Finagako aztarnategia
2026-01-22 09:35 Antxinakoak GeureraBalio arkeologiko handiko errastuak topau dira.
Finagako eleizea San Migel auzoan dago. Era berean, San Miguel Basauriko auzoa da. Bertan, balio arkeologiko handiko errastuak topau dira; esaterako eleizearen azpiko eraikin zaharra, estelak edo nekropolia. Beti esan deuskue erromatarrak ez egozala interesauta Bizkaiko lurraldeagaz, halanda ze, ustiatzeko aberastasun gitxikoa zala. Horregaitik, historiografia klasikoak adierazoten eban erromatarrak ez zirala Bizkaian ezarri. Baina azken urteotan hipotesi horri bueltea emon jako eta duda barik esan daiteke erromatarrak Bizkaian egon zirala.
San Migel auzoan erromatarrak heldu baino lehenagoko errastuak topau dira. Horrezaz gan, k.o. IV. mendeko 17 metro kuadruko eraikina topau dabe egungo eleizea industu ostean. Horren ondoan nekropolia dago. Lehen aitatu bezela erromatarrak heldu baino lehenagoko errastuak be dagoz. Halanda ze, emoten dau inguru horretan autrigoiak bizi zirala. Finagatik gertu egoan Malmasingo kastroagaz lotura zuzena eban ezarmendu horrek, beraz, Malmasin kastroaren luzapena izango zan. Finagako errastuak 1994an deskubridu ziran. Gainera, Malmasingo kastroan topatu dituen estelak eta Finagakoak oso antzekoak dira. Toki bietako estelak erromatarrak heldu baino lehenagokoak dira.
K.o. VI-VIII. mendeetako eleiza primitibo baten errastuak be topau dira, IV. mendeko eleizearen ganean egoan, beraz, lehen aitatu dogun eraikin zaharraren jarraipena da. Garai horretakoak dira eleizearen ondoko nekropolian deskubridutako errastuak. Nekropoli zahar horretan K.o. VI mendeko hilobiak topau dira, baita tresneria eta errastu aitagarriak be. Garai horretako hilobi batean lantza-punta bi topau ditue hildakoaren buruaren ondoan. Horrezaz gan, azkorea, brontzezko eraztuna eta zeramikazko ontzi baten zati bat be topau ditue. Ontzi hori sigilata erromatarra zan. Era berean, beste gorpu batean, hildakoaren pelbisaren alboan arkeologoek beirazko edalontzia eta ezpata luzea topau ditue.
Persona honeek garai haretan botere handikoak izango ziran. Adituek uste dabe euren hilobiak marketako estelak egongo zirala, egun desagertu diranak. Erromatarrak heldu baino lehenago, mendeetan zehar bizi izan ziran autrigoiak bertan. Horrek guztiak adierazoten dau autrigoien sasoitik eta Bizkaiko Jaurerria Erdi Aroan eratu zan arte, aparteko inportantzia eban lekua zala Finagako ezarmendua. Ezin da guzurtau zonalde honetan Bizkaiko aristokraziako kide boteretsuenetakoak bizi zirala; Malmasin eta Finaga inguruan hain zuzen be.
Beraz, leku honeek babestu behar ditugu gure historia jagoteko eta gure lurraldearen jatorriak zeintzuk izan ziran aztertzen eta ikertzen jarraitu ahal izateko. Historialarientzat ezeze, danontzat be leku honeek konserbau beharreko altxor txiki batzuk diralakoan nago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
