Ereaga inguruko errastu arkeologikoak
2025-07-21 11:14 Antxinakoak GeureraPunta Begoña Galerietan.

Ereaga Getxoko hondartza sano ezaguna da, udaro, milaka bizkaitar joaten dira; bertan, kirol-portua dago, zenbait jatetxe eta zinema bat, hau da, azken urteotan gainbeheran sartu dan aisialdirako zonaldea. Kirol-portuaren ondoan Bilboko itsasadarraren bokalea be dago. Beste aldean, hondartzearen ekialdean, oso ezaguna dan portu-zaharra dago, Algortako antxinako portua haren etxe zuri eta txiki tipikoakaz.
Leku horretan, Ereaga hondartzearen atzean dagozan galerietan, orain urte batzuk Kalkolito garaiko ezarmendua topau eben, gitxi gorabehera 5.000 urtekoa, Neolito eta Kalkolitoaren garaien artekoa. Beraz, aro haretako bizkaitarrak egungo Punta Begoñan bizi izan ziran. Bitxikeria moduan esan behar dogu Bizkaian Kalkolito garaiko ezarmendu nahiko gitxi topau dirala, gehienak Uribe Kostan, kostaldean edo kostaldik oso gertu.
Aurkikuntza arkeologiko horretan silexeko, zeramikako eta ikatz begetaleko zati oso txikiak topau dira. Halanda ze, ezarmenduko aditu eta arduradunek erabagi eben dana babesteko leku osoa estaltzea. Euskal Herriko Unibersidadeak zuzentzen ditu lanak eta zonaldeko ezaugarrien ondorioz uste baino gehiago belututean dagoz.
Ezarmendu nagusia Punta Begoñako galerietako goiko partean topau da. Galeria horreek 1919tik 1922ra bitartean eregi ziran Horacio Echevarrieta enpresariaren jauregiaren ondoan. Han Kalkolito garaiko etxolen hondakinak topau dira. Jakitunek uste dabe etxola horreek iragankorrak zirala eta ondorioz, mobidu ahal zirala. Beraz, Bizkaiko Kalkolitoko biztanleek ez zituen etxe oso iraunkorrak egiten leku horreetan. Argi dago kokapenagaitik ezarmendu horretako personak arrantzatik biziko zirala eta dakigunez Uribe kostan beste komunidade batzuk be ezarri ziran. Esaterako, Sopelan Landaluze izeneko ezarmendua topau da eta egin diran indusketek ondorioztatu dabenez ezarmendu hori Neolito eta Kalkolito garaien artekoa dala, hagaitik, gitxi gorabehera Punta Begoñakoaren garaikoa izango zan. Muriola, Munarrikolanda inguruko dolmenak eta Kurtzioko kasuak Uribe Kostan Neolito eta Kalkolito garaiko beste ezarmendu batzuk dira, baina beste batean ibiliko gara horreei buruz.
Getxoko Punta Begoña Fundazinoak udalagaz batera gida bisitatuak atontzen ditu asteburuetan gunea ikusi nahi dabenentzat. Oso prezio merkearen truke Kalkolito garaiko ezarmendua bisitau daiteke baita galeriak be. Ordubeteko bisitak izaten dira.
Arkeologoek jarraitzen dabe indusketak egiten pentsaurik zonaldean errastu askoz gehiago topauko dituela, izan be, erdia baino ez dabela topau uste dabe. Indusketa horreek lagunduko deuskue hobeto ulertzen orain 5.000 urteko bizkaitarrak zelan bizi ziran inguru horretan.
Momentuz, gauza gehiago jakin nahian, Punta Begoña Fundazinoak atontzen dituan bisitetara joan beharko dogu hango galeriak, errastuak eta hain zaharra ez dan gerrarako erabilitako gunea ikusteko. Horreezaz gan, Fundazinoak barriketaldiak eta seminarioak atontzen ditu inguruko ondare historikoaren garrantzia zabaltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!