Joan Antonio Mogel eibartarrak euskereaz idatzi eban, gehien bat, bizkaieraz

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2025-12-03 13:29   Antxinakoak Geurera

Eta euskerea maite eta erabili eban.

Joan Antonio Mogel. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur Nazinoarteko Euskerearen Eguna ospatzen dogu. Euskerea gure hizkuntzea da, euskaldun guztiona, baita bizkaitarrona be, eta gure ondasun handi hau babestu eta jagon behar dogu. Eta egunero lagun, lankide eta familiarrakaz erabiltea baino modu hoberik ez dago euskereari bizirik manteniduteko. Orain mende bi eta erdi, Joan Antonio Mogel eibartarra bizi izan zan, euskereaz idatzi eban (gehien bat, bizkaieraz) eta harek be euskera maite eta erabili eban.

Egia esanda, egungo testuinguru historikoagaz konparauta Mogel jaio zaneko garaia oso ezbardina zan. Mogel Aro Modernoaren amaieran bizi izan zan, XVIII. mendearen bigarren erdialdean. Garai haretan bizkaitarrak gurdiz eta zaldiz mobiduten ziran leku batetik bestera, bideak lurrezkoak ziran, ez zan oraindino elektrizidadea sortu eta bizitza itxaropena egungoa baino bajuagoa zan. Urte horretan ilustrazino garaiko ideak zabaltzen hasi ziran eta horrek biztanleen bizi kalidadea apur bat eragiten hasi bazan be eta Foruaren arabera – gure arautegi nagusia- guztiok legearen aurrean berberak ginan arren-pobrezian bizi ziran nekazari eta langile bizkaitar asko. Jauntxo boteretsuak euren lurren jaubeak izandako nekazariei lurrak erosten eutsiezan eta horren ondorioz, nekazariak maizter bihurtzen ziran. Horri gehitzen badeutsagu uzta txar ugari egon zala mende haretan bizkaitar andana baldintza okerraka bizi behar izan eban. Ganera, mendearen amaieran Konbentzino Gerrea hasi zan; frantsesek Bizkaia inbadidu eben eta gerra honen ondorioz bizkaitarrak arabere gehiago gehiago pobretu ziran; alde batetik, iraultzaile frantsesek hondamendi handia eragin ebelako, eta bestetik, gastu militarrei aurre egiteko Bizkaiko Aldundiak zergak igon zitualako herritar xumeen kontura. Egoera larri horretan bandolerismoak indarra hartu eta lapurreta eta lapur kopurua be igon egin zan.

Gauzak holan dirala, XVIII. mendearen erdialdean Juan Antonio Mogel jaio zan Eibarren, 1745ean. Jaiotzez gipuzkoarra zan arren, Markinan urte asko emon zituan; beraz, bizkaieraz berba egin eta idazten eban. Idazlea eta abadea izan zan eta bere obrarik nabarmenetakoa Peru Abarca eleberria izan zan. Eleberri hau nahiko ospetsua da euskeraz idatzitako lehenengoa izan zalako. Bitxikeria bezela esan, Peru Abarca 1881ean argitaratu zala lehenengo aldiz, autorea hil urte eta handik 71 urtera.

Haren obrarik ezagunenean, Peru Abarca eleberrian, autoreak XVIII. mendebaldeko Bizkaiko baserritarren eta oro har landa munduko bizimoduaren barri emoten deusku, Bizkaiko baserritarren arteko hartu-emonak eta horreek zituen ohiturak be eleberrian islatzen dira. Horrezaz gan, sasoi haretako jauntxoen bizitea eta nekazariakaz zituen hartu-emonez be berba egiten dau autoreak. Hori guztia, hasikera eta akaberarik ez daukan historia batean, personajeen alkarrizketetan oinarrituriko istorio bikain honetan. Testuan be, Bizkaiko baserrietako abereak aitatzen dira, baita basoetan bizi ziran piztiak, eta euren ezaugarriak. Horreek ezeze orduan gehien egozan landare eta arbolei buruz be egiten dau berba idazleak, eta zelan ez, nekazarien lanak eta egin beharrrak zeintzuk ziran azaltzen ditu Mogelek Peru Abarca liburuan. Mogelen lanak, beraz, gure lurraldeko etnografian sartzeko bidea erakusten dau.

Mogelek eleberri hau idazteaz gan, hizkuntzalaritzeari eta euskeraren jatorriari buruzko hainbat lan egin zituan. Gehienetan euskereak hizkuntza aurre-erromanikoakaz eta iberismoa eukan loturea jorratzen dau. Baskoiberismoaren defendatzailea izan zan.

Bestalde, bizkaieraz eta gipuzkeraz erlijino lan batzuk itzuli zituan: Konfesio eta Komunioko sakramentuen gañean erakasteak (1.800. urtean) gipuzkeraz edota Konfesino ona (1.803) eta Kristabauren jakinbidea (1805), azken biak bizkaieraz.

Euskal Herriaren Adiskideen Alkarteko kidea izan zan eta 1.770etik Aurrera Markinako abadea izan zan. Mogelek garai haretako intelektual askogaz hartu-emonak izan zituan, besteak beste, Xabier Maria de Munibe eta Idiazquezegaz (orduko Peñafloridako kondeagaz), Humboldt geografo eta naturisteagaz edota Felix Maria Samaniego idazleagaz. Pedro Antonio Añibarrogaz batera Mogel bizkaierazko literaturearen aurrendaritzat hartzen dira.

Mogelen lobea, Bizenta Mogel idazlea, euskeraz idatzi eban lehenengo emakumea izan zan. Batez be, umeentzako ipuinak idatzi zituan eta, beraz, ha be erreferente bihurtu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu