Larreinetako funikularra

Erabiltzailearen aurpegia egoitz 2026-01-05 07:35   Antxinakoak Geurera

Artxandako funikularra ez da Bizkaian dagoan bakarra. 

Ezkerraldean beste funikular bat dago, aurten 100 urte beteko dituana: La Arboledako (Trapagaran) funikularra, Larreinetako funikularra izenagaz be ezagutzen dana. Trapagaran herritik La Arboleda auzora eroaten zaituana, hain zuzen be. Trapagaran Ezkerraldeko udalerria da, Meatzaldekoa. Eta udaletxearen inguruan 10.000 bat lagun bizi dira. La Arboleda Traparango auzo bat da eta 500 bat biztanle bizi dira bertan. Oso auzo ezaguna da, batez be, meatzaritzeagaitik. 1877an La Arboleda sortu zanatik txabola batzuk eregi ostean, XIX. mendearen amaieratik eta, batez be XX. mendean barrena, La Arboledan meatzari askok hango meategietan lan egiten eben, eta egia esanda, handik burdin asko ataraten zan.

Egun La Arboleda monumentutzat hartzen da 2002tik eta hurrengo lerroetan aztertuko dogun Larreinetako funikularra Euskadiko Ondasun kulturaltzat hartzen da 2014tik, urte horretan Eusko Jaurlaritzeak estatus hori emon eutsolako. Horren harian, zonalde horretan meategiak egozan eta behargin asko joaten ziran hara. Arrazoi horregaitik, 1926an Larreinetako funikularra inaugurau eben, eta lehen nabarmendu dogun moduan aurten 100 urte beteko dau funikularrak martxan jarraitzen baitau oraindino. Artxandako edo Igeldoko funikularrakaz konparauta, La Arboledara heltzen dan funikularrak ezaugarri berezi bat dau, izan be, ibilgailu horreetan joaten diren bidaiariak ez dira inklinatuta joaten gora edo behera joaten diranean, funikularra berez artez edo zuzen dagoalako eta doalako. Artxandako edo Igeldoko funikularrak ez bezela Larreinetako funikularra ez zan eregi turistak erakarteko aisialdiari begira baino eta langileen joan-etorrietarako.

Larreinetako funikularraren lanak gogorrak izan ziran, oso konplexuak, batez be inguruko orografiagaitik, izan be, bost urte behar izan zituen lan guztiak amaitzeko. Sasoi haretan miloe bat eta erdi pezeta kostau jakon administrazinoari funikularra eregite. Francisco Guinea injineruak planifikau eban obra osoa eta honen arduradunek 400 metroko desnibela gaindu behar izan eben. Bagoi bi daukaz, bata igoteko eta bestea bajatutek eta funikularrak 10 minutu inguru behar izaten ditu bide osoa egiteko. Bestalde, Suitzako Von Roll Holding enpreseak funikularrak behar zituan hornigai guztiak jarri zituan Artxanda eta Igeldoko funikularrakaz egin eben legez. Poleen bidezko sistema baten bitartez 1.100 metro baino gehiagoko ibilbidea egiten dau 10 minututan. Harik eta 1985era arte egurrezkoak ziran bagoiak, baina urte haretan beste bagoi modernoago batzuk jarri zituen.

Funikularra eregi baino lehen langileek oinez egin behar eben La Arboledako meategietara arteko bidea eta horretarako gitxi gorabehera ordu eta erdi beharizaten eben. Horreetako askok Arboledan geratzen ziran lo egiteko. Horren harian, ezin dogu ahaztu XX. mendean barrena hango meategietan 5.000 langile inguruk lan egiten ebela eta funikularra egiterakoan eta gehienak La Arboledan bizi ziran.

Kontuak kontu, orain hamarkada ugari lan egiteko meatzariek hartzen eben funikularra, gaur egun, bizkaitarrok eta Bizkaitik kanpo datozenek jarraitu geinke hartzen haren ibilbidean paisaje ederrak ikusten baitira, funikularraren edertasunaz eta esperientziaz gozetak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu