Bilboko Jaiak XVIII. eta XIX. mendeetan

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2025-08-19 09:31   Antxinakoak Geurera

Gaur ezagutzen dogun Aste Nagusia, 1978an sortu zan.

Gasteizko eta Donostiako jaien ostean Bilboko Aste Nagusia dator. Halanda ze, urtero lez, Bilboko Aste Nagusia martxan dago abuztu freskagarri eta berotsu honetan. Marijaia, Bilboko Konpartsek jarritako txosnak, suzko zezena, su artifizialak edo Abandoibarra eta Europako parkeko kontzertuak erreferenteak dira Bilboko jaietan. Danok Bilboko jaietara joateko planak egiten ditugu, lagunekaz edo familiagaz. Hori bai, 1978an Aste Nagusi modernoa sortu aurretik, beste jai mueta batzuk egoazen.

Topau dodazen dokumentuek deutse, baietz, dauela mende batzuetako bilbotarrek be jaiak egiten zituela. Orduko kronisten berbetan, bilbotarrak persona alaiak eta indar handikoak ziran. Hori bai, orduko Bilboko ordenantzen arabera Bilboko auzokideak neguko sasoian 8:00etan etxean egon behar eben, eta, udan; barriz, 9:00etan.

Jaietan, ekitaldi erlijiosoak eta jan-edanak atontzen ziran, baita jokoak eta jantzak be. Domeketan bilbotarrak Arenalera hurreratzen ziran musikea entzutera eta jantzatzera. Aro hatako ordenantzetan ikus daiteke jaiei emoten eutseen garrantzia, izan be, jai egunetan dendak zarratuta egoazen. Hori bai, ondo paseteaz ziurtatzeaz gan, segurtasunean be fokoa jarten eben autoridadek.

Bilboko jaietako beste elementu garrantzitsu bat zezenketak ziran, batez be, XIX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera. Bilboranzko bideetan be, jai ugari atontzen ziran udabarrian eta udan; esaterako, Barakaldoko Santa Agedaren akorduz oraindino egiten dan jaia egoan. Pentsetan dabe 1764tik egiten dala jai hori. Horrezaz gan, Santo Tomas, San Nikolas, Begoñako baseleizaren akorduz egindako jaiak, eta beste asko egoazan. Esaterako, Alde Zaharreko kale bakotxak haren jaia atontzen eban. Datu bitxi bezela esan, korrejidoreak debekatzen ebala jantzetan emakumeek gizonezkoekaz buztartzea. Gainera, Bilbon mozorrotzea antxinatik datorren gauzea da. Baina ordenantzek deutsee jentea ezarritako datetan baino ezin zala mozorrotu.

Bilbon eta inguruko eleizateetan txakolindegi ugari egoan eta han jenteak edan eta jan egiten eban. Batez be, XIX. mendetik aurrera, mende amaiera aldean sortu ziran eta apurka-apurka Bilbon eta inguruko herrietan be tabernak ugaritu ziran. Alkoholismo tasak be gora egin eban eta agintarientzat hori oso kezkagarria zan alkoholak beste ondorio latzak ekartzen ditualako: burrukak, itxurea, pobrezia... Lehen XVII. mendeetan, status handiko jenteak edaten eban; dana dala, XIX. mendearen erdialdetik aurrera industrializazinoak eroan zituan aldaketeekaz batera taberna eta edari alkoholikoen igoerea emon zan langile eta persona xumeen artean.

XIX. mendean kafeak eta tertuliak be areagotu ziran eta burgesia, batez be, horreetara joaten zan. Langileak, barriz, tabernetara joaten ziran. Klub pribatuetan, Sociedad Bilbaina lakoetan, gizonek jantzan, edaten eta kartetan jolasten eben.

Amaitzeko esan Bilboko alkateek Abando, Begoña edota Abando lako inguruko eleizateetara joaten zirala euren herrietan jaiak ziranean eta bide batez bideak zelan egoazan egiaztatzen eben, baita herri horreetako tabernak be. Modu horretan Bilboko agintariak inguruko herrietan eragiten saiatzen ziran. Beraz, ikusi ahal izan dogun bezela XVIII. eta XIX. mendeetan be personak ondo pasetan saiatzen ziran jantzatuz, jokatuz, ondo janez eta alkohola edanez Bilboko urian; oraindino Marijaia existiduten ez zan arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu