besteak beste, eraikinaren garbiketa orokorra egin aurretik amiantoa topau zalako. Dana dala, BBVAko langileak 2009tik aurrera Bizkaia Torreko bulegoak ixten hasi ziran.
Gaur egun Bizkaia Torrean Bizkaiko Aldundiko bulegoak dagoz, B Accelerator Tower (BAT) enpresea be ezarri zan, nazinoarteko ekintzailetza zentroa, eta beheko pisuan Primark erropa dendea dago. Bestalde, 2020an fatxadea barritu zan, 1.116 leihoak aldatuz eta jatorrizko kolorekoak jarriz.
Duda barik, BBV Torrea edo Bizkaia Torrea ikur konbertidu da Bilbora askotan hurreratzen diranentzat, izan be, erdigunean dago eta jente askoren topalekua da. Erreferentea. Ondoan, El Corte Ingles dendea dago, Espainiako nazinoarteko banatzaile talde ezaguna. Haren historia beste batean aztertuko dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
