Galdames eta bertako tenplu erlijiosoak
2025-09-22 10:00 Antxinakoak GeureraSan Pedro, San Esteban eta Santa Maria de Montellano eleizak, hain zuzen be.

Galdames herrian dagozan hiru eleizen inguruan egingo dogu berba. Galdames Enkarterriko herri bizkaitar txikia da. Besteak beste, ezaguna da balio arkeologiko eta historiko handiko kobazulo bertan dagoalako: Arenazakoa. Koba haretan, paleolito garaiko labar-artea topau da, baita meatzaritza-ustapeneko errastuak be. Uraiagako leizeak be aparteko garrantzia dau herrian. Bertan Santa Maria Magdalenaren akorduz eta ha gurtzeko baseleizea eregi zan eta urtero, garagarrilaren 22an, haren oroimenez, jaia egiten da.
Galdames herri txikia da. Egun, 850 bat lagun baino ez dira bizi, baina XX. mendeko bigarren hamarkadan 3.500 bizilagun inguru egozan herrian. Gehienak labrantza eta abeltzaintzatik bizi ziran, baina beste batzuek lehen egozan meategietan lan egiten eben. Udalerri bizkaitar horretan hainbat auzo dagoz: Concejuelo, Garay, Montellano, San Esteban de Galdames, Atxuriaga, Txabarri, Humaran, Larrea eta San Pedro de Galdames (bertan udaletxea dago).
Galdamesen 3 eleiza dagoz eta hurrengo lerroetan euren ezaugarriak labur adierazoten saiatuko gara; herri hau Oña monasterioren eremupean egoan Erdi Aroan. Galdamesen dagozan eleizak, lehenengo, Burgoseko Apezpikutzearen menpe egozan, gero Santanderrekoaren menpean, ondoren Gasteizekoarenean eta 1950etik aurrera Bilbokoaren Gotzaindegiaren menpean. Ondokoak dira Galdameseko eleizak: San Pedro, San Esteban eta Santa Maria de Montellano.
San Pedro
Eleizea udaletxeko auzoan dago. Lope García de Salazarren ustez, Garci Sanchez de Palacio eta Sancho Momes de Someano jauntxoek eregiteko agindua emon eben orain dala mende asko, Erdi Aroan. Beste batzuek, barriz, uste dabe Bizkaiko jaunek erosi ebela Bizkaiko jauna ez zanean Gaztelako erregea oraindino.
XVI. mendean berreregi ei zan, baina 1819ko urakan baten ondorioz suntsitua izan zan. Baina handik urte gitxira, barriro be, berreregi eben. Aldundiak edalontzi sakratuak eta apaingarriak ordaintzen lagundu eban. Iturrizaren ustez, Erdi Aroan eleiza horren inguruan 800 bat eleiztar egozan; bestalde, eleizearen menpean 4 errota egozan, baita noria 2, teilagin bat eta 8 baseleizea be. Lau onuradun egozan eta lau horreen arten hiruri urtero patroiek 14 dukatu emoten eutsezan.
San Pedroko eleizaren ondo-ondoko parrokia Santiago de Loizaga da, baina adituek San Pedro eleizearen gehigarria dala dinoe, besteak beste, San Pedro eleizeari itsatsita dago-eta. Lehenengo eraikinetik zorua baino ez da eusten eta gainontzekoa XVII. mendean eregi eben. Tenplu zaharrean Santa Ursulako erlikiak gordeten ziran. Loizaga Torrearen armarria ikusi daiteke eleizearen fatxadan, izan be, familia horretako jaunak parrokia horretako patroiak ziran. 16 etxe eta 64 personak lotura zuzena eben parrokia horregaz eta San Pedroko onuraduna arduratzen zan auzotarren artean hamarrena kobretan. Urteak aurrera egin ahala, eta egileek esaten daben lez, inguruko meategiak ustiatzen hasi ziranetik parrokia edo baseleizea abandonauta geratu zan.
San Estebango eleizea
1212an Bizkaiko jaunak, On Diego Lopez harotarrak, fundau eban eta lehen aitatutako Loizaga patronatuaren menpe geratu zan. Onuradun bakarra egoan eta uste dabe XVI. mendean 16 dukadu inguru jasoten zituala urtero haren lanagaitik. Eleiza horren eraginpean 4 burdinola, errota 2 eta baseleiza ugari egozan. Mendeak aurrera joan ahala hainbat barrikuntza egin dira.
Santa Maria de Montellano
XV. mendetik aurrera eleiza independentea da, San Pedroko eleizatik banatu baitzan 1495ean. XX. mendeko Gerra Zibilean suntsitua izan arren, 1948an berreregi eta 23 etxe eta 110 persona inguruk lotura zuzena eben eleizeagaz lagun horreek han jaunartzea egin ebelako. Haren eraginpean noria bat eta ermita bi egoozan. Muskizeko Santalices etxeko jaunak haren patroiak izan ziran. Onuradun bakarra egoan. Bestalde, Galdamesera bagoaz eleiza horreezaz gan, baseleiza ugari topauko doguz baina guztietatik Nuestra Señora de Txabarri da garrantzitsuena. Urallaga koban dago eta XVI. mendean eregi zan.
Beraz, Galdamesera joaten bagara eleiza eta baseliza ugari topauko ditugu mendiz eta meategiz inguratuta dagoan herri bizkaitar liluragarri horretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!