Sestao XIX. mendeko lehenengo industrializazino garaian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2025-08-06 08:28   Antxinakoak Geurera

Urte gitxitan populazinoa hirukoiztu egin zan.

XIX. mendearen lehenengo zatian Sestao herri txikia zan. Adituen arabera XIX. mendearen hasieran Sestaon 370 bat biztanle bizi ziran eta 70 baserri inguru egoazan. Gainera, garai hatan Sestao ez zan herri independentea, izan be, Muskizeko Haraneko Hiru Kontseiluen parte zan. Halanda be, Gernikako juntetxeetan eserleku propioa izan eban Aro Berri osoan. XVIII. mendearen amaieratik aurrera Bizkaian egon ziran gerra guztiek edo gehienek eragina izan eben Sestaoko herri txikerran; Konbentzio gerra, Gerra Karlista biak...

Dana dan, bigarren Karlistaldiaren ostean dana aldatu zan. Aldez aurretik, XIX. mendearen erdialdetik aurrera Meatzaldeko burdina garraiatzeko trenbideak eregi ziran eta handik urte batzuetara, 1879tik 1890era bitartean hain zuzen be, hiru lantegi handi eregi ziran herrian industrializazino prozesua hasiz: 1879ean San Francisco lantegia inaugurau zan, 1882an La Vizcaya eta 1889 La Iberia. Moltso horri guztiari Labe Garaiak izenagaz ezagutzen da. Lantegi barri horreen hasieragaz be Sestaoko biztanleria asko hazi zan kanpotik jente asko joan zalako lantegi horreetan lan egitera. Beraz, herri txikia izatetik herri industriala izatera pasau zan. Horreezaz gan, garai hatan La Aurrera be inagurau zan, baita La Babcock Wilcox eta La Naval, Astilleros Nervion be. Urte oso gitxitan Sestaon lantegi asko ezarri ziran; gehienak burdinezko laminak, piezak edo itsasontziak egiteko enpresak ziran eta lehen esan dogun lez, kanpotar ugari etorri ziran Sestaora behar egitera, eta, bide batez, bizitzera. Horrek, Sestaoko populazinoa biderkatu eban.

Datu esanguratsu bat esatearren 1875ean oraindino 350 persona bizi ziran Sestaon. Handik bi urtera, barriz, biztanle kopurua hirukoiztu zan. Hamar urte geroago, 1887an, biztanleria barriro hirukoiztu zan eta daborduko 3.400 lagun bizi ziran Ezkerraldeko herri horretan. Soziologoen arabera, lehenengo urteetako etorkinak Bizkaiko eta Euskal Herriko beste herri batzuetatik zetozen: Txorierriko jentea, Gipuzkoako Goierrikoak, arabarrak eta nafarrak. Gehienak, Ibar Barrian ezarri ziran. Handik urte batzuetara galego eta gaztelau asko etorri ziran. XX. mendearen erdialdean etorritakoak gehienak Extremaduratik edota Andaluziatik zetozen.

1850ean inguruan Kubako gerran hainbeste inplikau zan Conde de Valmasedaren laguntzari esker aldapako lehenengo udaletxea eregi zan. Horrezaz gan, Portugaleterantza zihoan bidean Rivas eta Chavarri kaleak eregi ziran. Industrializazino prozesua hasten eta garatzen lagundu eben enpresa bien autortzaz jarri eutseen izena kale horreei.

Bestalde, herriko garraio sistemearen inguruan gogorazo behar dogu 1876an lehenengo tranbia martxan jarri zala (animaliek bultzautakoa). Handik 20 urtera elektrifikautako tranbia jarri eben. 1890an, barriz, herriarentzako oso garrantzitsua izango zan eraikina altxau zan: Rebonzako babes-etxea. Ezin dogu ahaztu industrializazinoaren ondorioz etorkin asko etorri zala Sestaora bizitera; eta lehen aitatu dogun lez, urte gitxitan Sestaoren biztanleria biderkatu zan. Baina, tamalez lehenengo urte horreetako lan baldintzak oso txarrak izan ziran. Langileek ordu pila bat egon behar eben lantegietan eta diru gitxi irabazten eben. Horren ereginez, pobrezia asko areagotu zan herrian eta babes-etxe horren bitartez agintariek oso egoera txarrean bizi ziran sestaotarrak edo ingurukoak hartu ahal izan zituen.

Zenbait urte geroago, Gerra Zibilearen bezperan Miserikordia Etxea eregi zan, gizarte-ekintzarako beste eraikin garrantzitsu bat izan zana. Bertan, batez be, umeak hartu zituen: umezurtzak ziranak edota gurasoek jagon ezin zituenak. Oso zentro garrantzitsua izan zan XX. mendearen erdialdean. 

Holan, Sestao erabat aldatu zan 1875 urtetik aurrera: Bigarren Karlistaldia amaitu eta gero, inguruan eta herrian sustatu zan industrializazinogatik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu