Euskotren Bizkaian
2025-11-19 13:10 Antxinakoak Geurera1984. urtean hasi ziran sarea hobetzeko lehenengo pausuak emoten.
Metroaren inaugurazinoaren 30. urteurrena dala-eta, Bizkaian beste tren erreferente bati buruz berba egingo dogu, Euskotreni buruz, hain zuzen be.
Gernikako Estatutua 70. hamarkadearen amaieran onartu zan. 80. hamarkadako hasieran, halanda ze, Eusko Jaurlaritzeak lehenengo eskumenak jaso zituan Gobernuaren partetik, horreen artean trenbidearena. Beraz, EAEri trenbideak kudeatzeko eskumena edo boterea emon eutson eta Eusko Jaurlaritzeak 1982an Euskotren enpresa publikoa sortu eban.
Bizkaian, lehenengo lineatako bat Bilbao-Plentzia bitartekoa izan zan. Ondoren, Bilbo-Lezama, Lutxana-Sondika eta Matiko-Azbarren lineak be kudeatzen hasi zan Euskotren. Hori bai, linea horreek Euskotreni emon baino lehenago FTSek (Ferrocarriles y Transportes Suburbanos) kudeatu izan zituan eta egia esan, trenak, geltokiak eta materialak oso zaharkituta egozan. Horregaitik, Eusko Jaurlaritzeak 80ko hamarkadatik aurrera inbersino handiak egin behar izan zituan tren ekipamendua barritzeko eta modernizetako. Lehen adierazotako linea horreen ostean, Bilbo-Donostia eta Zornotza-Bermeo lineak transferidu ziran.
Linea horreek guztiz elektrifikauta egozan eta 1.500 boltioko korrontea eben. Eusko Jaurlaritzeak be linea horreekaz lotutako bost autobus linea be jaso zituan FTS konpainiaitik. Lehen aitatu dogun lez, tren sarea oso egoera okerrean egoan. Instalazinoak eta ibilgailuak edo bagoiak oso zaharkitutakoak ziran, izan be, Bizkaitik ibilten ziran tren gehienek 50 urte baino gehiago zituen.
Egoera horren ondorioz, 1975etik 1982ra bitartean, tren zerbitzuak bezeroen % 26 galdu eban. Holan, dana barritu behar izan eben: tren-geltokiak, trenak, katenaria , etab. Gainera, 1983ko urioleak prozesua zaildu eta moteldu egin eban eta barrikuntza lanen preminea areagotu egin zan. Horregaitik, 1984tik aurrera hasi ziran lehenengo pausuak emoten.
Kontuak kontu, 1982tik 1994ra bitartean Euskotrenek 200 eta 3100 serietako tren barri ugari erosi zituan. Horreetatik linea indartsuena Bilbao-Plentzia zan, izan be, baekien handik gitxira, metroaren inaugurazinoa dala-eta, trenbide tarte hori metroarena izango zala. Urte horreetan, 1969. urtetik bertan behera egoan Bilbao-Calzadasetik Ciudad Jardinera joian tartea martxan jarri eben. Horrek Bilbao-Lezama linean hobenkuntzak ekarri zituan, batez be, komodidadean. Horrezaz gan, sekulako autobus sarea be jarri eban martxan Euskotrenek osogarri moduan.
Euskotrenek barrikuntza lanakaz jarraitu eban eta Txorierrikoentzat 2015etik 2017ra arte egindako lanak ondo gogoratzen doguz. Lan horreen ostean Bilbao-Matiko linea martxan jarri eta Txorierriko geltokiak eguneratu ziran, baita Zazpi Kaleetakoa be. Azken honetan Euskotreneko eta metroko lineak geltoki berean alkartu ziran.
Dana dala, Euskotrenek oraindino erronka ugari eta linea barriak egiteko konpromisoari eusten deutso: Bilbo-Donostia linea oso motela da eta zeozer egin beharko litzateke linea eraginkorra eta hobea izan daiten, baina aurrerantzean ikusi beharko ditugu eraldaketa horreek guztiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
