Gerra Zibila Lekeition

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2025-09-05 09:04   Antxinakoak Geurera

Gerrak gogor jo eban herri bizkaitarretako bat izan zan.

Gerra Zibileari buruz egingo dogu berba; halanda ze, Lekeition jarriz fokua. Beraz, ahozko historia apur bat egingo dogu 2009an orduan bizi ziran Gerra Zibileko biziraule batzuei egindako alkarrizketa batzuetan oinarrituta lehen eskuko informazinoa emoten saiatuko gara.

Egun telebista biztuz gero Gazan edo Ukraniako gerren inguruko albiste penagarriak entzun behar izaten doguz. Horreek dira gehien komentetan diran gatazkak, baina ez dira bakarrak, izan be, Afrikan beste hainbeste gerra dagoz. Gazako hondamendiak, eta beste neurri batean Ukraniako inbasinoak jente askorengan ezegona, frustrazinoa eta amorrua eragin ditue. Sentimendu horreek bideratzeko eta adierazoteko Gazan, batez be, ikusten ditugun sarraskiak salatzeko protesta ugari sortu dira gure urietan eta auzoetan. Azkena, Espainiako Itzuliko Bilboko etapan. Egoera gogorra da eta ez dira erraz irensten gerrak ixten dituan irudi eta ondorioak. Gure herrian, dauela 90 urte, holako zerbait sufridu behar izan genduan.

Lekeitio Gerra Zibileak gogor jo eban herri bizkaitarretako bat izan zan. Kostaldeko herria lehenengo lerroan egon zan eta herrira errefujiadu asko heldu ziran. Horrezaz gan, gudari eta miliziano ugari herrian sakabanatu ziran eta nazinonalak heldu ziranean Frankoren aldeko tropek herria okupau eben. Ganera, lekeitiarrek bonbardaketen ondorioak sufridu behar izan zituen. Biztanleek gosea pasau eben eta askok eta askok atzerrira joan behar izan eben frankistak heltzean, ume eta gazte asko tarteka.

2009an grabau ziran bideoen arabera, gerrako lekukoak ziranak, besteak beste, esaten eben hasieratik bonbardaketak egon zirala eta inkluso 7 urteko ume bat hil zala bonba bat bere ondoan jausi eta leher egin ebalako, halanda be, jente gehiago hil omen zan herrian. Lekukoek be esaten dabe kobazulotara joaten zirala babestera edo etxean bertan babesa hartzen ebela. Frontoian edo portaletan, jenteak ahal eban lekuan ezkutatzen zan. Zuloak eta subterraneoak edo lurpeko bideak be sortu ziran. Leku askotan zakuak jarten zituen euren babesa indartzeko. Baserri baten bizi zan gizon batek eutson, leihoetan tablak edo oholak jartzen zituela balak ez pasetako. Gizon horrek be esaten dau haren baserria frontean egoanez bere kortan soldadu ugarik lo egin ebela, baita etxean jan be. Andra batek dino Lekeition aduana egoala; hasieran bertan Errepublikako bandera egoan, beraz Errepublikak eta Eusko Jaurlaritzeak kontrolaten eben aduana hura, baina Lekeitio frankisten esku geratu zanean aduana herriko beste leku batera eroan eben, frankistek aduanen kontrola eskuratuz.

Errepresino nahiko egon zan herrian. Barku bat heldu eta lekeitiar eta inguruko gazte asko sartu zituen: batzuk fusilatuz, abertzaleenak ziranak hizlari baten arabera, beste batzuk kartzelara eroan edo kontzentrazino esparruetara bidaltzen zituen. Batek gogorarazoten dau haren senide edo lagun bat Extremadurako kartzela batera eroan ebela, benetan txarto pasatuz. Baita haren senidea be, gose zanez belarra eta guzti jan behar izan eban. Frankistek, antza danez, atxilotutako gazteei aukera bi emoten eutsezan: kontzentrazino esparruan jarraitu edo legionario bihurtu, Frankoren alde. Emakumeak be zigortzen zituen, esaterako ulea moztuz edo erretxina-olio iruntsiaraziz.

Frankistak ailegau ziranean bizilagun ugari ebakuatu zituen, Frantziara edo beste leku batzuetara eroanez. Heldu bezain laster, mediku-azterketak egiten eutsezan. Gizon batek aitatzen dau Bilbon euskal pesetak zituala: arabere gehiago, gauzak erosteko balio ebala.

Kontuak kontu, labur adierazo dogu zein zan 2009an jasotako lekeitiarren testigantza gerra zibilearen eta bizi izandako gertaera mingarrien inguruan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu